Death Cafe

Death Cafe –

Death Cafe
Ur-Handitan saioko fotograma bat

Konbentzionala da,  nolabait, argazkia. Hamabost lagun borobilean eserita, sei gizonezko eta bederatzi emakume, adin ertainekoak gehienak. Erdiko mahaian, kafea. Serio ageri dira denak, baina aldi berean lasaitasuna sumatzen da giroan.

Death Cafe deitzen duten saio bat da; Death Cafe esanda, arinagoa gertatzen da kontzeptua; euskarara itzulita –Heriotzaren Kafea– gordinagoa. Argazkiko bilera Azpeitikoa da; duela urte pare bat hasi omen ziren saioak egiten.

Zihara Jainagak BERRIAko erreportajean hitz gozoak erabili ditu gaia aurkezteko: “Heriotza nolabait laztandu eta samurtzeko, heriotzari buruz jarduten dute Death Cafe egitasmoetan”.

Iñaki Arregi dinamizatzailearen esplikazioa: “Motibazio bat izaten du jendeak halako ekimenetan parte hartzeko, eta motibazioen atzean behar emozional bat egoten da gehienetan”.

Beste gogoeta hau egin du Oiane Valenciano parte-hartzaileak: “Bizitza osoa igarotzen dugu saihesten”. (Heriotza saihesten, alegia). “Eskolara bizitza nola bizi ikastera joaten gara; heriotzaren aurrean, aldiz, ez daukagu ikasketarik”.

Bizigiro ataleko erreportajeak erakusten du badagoela jende ausarta, tabua hautsi eta heriotzari aurrez-aurre begiratzeko ausardia daukana.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko urtarrilaren 19koa]