Ekin ostiaka gogotik!

Ekin ostiaka gogotik

Iñaki Segurolak kalapita piztu du, Urola Kostako Hitzan idatzi duen azken sarrerarekin. Eta Luistxo Fernandezek erantzuna eman dio, Ingelesen Hilerria blogean “Zer behar da gizon bat, gizon egiazko bat izateko?” idatzita. Honatx biak:

«Ekin ostiaka gogotik» (Iñaki Segurolak)

Ohitura ona, berezkoa eta naturala zen hori. Festetan arrak bere artasuna eta zakartasuna atera beharra dauka, azken helduleku moduan. Hona zergatik: goxotasunean ez da beti asmatzen; den atseginik earrena ez da beti lortzen (garbiago: ez da beti neskatan eta txortan egiten), eta orduan —ordezko moduan, zaputzak gaina ez hartzeko helduleku moduan— borroka gelditzen da, edo, hobeto esanda, borroka gelditzen zen eta borroka egiten zen gogotik: jotze baten ordez beste jotze bat, alegia; larrua astindu beharrean, hezurrak.

Zurrutak eta zorrotak okertu egiten dute arra lehenaz gain, eta akertu, eta oilartu, eta aharitu eta dena. Orduan, txortan gizon agertzeko modurik ez baldin badauka, besterik ezean, borrokan agertuko da gizon; borrokan eta ostiaka, gainera, irabazle suertatu ezkero, agertuko da eta geldituko da gizon, gizonago eta denetan gizonena. Erantzungo zait maskulinitate zaharra dela hori, eta gaur gizonezko gehienak ez garela horrelakoak, eta abar. Nik esango nuke maskulinitate berri edo bigun baten mozorroa jazten asmatu dugula, eta oso ondo ematen digula, baina piztia barruan daramagula, erdi-lotan beti ere, baina ez hilda edo akabatua.

Zenbaiten arabera, arazoa hanka-artean bertan dago, edo daukagu: pitotik letorke gure pitokeria; potroetatik dator gure astapotrokeria. Gogortzen eta harrotzen den zakil bat daramagu gorputzaren erdian, eta ez da harritzekoa gure gogorkeriarako eta harrokeriarako grina. Eta honen ondorioak asko dira, eta horietako bat da ez dagoela festarik edo parrandarik emakumeen kontrako bortxaketa, eraso, jazarpen edo dena delakorik gabe. (Ez egoera horretan bakarrik, baina hor oso nabarmen.) Eta honek, nonbait, ez dauka erremediorik; hau ezin du gelditu ez hezkuntzak, ez kanpainek, ez autodefentsa feministak eta ez ezerk. Emanber zakil gogortu bat beti ari dela “bai” esaten, eta “bai beti da bai”, bai-ala-bai.

Ez dago asmatzen zaila zein den gaur hemen egin nahi nukeen proposamena: emakumeen kontrako bortizkeria sexuala (festa-girokoa bederen) bukatzeko modu bakarra da gure aspaldiko ohitura ederrak berreskuratzea. Bestela esanda: ekin ostiaka gogotik, motellak!; festan eta parrandan, osti-zaparraie ta egurre! Emakumeen kontrako bortizkeria hau behin-betiko bukatzeko, borroka da bide bakarra: mutil-jendea bultzatzea (etxetik, eskolatik, alde guztietatik) elkar jo, eratxi eta menderatzera… neskak pake-pakean utzita! Aber, txikitos: neska-asuntoan, gozotik, “dena” libre, baina, gogorrean eta gozo-faltan, mutilen arteko joketa eta egurra bakarrik; elkar txikitu arte, nahi baduzue: hor den-dena libre.

Badakit ez dela polita, ez dela atsegina, eta ez dirudiela oso xibilixatua, baina dagoen panorama itsusiagoa da askozaz ere, eta mila bider jasangaitzagoa; bereziki emakumeentzat, jakina, baina baita gizonezkoontzat ere, “klase bortxatzaile” bateko kide sentiarazten gaituelako, lotsaz eta erruz sentiarazi ere.

Proposamena botea gelditzen da, serio eta beltz.

Oharra: ni ez naiz Einstein bezalakoa, bere andrearen burutazioak hartu eta bereak balira bezala agertzen baitzituen, eta hargatik diot gaurko proposamen hau Garbiñe L. nere bizikideari hartu diodala. Ni idazkari hutsa izan naiz. Pitokeriak utzi eta esan beharra zegoen hau ere.

.

«Zer behar da gizon bat, gizon egiazko bat izateko?» (Luistxok)

Abandonatuta daukadan blog honen gaztelaniazko bertsioan, Virginie Despentes-en testu bat argitaratu nuen duela urte gutxi batzuk, gaztelerazko itzulpen batetik hartuta. Liburu hura euskaratu egin dute, eta pasartea euskaraz pegatzeko unea da orain.

