Ederra saltsa datorrena

Marie Darrieussecq maitea etxean izan genuen igandeko egun pasan. Jean eta bi seme-alabekin etorri zen. Zoragarria izaten da guretzat egun hori eta kontuak ez zaizkigu faltatzen: politika, literatura, gizartearen bidea, hondartza, eguraldia, janaria… Kontu askoren artean, Marie larritu egin zitzaigun, halako batean. POL argitaletxeko buruaren telefono dei bat jaso zuen eta zurbil itzuli zitzaigun mahaira. Antza, Mariek aurki argitaratuko duen eleberria, rentrée-ko sonatuena izango da Frantzian, baina arazoak ditu. Argitaletxe bereko beste emakume idazle batek, izugarriak zabaldu ditu Marieri buruz eta nobela plagioa dela aireratu du, gutun zikoitz eta larrien artean. Marie izuturik dago. Bere azken eleberria, umea galdu duen emakume baten minari buruzkoa da eta, antza, beste idazle horrek ere liburu autobiografiko bat idatzi zuen kontu horrexi berari buruz. Mariek dio berak idatzi duena fikzioa dela (nahiz eta ezagutzen dugunok badakigun halako pasarte bat dagoela bere bizitzan), eta ez duela zer ikusirik bestearen liburuarekin. Emakume baten mina ez dela exklusiboa. Baina, erotu egin omen da beste idazle hori bere kasuarekin eta sekulako zikoizkeriak ari ei da hedatzen. Mariek dio tribunaletara eramango duela, lehenago ere eduki baitzuen beste halako kontu bat FANTASMEN SORRERA eleberriarekin (bat-batean senarra desagertzen zaion emakume bati buruzkoa, Rosa Monteroren LA HIJA DEL CANIBAL bezala). Mariek irri egin zuen lehenago ere Montero plagiatu zuela esan nionean, berak ez baitu ezagutzen ez Montero eta ez haren liburua: “Literaturaren gaiak, mon ami, beti dituk berdinak, eta senar galduarena, esaterako, Peneloperekin agertzen duk”. Itxura denez, Anie Ernaux eta beste idazle batzuk talde bat ari dira osatzen Parisen Marie babesteko, baina burrundara handia etorriko ei da hedabideetan. Ni kezkaturik nago, ezagutzen baitut Marie eta badakit haragitan bizi dituela mundu honetako kontuak. Distraitu egingo da bere defentsarekin, sofritu egingo du eta pixka batean ezingo dio ekin bonba atomikoaren inguruan idatzi nahi duen nobela japoniarrari. Merde!

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

8 pentsamendu “Ederra saltsa datorrena”-ri buruz

  • Ez da argi geratzen beste idazle hori zer nolako zikoizkeriak ari den hedatzen. Eta hau interesgarria da, batzuetan plagioa egin dela garbi ikusten delako eta beste batzuetan ez hainbeste. Adibidez, Lucía Etxebarriak bere azken liburuetako batean plagioa egin zuela argi geratu zen, psikiatra balentziar baten testua, zuzenean eta inolako aldaketarik gabe, bere azken liburuetako batean txertatu zuenean. Bere nebaren plagio kasua, aldiz, pixka bat sofistikatuagoa izan zen, tribunalekoek, azkenean, ezin izan baitzuten legalki frogratu “Eulien bazka”ko Arruti komisarioa eta CSI telesaio ezaguneko Grissom auzitegi medikua pertsonaia bera zirela.

    Plagio akusazio hauek ez al dira liburu gehiago saltzeko marketin estrategiak besterik izango?

  • Ohi duen bezain jator eta sinpatiko dator gaur ere Balaklaba. Arrazoia du, gainera: Mariek, plagiatu ez-ezik, kanpaina oso bat antolatu du bere liburuarentzat. Atzo arratsaldean ere berarekin nintzen, telefonoa sutan zuen, Liberation, Les Inrockuptibles, Le Monde… eta bakoitzari erantzun ondoren, samina erakusten zigun bizi duen aferagatik. Baina, bai, ongi orkestratua du, teatro hutsa egiten du. Nik ere, Damian Arruti sortzeko, Grisson delako hori kalkatu nuen, nahiz eta CSI seriea baino lehenago idatzitakoa izan. Hemen originala eta idazle handia, Balaklaba bakarrik da. No te jode.

  • Ez! Ene bada! Aurreko erantzunarekin txiste sinpatiko parea egin nahi izan dut bakarrik!

    “Plagioa eta Salmentak” gaia ere jarri nahi izan dut baina inor salatu gabe, noski. Propaganda arma boteretsua (eta arriskutsua) izan daiteke bai salaketa jarri duenarentzat eta bai salatuarentzat… Lucía Etxebarria, Ana Rosa Quintana… ejem!

