Dirua utzi bertan

Dirua utzi bertan –

Duela hilabete batzuk, elkarte gastronomikoan nengoela, lagun andaluziar batzuk etorri ziren afaltzera, beste bazkide batek ekarrita; bere enpresako kideak ziren, lan-bidaian egun batzuk Gasteizen eman behar zituztenak. Labean erreta primerako arraina jan ondoren, kafearen inguruan elkartearen funtzionamenduaz hasi zitzaizkigun galdezka, lokala norena zen, nork zuen eskubidea erabiltzeko, nola antolatzen genuen, gastuak nola gestionatzen ziren …

Dirua utzi bertan

Oso harrituta geratu ziren azaldu genienean nork bere kontsumoa apuntatu eta ordaintzen zuela. Hau da, norberak uzten zuela dirua bertan. Egin zituzten komentarioen arabera, honelako zerbait ezinezkoa izango litzateke beren Andaluziako herrietan: jendeak ez luke apuntatuko gastatutakoa; edo kontsumitu baino gutxiago apuntatuko luke, gutxiago ordaintzeko; horrela, noski, bidera ezina izango omen litzateke han honelako elkarte gastronomikoa; porrota, segurua.

Araban eta Euskal Herri osoan ehunka elkarte gastronomikok arazo handirik gabe funtzionatzen dutela azaldu genien, ohikoak zirela hirietan eta herri gehienetan. Harrituta zeuden. Horrekin guztiarekin euskaldunak izatearen harrotasunari ezin genion eutsi, gizarte “zintzoago” baten kide sentitzen ginen. “Euskalduna naiz eta harro nago”, euskal elkarte gastronomiko baten kide.

Hori, esan dudan bezala, duela hilabete batzuk gertatu zen. Berriki, udaren amaieran, Norvegian ibili gara, kanpinetan, mendietan … bazter zoragarrietan. Han, Jostedal glaziar zabaletik gertuko bailaratxoetako batean kanpatzeko gunea prestatua zegoen, oso era sinplean, hori bai. Hara hurbiltzeko pistaren hasieran informazio gunetxoa zegoen, eta bertan giltzarik gabeko postontzi bat. Kanpatzera zihoazenek han sartu behar zuten dirua; izan ere, ba zeuden han billeteak eta txanponak.

Edonork har zezakeen arren, han zegoen dirua. Elkarte gastronomikoan bezala, “dirua utzi bertan”. Gutako batek berehala egin zuen komentarioa: “Euskal Herriko mendi baten bazterrean honelakorik balego, barruan ez litzateke euro bat ere egongo”. Ados geunden guztiok. Geure buruari buruzko beste begirada bat da honako hau. “Euskalduna naiz eta ez nago hain harro”.

Erlatibizatzea ona izaten da, eta geure buruari harrotasun gehiegirik gabe begiratzea ere bai. Izan ere, badugu zer egin, jendarte moduan, pertsonak moduan, hobeak izateko, justuagoak, libreagoak, zintzoagoak … Eta, dagoeneko elkarte gastronomikoez ari garela, zergatik ez pentsatu errealitate horretaz? Hain harro egoteko modukoak dira? Baita genero ikuspegitik ere? Hau da, zenbat emakumezko daude elkarte gastronomikoetako kideen artean? Eta zergatik? Egin dezagun bidea, eta neurrira ekar dezagun harrotasuna; apaltasunak lagunduko baitigu, seguru, harroago sentitzeko moduko aldaketak bideratzen.

Dirua utzi bertan

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.

Zer duzu buruan “Dirua utzi bertan”-ri buruz

  • Ederki ekarria. Kulturalki hitz eginda, euskaldunok Europako hegoaldean iparraldekoak gara, eta iparraldean hegoaldekoak. Esango nuke hanka bat penintsulan eta beste bat kanpoan edukitzeak ere eragin handia daukala horretan.

    Ez gara gizarte erlojuak bezala funtzionatzen duen gizarte zurrun nordiko bat, baina ezta ezer baino gehiago kaotikoa den hegoaldeko gizarte bat. Gizarte funtzionala gara, baina bizipozaren espontaneitate puntua daukagu. Demografia eta kultura aldaketekin azken hamarkadetan gauzak asko aldatu direla dirudi, eta zoritxarrez etorkizunean drastikoki gal dezakegu izateko modu propio hori. Zain dezagun nortasuna!