Ehun ume

ninosenfilaii.jpg

Bai, ehun umerekin gurutzatu naiz gaur arratsaldean Donostiako kaleetan. 8-10 urtekoak iruditu zaizkit, eta zain zituzten bi autobusetara zihoazen, nonbaitetik bueltan. Donostiako Sto. Tomas Lizeokoak ziren, haietako askoren elastikoek eta zorroek gezurrik ez bazioten, eta poza eman dit haur eder horiek guztiak ikusteak, neuk ere ikastetxe horretan ikasi bainuen 14 urte nituela bota ninduten arte. Umeak zerrenda luzeetan zihoazen, nahikoa suelto espaloian, adinari dagokion eran.

Hasierakoak irakasle eta andereñoen inguruan zihoazen solasean. Baina erdia baino gehiago, bere kasa zihoan atzerago, lagunarteko txorrotxioan. Irakasleen hegalpean zihoazenak, zerrendaren hasierakoak, euskaraz, eta erditik aurrerakoak, irakasleen eragin-zirkulutik kanpo zihoazenak, gaztelaniaz. Eta pentsatu dut, gure garaian errazagoak zirela gauzak, kamarada. Gezurra irudi lezakeen arren.

(Irudia: Valeria Ulman. Niños en fila II)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Ehun ume”-ri buruz

  • Susmoa dut irakasleek ere umeak zituztelako inguruan egingo zutela euskaraz. Ez nuke penarik oker banengo! Umeen “eragin zirkulutik” urruntzen direnean irakasle askok egiten baitute erdaraz.