Elegantziaz zahartu

zahartzaroaAzken garaian maiz pentsatzen dut zahartzaroaz. Duela sei urte -esaterako- baino askoz gehiagotan. Kalean, edo parkean, edo terraza batean nagoela, gero eta sarriago aurkitzen naiz zaharrek egiten dutenari erreparatzen… eta aztertzen. Askotan hitz egiten dugu horretaz lagun artean. Eta gutxitan, edo inoiz ez, asmatzen dugu ezer. Jakin, badakigu lehenago hiltzen ez bagara, zahartzea tokatuko zaigula. Beraz, zahartzaroak ez du irteerarik. Horregatik, gaiaz pentsatzen dudanean ez da aroari irteera aurkitzeko, bidea egiteko baizik.

Hasieran esaten nuen orri batean apuntatuko nuela zer ez nuen egingo zahartzen nintzenean, zer saihestuko nuen, besteengan ikusitako jokaera desegokiak, alegia; eta orri hori egunero irakurriko nuela eta lagunei gogoratzeko eskatuko niela ahazten bazitzaidan. Baina gero konturatu nintzen horrek ez zuela askorako balio izango, arrazoimena saretzen hasten zenean, batez ere. Kontua -ez ahaztu- elegantziaz zahartzea da.

Ondoren, pentsatu nuen ohitura on batzuk behin eta berriz, oso finkatuta izan arte, praktikatzea neurri aproposa izan zitekeela. Horrela, jokabide egokiak erabat barneratuta izatean, betiko (hil arteko) nireak izango liratekeen. Baina gero eta gehiagotan aurkitzen ditut kontrakoa adierazten didaten ereduak. Beraz, zalantzan jartzen ari naiz bigarren bide hau eraginkorra den. Eraginkorra? Zahartzeko modu egokia bermatu nahian nabil agian? Zer da iraungo duena? ohiturak? uste sendoak? estimuak? maitasunak?

Baten batek esango du horrelako gogoeta batek egitekorik ba al duen web-urratsak blog honetan. Bada… kontu hauek gogoan nituela, bloga egitearena elegantziaz zahartzeko ahalegin horietako bat dela konturatu naiz gaur.
(jarraipena)

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz