Denboraren iragaiteaz

hec-hondartzan.jpgBerrian, atzo Gaizka Irozen argazkian.

Uste dut Basarri zela, harako hura esaten zuena: “Denbora ez duk pasatzen, geratu egiten duk, norberaren bizkar gainean”. Egia borobila. Baina batzuetan ez gara, hala ere, horretaz ohartzen. Egunero ispiluan agertzen zaigun morroiaren aurpegia ezaguna egiten zaigu, denborak batere eragingo ez balio bezala, eta soilik aspaldiko argazki bat ikusitakoan ohartzen gara denboraren iragaiteak eragiten duen erosioaz.

maurarekin.jpg Duela 20 urte, Uriarteren argazkian.

Handia da aldea, handik hona. Baina niri atzo kontrakoa gertatu zitzaidan, BERRIAk argitaratu zuen nire argazki batekin, lehen lekuan jarri dudan horrekin: ez nuen neure burua ezagutu, etorkizunekoa baita izan argazki hori, hemendik urte batzuetara egiteko modukoa. Neu baino askozaz zaharragoa den gizon bat ageri da neure lekuan. Ehun bat argazki botako zituen argazkilariak, baina horixe hautatu dute argitaratzeko: neu baino hamar edo mila urte zaharragoa den norbaitena. Eta jartzen naiz pentsatzen argazkiko hori bezala ikusiko nautela besteek benetan, bestela ez zutela halakorik argitaratuko. Eta erabakitzen dut decalage ikaragarri bat dagoela norberak uste duenaren eta besteek norberari buruz duten ustearen artean. Edo antzeko zerbait. Kontua da, bietako bat, argazki kamera edo neu, gezurretan dabilela. Auskalo. Edurne Zurik bezala, nire ordenadoreko ispilutxoari esaten diot egiteko argazki bat, oraintxe bertan, jaiki berritan, orraztu eta bizarra egin gabe nagoen honetan. Eta egin egiten dit.

foto-102.jpg Gaurtxe, ene Mac-ean.

Ez hori eta ez hura, honako hau naiz, beraz, une honetan. Eta nork duen arrazoi erabaki ezinda geratzen naiz, ostera: kamerak ala nik.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

6 pentsamendu “Denboraren iragaiteaz”-ri buruz

  • Walter Oskoz 2008-02-24 22:53

    Ados. Atzokoan neuk ere “Joder Etxeberria, hori astelena!” pentsatu nuen. Eta ez-edertzat jo nuen erretratua. Hala ere, gaur Mac-ek agertarazitako aurpegiari erreparatuta (askoz hobea doike!), pozoina argian dagoelakoan nago. Ez makilaia, ez bisaiaren bixarra, ez botox-a: argia ongi gobernatzen dago gakoa (beha bestenaz aurpegiaren eskuin eta ezkerraren asimetria estetikoa).

    PD: Hemendik bertatik aitzineko post-ean Martxelori hiretako zutabea eskatu eta, hara: elkar hizketa. Perpetratutako argazkia alde batera, ez zagok gaizki, ezta?

  • Gogorrena duk, Walter, ez nuela batere astelehenik, bederatzi ordu lo eginda, sano-sano nengoela, eguna eder, neu prest eta pozik… eta gero argazki horretan zahar eta haserre bezala. En fin, esandakoa: hala ikusiko naitek. Alabaina, elkarrizketak ez dik zerikusirik hik eginiko aipamenarekin, hitzordua aurretik zegoan eginda. Martxelori dagokionean, ez hura niganako xaxatzen ibili, otoi, lehendik ere kostatzen zaidak eta hark nire ezetzak onartzea. Terko totala duk horretan. Eta orain adio, ohera noak, ea bihar aurpegi hobearekin esnatzen garen. Auskalo.

  • Ez pentsa, Hasier, aukeran hainbeste argazki zegoenik; sentitzen det disgustua. Astelehena zuena kamera zen, zalantzarik gabe. Nik azuleju arabiarrezko gelatxo biribil hartan ikusten zaitut, ke arteko hitz aspertuan, aldi berean zahar eta gazte. Ohorea izan da niretzat zu pixka bat ezagutzea. Perpetratzaileetako bat.

  • Gure gorputzaren diseinuak gure buruari begiratzea galerazten digu. Begiak buruan itsatsita ditugu, bi antena luzeren puntan beharrean.

    Gure burua nahi degunean ikusterik bagenu, eta ikusiko bagenu, seguruasko zaharrago sentituko ginateke. Eskerrak beraz, hala diseinatuta gauden, noizbehinkako disgustoak gorabehera.

    Nolanahi ere, haiek kasu gehiago egiten diote gure izaeraren adinari, azalarenari baino.

  • Kaixo Hasier!
    Ez dakit neurea non idatzi eta hemen jartzea erabaki dut. Aspalditik ezagutzen dut zure lana: telebistatik, liburuetatik… baina blogean, hemen, aurkitu zaitudan arte, ez nuen zureekin hainbeste gozatzen. Ikaragarri gustatzen zait zure zer hau eta ordenadorea irekitzen dudan bakoitzean egiten dizut bisita, zeozerren bila:liburuetara, sukaldera… Izena ere kopiatzea pentsatu ez dut ba! josinaz konzetafinal. Izan bizkor!

  • doriangreitxu 2008-03-05 23:08

    Aurreko batean haurrek eta neronek argazkiak atera genituen, paperen batzu berritzeko. Alaba gazteena, 14 urte, haserre agertu zen, “potola” eta “mutur handi” eritzi ziolarik bere buruari argazkian.
    Neure burua gogoratu zidan, hainbatetan gorrotatu nuen ezagutzen ez nuen irudia muturrera botatzen zidan argazkia…
    Orain ez dut horrelako penarik. Egindako egunean gorrotatu nituenak urte batzu geroago ederrak iruditzen zitzaizkidala konturatu nintzen gerora. Inuzentzia galdu nuen egun horretatik ez dut gehiago nire buruaren argazkirik juzkatzeko adorerik. Hori bai, ispiluaren aurrean edertzen nautelakoan dauzkadan keinuak egiten jarraitzen dut. Eta asmatzen ez dudanean, mihia luzatzen natzait.