Distantzia

Distantzia –

Distantziaz hitz egin nahi nizuke gaur. Gure artekoaz. Hemendik, zu zauden lekuraino. Pawel Pawlikowski zuzendariak dio zuri-beltzak ematen duen distantzia gakoa dela 60ko hamarkadako Polonia hura kontatzeko, ‘Cold War‘ filmean eta lehenago ‘Ida‘-n egin zuen maisutasunaz. Ikuslea bertan barneratzeko, gerturatzeko, grisen eskalan zehar. Etxe berean bizi, baina, hitz erdirik egiten ez duten bi anaiaren arteko distantzia itoa bezala, Koldo Almandozen  ‘Oreina‘-n. Distantziak erabakitzen du artistak obrarekiko duen leialtasuna edo herra, distantziak eskaintzen du perspektiba, behar beharrezkoa. Iragana atzean utzi edo berriz, begi berriz, kontatzeko ahalmena. Distantziaren baimenarekin filmatu dira planorik ederrenak,  margotu koadro ahaztezinak, idatzi poemarik arrailgarrienak. Distantziaz hitz egin nahi nizuke. Banatzen gaituenaz. Zarenetik, naizeneraino. Presoaren eta amaren arteko hariaz. Alabaren eta aita zenduaren arteko hutsuneaz. Prudentziaz eta bi aldiz edo hiru edo lau aldiz pentsatzeko aukeraz. Milaka kilometroz egina denaz, eta zentimetro eskasen tarte desegonkorraz. Beldurraz. Lokartu ezin den emakumearen eta jipoitzen duen gizonaren arteko maindireetako marrazkiez. Errepideak zeharkatutakoaz eta hormek banandutakoaz ere bai. Arduraz. Egiten gaituzten zulo eta arrakala guztiez. Zauriez eta orbainez. Distantziaz hitz egin nahi nizuke gaur. Eta denboraz. Denbora omen da bi pertsonaren arteko distantziarik luzeena. Baina ez horregatik sendaezina. Batzen gaituena, hemendik zu zauden lekuraino.

Distantzia

Distantzia

Ekaitza bainuontzi batean