Egun Grisak

Egun Grisak >

Presaka bizi gara. Ez da beharrezkoa Paris, Hong Kong edo New Yorkera joatea konturatzeko. Azkar mugitzen gara, estresaturik gaude, pazientzia gutxi dugu eta urduritasuna gure gorputzaz jabetzen da. Bai, beti gabiltza presaka, baita arrazoirik ez dugunean ere. Gure helburura lehen bai lehen ailegatu nahi dugu. Horregatik gorroto ditugu gorrian dauden semaforoak, espaloiaren beste aldera bidaltzen gaituzten umeen kotxetxoak eta bidea oztopatzen diguten atso ipurtandiak.

Sentimendurik gabeko errobotak bilakatzen gara kaleetan. Zuzen joan nahi dugu, distrakziorik gabe, denbora galtzea beste batzuen eskubidea balitz bezala, eta ez gurea. Begiak tinko zein lurrean iltzatuta, ez dugu ezer ikusten. Gure buruan xedea besterik ez dago, iristeko behar horrek gure mundua osatzen du minutu batzuetan.

Ingurukoei jaramonik egiten ez diegun arren, eragozten gaituzte soilik hor egoteagatik. Ezagunekin gurutzatzen gara eta ez agurtzea erabakitzen dugu segundoan, hurrengoan agian irribarre egingo diogu. Ez dugu gaiztakeriagatik egiten, baizik eta interes faltagatik edo burua apur bat mugitzeak suposatzen duen esfortzuagatik. Batzuetan ere lagunekin gurutzatzen gara eta ez gara sikiera jabetzen, eskua astintzen dute baina gure begirada haratago dago, gure izena oihukatzen dute baina %100ean daramagun musika-jogailuak entzutea debekatzen digu.

Eta gero, komeriak. Ezagun hori ikusten dugun hurrengoan gure buruari galdetzen diogu ea zergatik egin duen ez ikusiarena. Etxera iristen gara eta gure lagunaren mezu bat daukagu: “Zergatik ez nauzu agurtu lehen, haserre al zaude nirekin?”. Erantzuna, noski, liluragarria izan ohi da: “Haserre ni? Faborez! Gogoratu ezazu miopea naizela. Gainera, ez al dituzu ba kaskoak ikusi? Kasualitatez zure abesti gogokoena entzuten ari nintzen!”.

Aitzakiak dira gure bizimoduaren oinarria gizarte indibidualista honetan. Ez du axola nahita egitea edo ez, giza izaeraren berezko zerbait bilakatu da nork bere zilborra Ama Lurraren erdigunean kokatzea. Moteltzen gaituztenak oztopoa direla uste dugu, baina benetako oztopoa gure neuronak dira, eta ez beste ezer. Gure egun grisak guk geuk eraikitzen ditugu. Noiz irekiko ditugu begiak gure inguruaz disfrutatzeko? Noiz hasiko gara atseginak izaten saiatzen? Noiz egingo dugu irribarre soilik gogoa dugulako? Noiz demontre hasiko gara benetan bizitzen?

Egun Grisak

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...