Egintzak egintza dira

Pasa den astean zur eta lur utzi gintuen El País egunkariak; une ttiki batez, kontrakoa dioen hemeroteka ahaztu eta independiente izateko merituak egin baitzituen. “Los hechos son los hechos”. Halaxe izena zuen Bilduk gobernatzen duen Gipuzkoako Diputazioaren kudeaketari loreak botatzen zizkion Enrique Martínezen artikuluak. Hori bai, hasiera hasieran zuzendariaren mandatu kiratsa duen honako esaldia zeraman txertatuta: “En primer lugar, quiero dejar claro que la exposición que sigue no tiene pretensiones informativas, se trata de un mero ejercicio de opinión y análisis subjetivo y como tal aparece presentado en este diario”. Argi gera dadila, hau ez dela informatiboa, hau nere paja mental bat da eta ez duzue zertan kaso egin… badakizue.

Dena dela El País egunkariak halakorik publikatzeak, eta halakorik idatziko duen analistarik izateak zerbait esan nahi duelakoan nago. Hain zuzen, kaosaren “Venezuela bihurtuko gaituzte” diskurtsoa eurek ere ez dutela sinisten eta beraz bataila ideologikoan fitsik ez dutela balio argudio horiek: “(…) la cuestión es que diga lo que diga Rafaela Romero, Gipuzkoa no se hunde.”  Ez da hondoratzen, guztiok testigu.

Martinezen artikuluak uzten dizkigun beste hainbat esaldi oposizioaren argumentazioa desmuntatzen:

  • Iritziak izaera subjetiboa du eta ezin daiteke aurkeztu egintza objetibo eta egiaztatu gisa.
  • Gobernuko kide baten aurkako zentsura mozioak, zehazki Ingurumen diputatuari egindakoak, ez du arrazoi bezala hondakinen tratamendua (…) Gehiago da Ahaldun Nagusiari hauteskunde autonomikoen ostean egin nahi zaion zentsura mozioaren entsegua.
  • Oposizioak hainbat termino eta esamolde erabili eta landu ditu, mintzaldiz mintzaldi, agertzen diren une oro errepikatu dituztenak. Honako espresioak: “desgobernua”, “paralisia” eta “horretaz dezente dakit” edo “Gipuzkoa hondoratzen ari da”.
  • Bertziklapena eskubide eta betebehar bezala ulertuz, zaborraren bilketa selektibo baten aldeko apostua egitea; egokia ala ezegokia izan (…) hain zuzen desgobernuaren aurkakoa da.
  • (…) Azpiegitura honen gelditzea argi eta garbi zegoen foru hauteskundeetara aurkeztutako Bilduren programan, eta irabazi egin zuten.
  • Bilduri promestu ez dituen kontuak betetzea exijitzeak informazioz mozorrotutako iritzi bat sostengatzeko balioko die, baina inolaz ez da ondradua eta ez du eusten argumentatiboki zentsura mozio bat.

Eta zer egin duen Garitanoren gobernuak?

  •  Pobreziaren aurkako borroka bazegoen programan. Eta nahiz eta oraindik legealdiaren 3/4 geratu (…) jada hasi dira lantzen Batzar Orokorretan pobreziaren aurkako ponentzia.
  • Gobernu foralak, eskasia garaietan, aurrekontuaren beste arlo batzutarako partidak sakrifikatu ditu, gizarte gastua mantendu eta baita apur bat handitzeko ere.
  • Politika hauek (fiskalak), IRPFaren eraldaketa, ondarearen gaineko zergaren berreskurapena eta zerga ordainketa lokalaren eraldaketak; egokiak edo ezegokiak izan daitezke, baina inola ez paralisia eta desgobernua.
  • 500 enpresa ingururekin bildu dira eta bilera hauetatik erakundearen finantzazioa jasoko duten 137 proiektu onartu dira.
  • Azkenik, Foru Diputazioari egozten zaio boto emaleak gogaitzea eta sumintzea, baina gogaitze eta sumintze hori ez da ikusten duela gutxi publikatutako inkestetan. Haietan Garitano da Gipuzkoan gehien baloratutako politikaria.

Argigarriak dira Enrique Martinezen hitzak. Eta bat baino gehiago lotsagorritzekoak. Tankera honetako diskurtsoen azken adibidea Laura Mintegi eta bere gobernurako hautagaien aurkezpenaren ostean irakurri eta aditutako erantzunetan topa dezakegu. Zein baino zein lotsagarriagoa. Baina egintzak egintza dira eta Bilduk zerbait ona/ondo egiten duen oro azalera ateratzen dira gainerako alderdien gabezia eta arrunkeria guztiak. Baina gogoratu hau nire iritzi bat da eta ez du pretentsio informatiborik… ;)

 

 

artikulua, bildu, Diputazioa, EAJ, El Pais, garitano, Gipuzkoa, loreak, politika
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.