Denbora askearen utopiaz

Denbora askearen utopiaz –

Erretreten erreformaren inguruko eztabaidak eta borrokak, lanak gure bizian duen garrantzia berriz gogoetatzera eramaiten gaitu. Gai horri begira abertzaleek “korapilo” batekin topo egin dugula iduri du. 

Denbora askearen utopiaz

Hainbat soziologo eta ekonomilariek baieztatzen dutenez, martxan diren teknologi aldaketek (bereziki adimen artifizialarena) enplegu suntsiketa handia eragingo dute ondoko urteetan.

Egiturazko langabezi masibo bati erantzuteko molde egokiena da lana partekatzea, lan denbora murriztuz.

Horrez gain, krisi ekologikoak halabeharrez hazkundearen logikarekin bukatzea behartuko gaitu.

Desazkundearen kontzeptua iradoki zuen Nicholas Georgescu Roegen ekonomilariak ziona gogoratzea komeni da : “soilik ero batek eta ekonomilari batek baliabideak mugatuak dituen planeta batean hazkunde mugagabea izan daitekeela pentsa dezakete”.

Hortaz, Frantzian ekologia politikoaren sortzaile nagusietariko bat bezala jotzen den André Gorz-en azterketak lanaren inguruan asko itzulikatu badira ez da kasualitatea.

Gero ezberdinen horizontea

André Gorz-ek formalizatu zituen gogoetetatik funtsezko ondorio bat azpimarratu daiteke: arriskuz beteriko bilakaerei (tartean beraz krisi ekologikoarena) buru egiteko orduan, gero posible ezberdinen horizontea ideki behar dugu, beste mundu baten ametsa errealitatea bilakatzeko. Beste gisa batez erranez: epe ertain, luzean, bortxaz eman beharko ditugun aldaketek daukaten sakontasun maila ikusirik, utopia batzuen inguruan berriz amets egitera behartuak gara; aldaketa horiek modu egoki batean norabidetu nahiko baditugu behintzat…

Perspektiba hortatik, André Gorz-ek lan denboraren murrizketaren haritik egituratu daiteken jendarte “berri” baten irudikapena eskaini digu. Berak bi motatako “lanak” ezberdintzen zituen.

Alde batetik, lan “heteronomoa”, gaur ezagutzen dugun “enplegu” baten ezaugarriak dituena.

Alegia, interes kolektiboari erantzuten dion lana, eta parte handiz gure jendarteetan lansariduna izaten dena. Baina lan mota hori drastikoki murriztu beharko denez, denbora librearen aro berri bat idekiko da gure jendarteetan. Pertsonek denbora libre hori gustukoak dituzten jarduerekin betetzen ahalko dute; jarduera horiek mota askotarikoak izan daitezkeelarik: aisialdi, kirol, kultura mailakoak, etab. Baina inguruan ditugun erretretadunek erakusten digutenez, jarduera horien artean, hainbatzuk izaera “produktiboa” eduki dezakete, jendartearentzat balio erantsi sozial inportante bat eskaintzen duten neurrian: haurren heziketa, adinekoen zaintza, baratzegintza etab.

Merkatuaren aztaparetatik ken

André Gorz-ek lan mota horiek “lan autonomoaren” kategorian sailkatzen zituen. Lan heteronomoaren murrizketak eta lan autonomoaren eremuaren idekitzeak ondorio ezberdinak kateatu ditzakete. Horietako bat da merkatuaren bitartez gauzatzen diren trukeen apaltzea, harreman sozialen aberastearen mesedetan.

Adibide bat hartzeagatik : denbora libreari esker senideek adinekoen zaintza hobeki bermatuz gero, zahar etxeen beharra ttipituko litzateke, eta beraz, funtzio hori merkatuaren aztaparretatik kenduko litzateke.

Beste ondorioa da pertsonen parte-hartze sozial eta politikoaren aukerak biderkatuko liratekeela. Eta sail ezberdinetan (Aek, ikastolak, sindikalgintza etab…) murgilduak diren militante abertzaleek ongi dakite zer suposa lezaken horrek… Holako utopien zerumuga berriz begiratzen dugularik, inposatu nahi dizkiguten “erreformak” (erretretena kasu) zenbateraino oker norabidetuak diren ohartzen gara…

Denbora libreari esker
senideek adinekoen zaintza hobeki bermatuz gero,
zahar etxeen beharra ttipituko litzateke,
eta beraz, funtzio hori merkatuaren aztaparretatik
kenduko litzateke.

Aldi berean, parean ditugun sakoneko aldaketei egokitzeak funtsezko eremu batzuei begira inplikatzen dituen pertzepzio eta ikuspegi aldaketen neurria ere berriz hartzeko laguntzen gaitu. Lanaren kasuan: guttiago produzitu behar dugu, beraz, lan guttiago egin behar dugu. Betebehar hori aukera bat bezala kontsideratu behar dugu. Baina euskaldunen inkonsiente kolektiboan bizi-modu “zuzena” edo “sendoa” eramateak lanean gogorki aritzea suposatzen duenez, ez dut uste abertzaleentzat perspektiba aldaketa hori barneratzea baitezpada erretxa denik.

Xabi Larralde

Denbora askearen utopiaz
Denbora askearen utopiaz

Ekonomia irakaslea. Sortuko bozeramailea.

Zer duzu buruan “Denbora askearen utopiaz”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-03-01 10:38

    Xabi zurekin bat nago, ezinbestekoa da lanari buruzko gogoeta bat eremaitea. Sekulan baino gehiago, eta, batez ere « abertzaleentzat » orai arte nahiko axolgabeak izan direnak alde horretatik.
    Duela 80 urte jada Simone Weil filosofoak zioen lana izanen zela XXI. mendearen erronka.
    Aldiz, Gorzi dagokionez, zure ganik irakurtzen dutanaren araberan iduri luke lan ( heteronomo) aren desagerpenaren apologista bat dela. Uste dut Ellul bizan zela horrelako beste bat.
    Pentsatzen dutena jakitea inportantea izan arren ez dut uste ez Gorzek ez Ellulek asko lagunduko gaituztenik gogoeta horretan.
    Ainitz inportantagoa iduritzen zait Izadiaren baliabideen mugatutasunari buruzko Nicholas Georgescu Roegen aipamena.
    Ongailu kimikoen, peztizidioen, eta erregai fosilen erabilera tipitzeko lan gehiago egin beharko dela landa eremuetan erranez, uste dut ez naizela tronpatuko.
    Elkarrizketa abiapuntutzat, beharbada zehaztu beharko zinituzke oraiko eta gerorako zure lanaren ikuskera eta definizioa
    « interes kolektiboari erantzuten dion lana, eta parte handiz gure jendarteetan lansariduna izaten dena »
    Lanaz ari garenean, lanaren helburua edo ekoizpena, zuzendua zaion komunitatea eta, besteak beste, lan baldintzak aztertzea eta zehaztea erabakigarria da.
    Zure artikulua salabardoan pasaturik, ezdakit iruzkina irakurriko duzun bainan horrela gerta baladi, Thomas Coutroten « liberer le travail » luiurua, Zuzeuen aipatu nuena, kontseilatzen dizut.