    Eztarrian karramarroa zuen ertzain eulizalearena ere alderantziz esplikatu dudala uste dut. Barkatu, Konatxe; alderantziz esplikatzen dut dena. Gezurra dirudien arren, ez dut, inolaz ere, inoren zintzotasuna zalantzan jarri nahi izan. Saltsa pixka bat bota nahi nion zure azken mezuari, azkenaldian maridramas bat eginda zaude ta! 😉

    (Ez zuela graziarik?! Orain ulertzen dut zergatik ez duen inork nire bloga irakurtzen… Ea inork txiste kurtsillo bat edo ematen didan)

  • Ez dut uste plagio zurrumurruak hedatzea marketing estrategia aproposa denik inondik inora. Erabat kontrako efektua daukala esango nuke nik, efektu katastrofikoa, batez ere idazle akusatuarengan. Nire irakurle esperientziaren arabera, idazle baten izen ona (zein txarra) zikindu besterik ez du egiten plagioaren itzalak, akusazioa asmakizun hutsa izanik ere. Ondoriook ez dute irakurlegoan soilik eragiten gainera. Liburu gehiago edo gutxiago saltzea bigarren mailako ondorio bihurtzen da plagio hitzak egin ditzakeen beste kalte batzuekin konparatuz. Idazleaz pentsatzen ari naiz, kasu honetan arrazoirik gabe (ez daukat konatxeren lagunaz deskonfiatzeko arrazoirik) akusatua izan den idazleaz. Uff, hori oso oso mingarria izan behar da. Gauzak lehen baino lehen argitzea espero dut.

    Baina kontrako kasuaz ere esan nahi nuke zerbait. Ezagutzen dut, unibertsitatean (ez dut esango zein unibertsitate), departamentu berean (ez dut esango zein departamentu) bere kolega bat plagioz akusatu eta tribunaletara eraman zuen irakasle bat. Akusatzailea nire laguna da eta badakit ez zuela ezer asmatu, plagioa benetakoa zela, baina tamalez ezin izan zuen behar bezala frogatu eta epaileak ez zion arrazoirik eman. Sekulako katastrofea izan zen hori nire lagunarentzat, autoestima pikutara bidali zion.

    Bukatzeko: balaklaba zureak bazeukan grazia, niretzat behintzat. Konatxek batzutan serioegi hartzen ditu gauzak. Kasu honetan, hala ere, gaia hain serioa izanik, eskusa ona dauka.

  • […] ALUA MUNDUA! Sinto-me nascido a cada momento/ para a eterna novidade do mundo… « Ederra saltsa datorrena […]

  • […] Marie Darrieussecq-en aferarekin aurrera eginez —gogora dezagun argitaletxekide duen Camille Laurens-ek plagio psikikoa egin izana leporatzen diola Marieri TOM EST MORT irten berria den eleberriaren karietara—, aurkitu dugu salaketaren artikulua. Marie Darrieusecq edo kukuaren sindromea du idazpurua. La revue littéraire-ren azken alean dator. Ikusi nahi duenak, hementxe aurkituko du pdf formatuan jaisteko aukera. zabaldubildudel.icio.us […]

  • […]   Mariek, liburua oparitzeaz gain, idatzi egin digu. Egun hauetan puri-purian dabil telebista frantsesetan, irratietan, egunkarietan… Eta, esango nuke, hemendik gutxira areago ibiliko dela sari handi baten karietara. Ezin ditugu hemen korrespondentzia intimoari dagozkionak erakutsi, baina bai nahi dugula bederen, gai honekiko eta honekiko interesa agertu zenutenei, zerbait esan. Mariek dio ez duela prozesurik hasiko Camille Laurensen aurka, ez dela hori bere estiloa. Ez dezagun ahaztu Mariek maite zuela Laurensen PHILLIPHE liburua, plagio eztabaida honen oinarrian dagoena. Mariek dio, halaber —eta hau esateko modukoa da—, bere kasua dela eta, azken finean, kontu bat ari dela nagusitzen, alegia, fikzioa idazteko eskubidea.: Le débat s’est déplacé sur le droit à la fiction (peut-on tout dire en fiction ?… ). Daphné du Maurier idazleari gertatutakotik ikasten ari dela dio bestalde, hura ere akusatua izan zela plagio egiteaz REBECCA eleberria argitaratu zuenean. Mariek dio, ordea, Rebecca emakume guztiak direla eta horregatik identifikatzen direla irakurle asko eta asko (eroak barne), han kontatzen diren gauzekin. Eta nik diot, baina ez al zen horixe literatura egitea? Kontu betiereko eta unibertsalak, asmakizun eta ahots berriz kontatzea? J’ai appris que Daphné du Maurier avait été accusée de  plagiat pour “Rebecca” aussi, et beaucoup d’autres histoires : quand un livre a beaucoup de succès, beaucoup de monde peut s’indentifier, y compris les fous. Et les fous croient toujours qu’on leur a pris leur histoire, ou leur vie. “Rebecca”, tu penses : c’est l’histoire de toutes les femmes. Et c’est pour ça que c’est un grand livre. Toutes les femmes viennent toujours après une autre femme dans la vie d’un homme, ne serait-ce que sa mère. zabaldubildudel.icio.us […]

  • […] Marieren afera, udazken honetako albiste eta eztabaida bihurtuta dabil Frantziako hedabide guztietan. Hemen, hemen eta hemen ere egin izan ditugu bi hitz horretaz, baina dokumentu bat jartzea ahaztu zaigu, eta ineteresgarriua da oso: bere editorearena. Ez ahntzi, gainera, Paul Otchakovsky-Laurens editorea, Camille Laurens-ena ere badela. Alegia, parez-pare dauden bi idazleen editorea. Lehengo batean nire beste lagun batek horrela zioen: “Camille Laurensek Marieren kontra esan dituenak, ikaragrriak dira, baina zein ederki idatziak! Mariek bere buruaren defentsan esan eta idatzi dituenak ere, bikainak dira! Eta editorea! Ai, editorea! Honek ere zoragarri egiten du Marieren defentsa, primeran idatiz!. Hau inbidia! Lekutan gaude!”. zabaldubildudel.icio.us […]