Horra gaztelerazko post hura. Pasartea orain, euskaraz, Itziar Diaz de Ultzurrunen itzulpenetik hartua:

Zer behar da gizon bat, gizon egiazko bat izateko? Zer behar da, zehatz-mehatz, gizon bat, gizon egiazko bat izateko? Emozioak itoaraztea. Sentiberatasuna isiltzea. Norberaren samurtasunaz eta ahuleziaz lotsatzea. Haurtzarotik brastakoan eta behin betiko irtetea: ume itxurako gizonak ez dira fama onekoak. Buztanaren tamainaz larritzea. Emakumea gozarazten jakitea emakumeak berak ere ez dakienean nola, edo ez dionean gizonari esan nahi. Ahuleziarik ez adieraztea. Sentsualitatea bridatzea. Kolore hitsak janztea, zapata txepel berberak eramatea beti, ilearekin ez jolastea, bitxi gehiegi ez eramatea, ezta inolako makillajerik ere. Lehen urratsa egin behar izatea, beti. Inolako jakintza sexualik ez izatea norberaren orgasmoa hobetzeko. Laguntza eskatzen ez jakitea. Ausarta izan beharra, ausarta izateko batere gogorik izan gabe. Indarra balioestea, norberaren izaera gorabehera. Oldarkor agertzea. Aitatasun urritu batez baino ezin gozatzea. Arrakasta soziala lortzea emakumerik hoberenak ordaindu ahal izateko. Norberaren homosexualitateaz beldurtzea, zeren gizon bati, egiazko bati, ezin zaio ipurditik eman. Txikitan panpinekin ez jolastea, eta plastikozko auto nahiz pistola itsusi mortalekin etsi beharra. Gorputza askorik ez zaintzea. Beste gizonen basakeriei men egitea, kexatu gabe. Zeure burua defendatzen jakitea, otzana bazara ere. Emetasuna galarazia izatea, emakumeek beren barriko gizontasunari uko egiten dioten neurri berean, ez egoera batek edo nortasun batek hartaraturik, baizik eta gorputz kolektiboak hala eskatzen duelako. Helburua, garbia: emakumeek gerrarako opatzea beren semeak, beti, eta gizonek gerrara joatea onartzea, erail ditzaten, ikusmolde laburreko hiruzpalau ergelen interesak babestearren.

*** (honaino Despentesena) ***

Banuen intentzioa pasarte hau argitaratzekoa duela denboratxo bat… Aitzakia aurkitu dut Iñaki Segurolaren testu zatar batean. Kirtenkeria hutsa da gizontasuna halako parametroetan deskribatzea.

Ekin ostiaka gogotik!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Ekin ostiaka gogotik!”-ri buruz

  • Proposamen oginala dela ezin ukatu inondik ere. Eraginkortasuna frogatzeke egon arren, bati baina gehiagori pare bat ostia ez litzaizkioke gaizki etorriko, harrokeriak kolpez kentzeko. Bidenabar esanda, niri ere parranda giroan gaur egun orain dela bostpasei urte baino borroka gutxiago daudela iruditzen zait, muturjoka ibiltzea zerbait “naturala” izatetik estigmatua izatera pasatzen ari da.

  • Hau betidanik eta gaur egun ere gertatzen da. Ez da ezer berria proposamena. Gizonek lehenik eta behin gizonak jo eta hiltzen dituzte. Estatistikak irakurtzeko kapazidadea eduki behar da lehenik eta behin baina…

    “Oharra: ni ez naiz Einstein bezalakoa, bere andrearen burutazioak hartu eta bereak balira bezala agertzen baitzituen” Beno, beste batzuk, irakurtzeko gai ere ez dira…

  • Ez nator bat eduki osoarekin baina lehengo testuarekin gelditzen naiz, ez da bigarrena bezain zuria.

  • Errezillen, beste lekuetan antzera, burruka garai horietan, neska gutxi ibilli ohi huan bakarrik kalean. Bat bera ere ez. Erromeritik garaiz etxeratu ohi hituan, eta mutillen laguntzaz. Bortxaketa kontuak, senide artean, orain baino gehiago zirela ere esango nikek………kalean burrukan ibilli ondoren.

  • Segurolaren artikulua iraingarria da gizonezkoentzat. Sakonean deszerebratu bortitzak izatearen akusazioz kriminalizatzen baigaitu.
    Hasteko euskaldunak ondoko herrikoekin muturjoka aritzea aldeanismo etxekalteenaren adibide bat besterik ez da. Errealaren etsai handientzat Athletic edo Osasuna hartzearen soka berekoa. Eta españolen hazmerreirra.
    Hamarkadak dira kontzientzia NAZIONALA hartu eta lokalkeriak eta halako babukeriak gainditzeari ekin zitzaiola. “Jaiak bai, borroka ere bai” ez da hori, ez horixe. Alderantziz, izan da euskaldunak, herri batekoak eta ondokoak elkartuta, Euskal Herriaren askatasunaren alde ELKARREKIN borrokatzea. Elkarrekin Euskal Herriaren etsaien aurka.Elkartasun harremanak sortu eta garatuz eskualde mailan.
    Bigarrenik, ez da berdina indarra eta indarkeria. Zentzugabeki biolentzia erabiltzea, biolentziaren zale izatea jarrera ustel eta zapaltzailea da. Ez jarrera maskulinoa. Eta indarkeri jarrera hori lotuta joan ohi da bortxatzaileekin. Gizon ahulagoekin zapaltzaile gisa jarduteko irrikaz egoten diren sasikumeak izaten dira jai giroan emakumeekiko jarrera nazkagarri eta erasokorrena duten berberak.
    Arazoa da halako jendilajea izaten dela kasu askotan indar fisikoa izaten duen bakarra eta horiei aurre egiteko INDARRA ere kriminalizatu egiten dela. Hor sartzen da Fernandezen artikuluka erreproduzitzen duena. hau da ausardia, kemena, indar fisikoa etabar mespretxatuz emakume zein gizonentzat duintasun eredu bat beharrean ultraliberalismo sexualren ildoko eredu pinpirindua bultzatzea.
    Beraz tontakeri gutxiago. Ondoko herriko neska-mutil eta gizon-emakumeen artean giro ona,laguntasuna eta elkartasuna. Eta egurra zapaltzaile eta bortxatzaileei beraien jatorri eta arrazaren araberako inolako diskriminaziorik gabe.