Erabakiak

Erabakiak – 

Batzuentzat amets gaizto. Beste batzuentzat ikusezin. Batzuentzat garrantzitsu. Beste batzuentzat baliogabe. Bizitzako gako puntuala batzuentzat, elementu hutsa beste hainbatentzat. Denok egin dugu topo lerro hauetako protagonistekin. Denok egin behar izan diegu aurre. Denok pairatu dugu horien ondorioren bat. Pertsona zalantzatien etsai, ziurrenen mehatxu noizbait: erabakiak. 

Gazte gaztetatik hautuaren plazan jartzen gaituzte. 12 urterekin saskibaloia, futbola edo hockeya. 16 urterekin letrak edo zientziak. Batxilergoa egin edo ez. 18 urterekin unibertsitatea, lanbide heziketa edo bietako bat ere ez. Hautu horiek etorkizuna bide batetik edo bestetik eraman dezaketela sentitzen dugu.

Hautu garrantzitsuak dira. Oso gaztetan egiten direnak. Zeharo galduta gauden etapa horretan.  Pertsonalitaterik ez dugun aroan. Erabaki pertsonalen aurretik, erabaki kolektiboak gailentzen diren une horretan.

Adibide bat. Futbola aukeratu nuen, taldea desagertu zen. (Badakizue, zelaian txekorrei tokia utzi behar zitzaien, 12 urteko neskatilek osatutako talde bat izan zen lehen biktima, noski. Topa zuengatik, Antiguoko). Kuadrila ia osoak saskibaloia egiten zuen eta beraz, oso argi dago zein izan zen aukeraketaren irabazle. Saskibaloia egin nahi nuen? Ez dakit.

Erabakiak
Argazkia: getty

DBH 4. Irakasgaien lehen aukeraketa. Garai horietan medikua izan nahi nuenez (baikorra nintzen bai), zientzietatik joatea erabaki nuen. Nire inguruko lagunen eta ikaskideen erabakien eraginpean, noski. Zientzietatik joan nahi nuen? Medikua izan nahi nuen? Momentuan ez nuen ezer argi. 

Ez nuen asmatu. Batxilergoan letretara pasatzea erabaki nuen, baina gauza bera egin behar zuten beste 5-6 ikaskideren berri izan aurretik, ez nuen nahikoa ausardia horrelakorik egiteko. Beraz, 5-6 ikaskide eskutik emanda pasa ginen letren mundura. Ziur nago, bidelagun izandako horiek nire une horretako existentziak lasaitu egin zituela ere.  Batxilergoa bukatu eta zer ikasi erabakitzeko unea iritsi zen. Erantzukizun gehiegi pertsona zalantzatientzat. Kazetari izan nahi nuen, baina “mundu horretan ez dago lanik” eta antzekoekin elkarbizi behar nuen egunero. Gustukoa egin edo etorkizunean pentsatu, hortxe erronka. Selektibitatea egin nuenean oraindik ez nekien zer ikasi. Baina erabaki behar. 

Komunikazioa hautatu nuen. Nahi nuen hori aukeratzera ausartu nintzela esango didazue. Ausardia gutxi, badaezpada zuzenbide graduarekin uztartu bainuen gogoko nuen hori. Badakizue, badaezpada. Ikasketetan hasi eta gustura negoen edo ez baloratu behar. Ez nuen balorazio hori egiten jakin. Inguruan hautatutakoarekin gustura ez zegoen jende asko nuen. Normala da lehenengoan ez asmatzea. Normala da hautu hori egitean kanpoko hainbat faktoreren eragina izan duzunean. Eta une horretan ere erabaki behar, jarraitu edo utzi. Ausartu edo ez.  

Erabakiak

Gero praktikak. Han egin edo hemen. Hemen egiten baditut agian gero fitxatuko naute. Baina han euskaraz hitz egiten dute denek. 

Amaitu dira ikasketak. Lan eskaintza hau onartu edo ez? Galdera hau egitea ere unibertsitatetik atera berri gaudenean… beti bai!! Ezetz esatea ez dago aukeren artean. Badakizu, tren famatu hori galduko duzu eta bizitza guztia damutuko zara.

Damutu. Hori baita aditza. Erabaki ororekin, ate bat irekitzen duzu eta beste bat itxi (ez du zertan, iz di zirtin, ok). Erabaki ororen aurrean zure bizitzako aukera egon daiteke presente. Erabaki bakoitza gero damutzeko arrazoi bat izan daiteke. Aipatutako erabaki guztietan faktore bat dago aukeraketan presioa sartzen duena. Faktore hori mundu laborala deitzen da. Aipatutako gaztaroko erabaki eta dilema guztiak horretan zentratu izan ditugu inkoszienteki. Eta hor arazo potolo bat dago. Beldurra dago. Errugabetasun ikusezin bat dago. Zeharo galduta dauden gazte zalantzati horiek biktima dira. Zerbait gaizki ari gara egiten.  

Ez da erraza pertsona zalantzatia izatea. Ez da erraza lagun zalantzatiak edukitzea. Oldarkor izatea aukera bat balitz, buruz aukeratuko lukete askok. Tamalez ez da aukeratzen den zerbait, hori ez. Eta tamalez, ez ditugu guk aukeratu gaztetan hartu beharreko erabakiak zeintzuk izan behar ziren. Ez dugu guk aukeratu erabaki horietan presioa bidelagun izatea. Ez dugu guk aukeratu trenaren metaforarekin 12.321 aldiz topo egitea.

Hockey-a aukeratu behar nuen. 

Erabakiak

ZUZEUko erredakzio kide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude