Eduki eta formatu berriak Ikusentzunezko Komunikazioko ikasleen eskutik

Eduki eta formatu berriak Ikusentzunezko Komunikazioko ikasleen eskutik –

Eduki eta formatu berrien sekuentzian bete-betean murgilduta daude HUHEZIko laugarren mailako ikasleak; sekuentzia honek, ikus-entzunezko produktu berritzaile bat egitea du helburu. Ikasleek erabakiko dute zer, noiz eta norekin gauzatuko duten proiektua, kontuan hartuta datorren hamarkadako gizartea. Izan ere, gaur egungo gizartea etengabe aldatzen ari da, eta horrekin batera ikus-entzunezko testuingurua. Horregatik garrantzitsua da, gizarte erronka horiei erantzungo dien komunikazio esparruan berrikuntza lantzea.

Eduki eta formatu berriak Ikusentzunezko Komunikazioko ikasleen eskutik

Hurrengo hamarkadako gizartea kontuan hartuta ikus-entzunezkoen sektoreari begira jarri gara. Izan ere, ikus-entzunezkoak era zabalean hartuz, ikasle talde bakoitzak komunikazioaren esparruan proiektu berritzaile bat proposatuko du, eta ezarri nahi den testuinguruan egingarria izatea ezinbestekoa da. Design Thinking metodologiak ardaztuko du sekuentzia osoa. Ideia berritzaileak sortzea ahalbideratzen duen metodologia honek, beharrizan errealak ulertu eta hauei irtenbide bat ematea du helburu, eta hori gauzatzeko, bost fase lantzen ditu: ikerketa fasea, sintetizazio fasea, ideazio fasea eta prototipazioa fasea.

Lehenengo bi asteetan, edukia eta formatuaren gaineko lanketa egin da eta unibertsitatea ez den beste espazio bat ezagutu dugu: Donostiako Tabakalera, kultura garaikidearen nazioarteko zentroa. Bertako giroaz zipriztindu gara eta Design Thinking metodologiak eskatzen duen  lehenengo faseari eman diogu hasiera.

Ikerketa fasean, ikasleek honako galderari erantzun behar izan diote: nolakoa izango da gizartea datorren hamarkadan? Galdera horri erantzuteko lau esparru sortu dira: esparru politiko-ekonomikoa, esparru sinboliko-kulturala, esparru zientifiko-teknologikoa eta esparru sozio-afektiboa. Esparru bakoitzean ikertutakoa gelaren aurrean aurkeztu da. Gizarte aldaketak eta etorkizuneko eztabaida horien lanketatik gai jakin batzuk proposatu dira eta ikasle bakoitzak bere gustuko gaien aukeraketa egin du, bat egin dutenek taldea eratu dute eta denera kide kopuru desberdinetako 11 talde sortu dira.

Gizarte erronken lanketatik sortu diren hausnarketak interesgarriak izan dira eta baita hortik tiraka sortu diren ideiak ere. Ideazio fasean landutakoarekin, Ikasleek, ikus-entzunezkoetan aditu direnen aurrean pitching erara azaldu dute euren ideia; hori ondo egituratzeko eta ideia bere osotasunean ulertzeko, ikasleek baita ere pentsatu behar izan dute  euren proiektuaren balio erantsia zein den, baita zer nolako enpresa edo erakunde mota izan nahi duten ere.

Eduki eta formatu berriak Ikusentzunezko Komunikazioko ikasleen eskutikHonezkero propotipazio fasean ikasle talde bakoitza bere proiektua aurrera eramateko prozesuan murgilduta dago. Proposatutakoak datozen asteetan landu eta garatuko dira. Horietako pare bat aipatzearren, IXA eta Tantantxo proiektuak aipatuko nituzke. IXA proiektuak, denboraren gaia jorratuko du. Bost kidez osatzen den talde honek, denborak gure izateko eta jarduteko era baldintzatzen duela aipatzen du. Hausnarketa prozesu sakon batean murgilduta dagoen ikasle talde honek, Tempus Fugit lelopean, denborak ihes egiten duela eta gu ez garela konturatzen dio; alegia, denbora subjektiboa dela eta horrela izaten jarraituko duela. Hori horrela izanik, talde honek proposatzen duena da mugikorrerako fikziozko sail bat egitea. Sei kapituloz osatuko den euskarazko fikziozko sail hau, mugikorreko aplikazio batean ikusiko da. Kapitulu bakoitzak istorio desberdin bat kontatuko du eta denboraren gaia eta horri buruzko pertzepzioa izango da honen ardatza. Telesaila ikusteko, egunero erabiltzen diren leku eta modu batzuk proposatuko zaizkio ikusleari: komuna, ohea, bazkalordua eta abar, eta ikuslea horietara joatea gonbidatuko da, horrela ikusleak, esperientzia aberasgarriago bat izan eta denboraren pertzepzio kontzienteago bat lortzeko. Seriea ikusteko leku horietara joatea derrigorrezkoa ez den arren, seriearen nondik-norakoak ondo ulertzeko gomendagarria izango da. Aplikazioak, ikusitako atalarekin zerikusia duen eduki interaktiboa ere izango du ikusgai.

Beste proiektu batzuen artean genero rolak landuko duten hainbat talde daude, horietako bat da Tantantxorena. Tantantxo talde honek sortu duen genero gabeko pertsonaia da. Sei laguneko talde honek, genero rol eta estereotipo tradizionalak jorratzen dituen eduki didaktikoen falta nabaritu dute. Hori dela eta, pentsatu dute hezkuntzako esparruan genero rolen gaiari buruz lanketa handiago bat egiteko edukiak sortzea interesgarria litzatekeela. Horrela, talde honen proiektua izango da hezitzaile, guraso zein umeentzako material didaktikoa sortzea. Webgune baten bilduko dute sortutako material guztia. Horrela, hezitzaile eta gurasoek euren ikasle eta seme-alabekin genero rolak lantzeko behar duten informazioa eskuragarri izango dute. Landuko diren azpi-gaiak honakoak izango dira: berdintasuna, abolizioa, genero rolak, LGTBI+ komunitatearena eta abar. Eduki horiek adituen laguntza eta erakunde desberdinetako profesionalen elkarlanarekin sortuko dira eta bideo horiez gain, ikasle talde honek ilustrazio liburu bat egiteko asmoa ere badu. Liburu bilduma txiki bat izango da eta Tantantxo egoera desberdinetan irudikatuko dute. Material horrekin lortu nahi dutena da etxeko txikiak kontzientziatzea eta beste eredu batekin haztea.

Ideazio faseari amaiera emanda, datozen asteetan ikasle-talde bakoitzak prototipo desberdinak aurkeztuko dituzte. Proiektu denak ere bat egin dute lan-sekuentziaren helburuekin, hots, komunikazioarekin lotutako proiektu berritzaileak diseinatzearekin. Ezinbesteko ikasketa izango da laugarren mailako ikasle hauentzat, behin gradua amaituta, ikus-entzunezko sektorea biziberritzeko.

Eduki eta formatu berriak Ikusentzunezko Komunikazioko ikasleen eskutik
Eduki eta formatu berriak Ikusentzunezko Komunikazioko ikasleen eskutik
Eduki eta formatu berriak Ikusentzunezko Komunikazioko ikasleen eskutik
Eduki eta formatu berriak Ikusentzunezko Komunikazioko ikasleen eskutik

Ikus-entzunezko komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea