Erabakitze eskubidearen bandera

Erabakitze eskubidearen bandera –

Zein da herrialde gutxituek burujabetasuna lortzeko estrategia politikorik errentagarriena: independentzia aldarrikatzea ala erabakitzeko eskubidea eskatzea? Hara auzi honetan, bigarren hautuaren lehenestearen zenbait arrazoi.

Erabakitze eskubidearen bandera
Arg: Beñat Hach Embarek (ZuZeu)

Kronika hau idazterakoan inspirazioak harat hunaten potentzialtasunaren gainbeherak aldi huntan beste kronika egile batzurenganat eramanen nau. Alabainan, duela gutxi euskal kazetari eta sindikalgintza munduko bi kronikagileen burutazioek aski inspiratu nautenez, iritzi hauek ditut zuekin partekatuko.

90 hamarkadan jadanik intelektual batzu hasi ziren “burujabetza edo lurraldetasun” konzeptuak sakontzen, ainitzetan ezkerreko mundu euskaltzale/abertzalean isladatzen ziren intelektual edo analista horiek. Aski fite ildo abertzale politikoan kokatzen ziren hainbatek beretu zituzten bi konzeptu horiek, izan EAJ edo ezker abertzale ildokoak. Bi konzeptu horiek ezaugarri nagusi baten inguruan oinarritzen dira. Gutxi gorabehera espainiar (edo frantses) estado formaren mimetismo bati obeditzen diote.

Ramon Zallok duela gutxi berriz bereganatzen zuen kronika batean ideia berdinaren bandera hori “erabakitze eskubidearen pertinantzia politikoa” titulupean. Laburbiltzen zuen gaur egungo Gasteizko parlamentuko ordezkari politikoen indar korrelazioa ikusita hiru alderdi (EAJ, EH Bildu eta Podemos) % 76a erabakitze eskubide horren aldekoak direla. Bere ustetan erabakitze eskubidea konzeptu autokonstituientea da, ez da soilik elite batek bereganatutakoa eta legezkoa den instituzio politiko batek aldarrikatuz gero, juridikoki segurua eta ataka ezina bilaka daiteke… Zalloren ustez erabakitzen eskubidea forma instituzional batean aldarrikaturik bada, printzipio demokratiko hutsa eta herrikoia bilaka daiteke Europari eta ONUri begira adibidez.

Borroka politiko berritua

Beti Ramon Zalloren ustetan erabakitze eskubidearen aldarrikatzeak baditu abantaila edo potentzial haundiak, independentzia edo autodeterminazio aldarrikatzeak baino askoz haundiagoak gainera. Posizio politiko konkretuagoa, hurbilagoa, praktikoagoa, baketsuagoa eta “konzentizaleagoa” da.

Ondorioz ahalmen politiko haundiagoa dauka eta erreztu lezake indar politiko ezberdinen arteko programa minimo bat, epe labur eta ertainean dinamika eta ilusio berriak sortuz, nahiz eta helburua oso (gehiegi?) pragmatikoa izan.

Ikuspegi berdinetik, eskubideak ez dira sekulan zerutik erortzen, ez ditu nehork oparitzen eta soilik epe luzerako indar txikiez eta prozesu konkretu eta “minimalistak” irekiz dira eragile ainitzak eta desberdinduak batuz lortzen. Ondorioztatzen ahal daiteke, beraz, perspektiba horri ipar orratza emanez borroka politiko berritu bat aktibatzen dela, zeinetan instituzio legezko batek eragindako bide orria “podere herrikoi estrategia” bat bilakatzen den. Zentzu hortarik erabat iraultzailea ere bilaka daiteke, funtsean kontrapodere ere bilakatuz, ordezkaritza sistema demokratikoa ere nolabait gaindituz.

Indarren batzearen premia

Hau guztia erranik, Ramon Zallo eta ELA sindikatuko Xabier Anza bat datoz azpimarratzeko Gasteizko parlamentuko indar korrelazio hori aktibatuz ere, ez litaikela aski estatua(k) mugiarazteko.

