Erabakita neukan

images.jpg
Behingoagatik, oso argi neukan Espainiako hurrengo bozketetan zer egin: abstenitu. Egia esan, horretarako tendentzia natural xamarra ere badut aspalditik. Hendaian bizi naizenez, ez dut Elgoibar jaioterriko udala hautatzeko boturik emateko ohiturarik, iruditzen baitzait ez dela zilegi ni hemen bizi eta han nire botuak eragina edukitzea. Pentsatzen dut: han daudenek euren neurriko udala behar dute, ni ez naiz nor. Gauza beretsua hasi zait gertatzen autonomikoetan ere: Akitanian, Pirinio Atlantikoetan edo nik ez dakit non arraio bizi naizenez, ez dagokit niri Gasteizko koloreak erabakitzea, ez eta Gipuzkoako Diputazioarena ere. Eskubidea dudan arren horietan guztietan bozkatzeko. Hendaiako udal hauteskundeak ere aurki dira, baina hemen ere baditut arazoak, aurkezten diren hiru zerrendetako buruak ezagutzen baititut eta hiruak abertzale izanik —nor bere modura—, ez baitit grazia handirik egiten inori bozka ematen ibiltzeak, elkarrekin joan behar luketela iruditzen baitzait, ganorazko ezer lortzeko. Espainiako Kongresurako ere, beti pentsatu izan dut espainiarren problema dela hori, eta ez dagokidala, ni ez bainaiz halako. Baina, esan bezala, beste mota bateko arrazoiengatik oraikoan guztiz argi neukan zer egin: abstenitu. Horixe pentsatu dut “atzerrian bizi naizenez” bozkatzeko paperak aurretiaz jaso ditudanean. Izan ere hainbeste lagun on kartzelan ikustea, hainbeste jende euren aukera aurrera atera ezinda egotea…, jasangaitza egiten zait: faxismoa da izan (niretzat) Estatu Demokratikoa izena duen hori. Baina hara non ETAk ere abstentzioa eskatu duen, Euskal Herriaren izenean, gainera. Eta akabo neukan erabaki irmoa. Ez nuke nahi, inola ere, nire abstentzioa haien kontabilitatean zenbatzerik, bai baitaude niretzat gauza okerragoak zapaldua izatearena baino. Beste zerbait erabaki beharko, beraz. Mekauen zotz.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

8 pentsamendu “Erabakita neukan”-ri buruz

  • Boto “zuria”ren aukera ere hor dago. Agian politikari guztiak espabilatzeko, edo benetan zerbait pentsatzera behartzeko bidea izan daiteke Saramagoren “Ensayo sobre la lucidez” liburuan egiten duten antzera. Niri aukera ona iruditzen zait. Abstentzioa, utzikeria eta paso egitearekin lotzen ditut, ez baitakit nola egin daitekeen “Abstentzio aktiboa”.

  • Gauza bera gertatu zait neri. Botoa ematera bultzatu nau ETAk. Tristea, baina horrela da.

  • Neri gauza bera gertatu zait, ETAk bozka ematera bultzatu nau. Tristea.

  • Beti bozkatuko duzue ETAk eskatzen duenaren desberdina?

    Aukera guztiak ahalbidetzen ez dituen hauteskunde hauetara aurkezten diren guztiek egiten dute bozkatzeko deia, baita ilegalizazioa edo tortura babesten dutenek ere. Ez al dute beraien kontabilitatean sartuko zuen bozka?

  • Nirea ez, Dina, zin dagizut.

  • Barkatu, Dina, ez diot zure lehenengo galderari erantzun: “Beti bozkatuko duzue ETAk eskatzen duenaren desberdina?”. Ez dakit, ikusi beharko. Eztabaida luzea (luzeegia) litzateke, eta sarrera hau ez zen horretarakoa. Baina ETAri buruz, aspalditik pentsatzen dut Aingeru Epaltzak bere BEZPERAREN BEZPERA (Pamiela) liburu gogoangarrian dioen gauza bera: “Egun, gauza berez zailak ezinezko egiten dituen erakundea baizik ez da jadanik”. Mila bider idatzi eta esan dugu hori, ehunka jendek, abertzalek eta ez abertzalek, ezkerrekok eta eskuinekok, gainekok eta azpikok… ETAk berak Bidarteko erorketa baino lehenagotik daki hori horrela dela, bere borroka ez dela jada iraultzailea, ez dituela askatzaile izateko baldintzak betetzen… Ez dakit bide berririk ba ote dagoen, ez eta ere zer lortuko genukeen han elkarrekin ibilita. Baina badakit, ederki jakin ere, ETA gaur traba dela bidean elkarrekin aurrera egiteko. Ez da bakarra, ez handiena akaso, baina traba itzela bai, bada. Horretan ez daukat zalantzarik. Eta Euskal Herriaren izena errazegi erabiltzen ohituta dagoela ere bai. Besteak, beste.

  • Luzeegia bai eztabaida, zoritxarrez beste batean izango dugu aukera… pardel eta biberoien artean astirik ez eta barkatuko didazu zure aurreko sarreraren neurrira hurbiltzea.

    Ez dut guztiz bat egiten zure hitzekin ETAren aurka.

    Guztiz bat egiten dut zurekin ETAren hitzen aurka, zu ere maite zaitudalako patri maitia. Orain? Ez nuen unea topatzen eta hau beste edozein bezain egokia edo desegokia izango denez… bota dut, azkenean.

  • Osoki bat egiten dut zure gogoetekin. Eta uste dut gaur eguerdian gertatu den hilketak ez diola inori mesederik eginen. Euskaldunoi ez, gutxienez. Hala ere, badaukat itxaropen bat: aro zahar baten bukaeran eta berri baten hasieraren bezperan gaudela. Intuizioa da. Ea hala den…