Anzaren iduriko ez da aukerarik Katalunia edo Euskal Herria eta Espainiaren artean elkarrizketa bilateral bat bideratzeko, fede onez eta parekotasun osoan oinarriturik. Espainiak bere burua azkar eta gaindiezin dauka. Bere lurralde osoaren batasuna inposatzeko gai da, nahiz eta bere “barneko” nazio batek milioika herritar mobilizatu bestelako estatus politiko baten alde. Gogortasun politiko horretatik ondorioztatu daiteke erabakitze eskubidearen lortze bide luze hortan tantoak eskuratzekotan gaur egun Katalunian edo Euskal Herrian lortu den indar metaketa ainitzez handiagoa eta zabalagoa, kasik monumentala lortu behar litzatekeela.

Zallo eta Anzak zehaztasun handirekin bururatzen dute aholkatuz erabakitze eskubidearen bandera politiko gisa aldarrikatzekotan “indar akumulazio monumental” bat lortuz soilik dela estatuarekiko konfrontazio tresna eraginkor bilakatzen hasiko.

Biek azpimarratzen dute konfigurazio hortan Podemosek daukan zeregina, Katalunian eta Euskal Herrian bidelagun rola nahitaezkoa izan behar luke.

Bide hortan beren burua espainiartzat daukaten beste eragile politiko batzu ere (PSOE?) aglutinatu behar lirateke goiz edo berant.

Katalan proces delakoak ez du Kataluniaren independentzia lortuko. Bainan beste helburu bat lortu lezake, hala eta guztiz ere. Espainia mailako prozesu konstituzio egile bat aktiba lezake agian, zeinetan “erabakitze eskubidea” bilaka daitekeen aldarrikapen taktiko bat Espainiaren berezko aldaketa edo egokitze bide orri batean adostua.

Gisa horretan Katalunia eta Euskal Herritik bermoldatu daiteke Espainia.

Andde Sainte Marie -Enbata.info

Erabakitze eskubidearen bandera
autodeterminazio eskubidea, erabakitze eskubidea, Erabakitze eskubidearen bandera, estrategia independentista, Euskal Herria, Katalunia
Andde Sainte Marie

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.

3 pentsamendu “Erabakitze eskubidearen bandera”-ri buruz

  • Espainia birmoldatzea helburu espainolista bat da. Frantzia birmoldatzea helburu frantximenta. Abertzaleok gure herriaren askatasuna, independentzia nahi dugu. Utikan Podemos eta “erabakitzeko sasi-eskubidea”!

    • Arrazoi osoa. Eta era berean burujabetza lortzeko estrategia politikorik errentagarriena herria bera zabaldu eta indartzea da.

      Urteetan borroka politikoak erabateko zentralitatea eduki du herri honetan, gainerako aspektuak zeharo bazter utzita. Borroka demografikoa, euskararen zabalpen eta garapena, botere ekonomikoa, elikagai subiranotasuna, energia burujabetza…

      “Gure” lider politikoak espainiar eta frantziar gorabehera politikoetan zentratuta egon dira, eta gainerako arlo guztiei ez zaie inolako garrantziarik eman orain arte. Eta horiek gabe, herri indartsurik gabe, ezinezkoa da burujabetza.

      Honelako sinplea bezain tristea da errealitatea. Gaur egun ez dago estatu propio bat eratzeko inolako baldintzarik, gure herria gainbeheran dagoelako aspektu guztietan. Gainbehera honi buelta ematea dagokigu orain, ondorengo belaunaldiek askatasunerantzko bideari indar handiagoz ekin diezaioten. Hau bai dagoela gure esku

  • “Indar akumulazio monumentala” lortu zuten Katalunian alfer-alferrik.
    Espainia bermoldatzeko modu bakarra independentzia eskuratzea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude