Chemtrails eta paranoiak

Chemtrails eta paranoiak

Chemtrails eta paranoiakEsku ikusezina. Bilderberg kluba. Mundua Gadget inspektorearen marrazki bizidunetan agertzen zen maltzur harek maneiatzen du, magalean jazarrita daukan katu zuria laztantzen duen bitartean, algara malerusak eginez, munduaren globo bat begirada gosetiaz irentsiz. Hitler Argentinan hil zen, Jhon Lennon bizirik dago, martxoaren 11ko atentatuak ETA-k egin zituen, eta amaitzeko, klasiko bat: hegazkin batzuek produktuak botatzen dituzte zeruan gu tontotzeko. Hautsak harrotzen dituen gaia, zalantzarik gabe. 

Chemtrails estela kimikoa da ingeleraz. eta sarean tradizio luzea daukan sasi-teorema da. Hodei kimikoek gure Arrazoia baliogabetzen dute, klima aldatu, gaixotasunak zabaldu, edota jendea esterilizatu munduak daukan demasako biztanleria kontrolatzeko.

Eztabaida hutsala zen oso, eta zientifiko batzuk amaiera eman nahi izan diote. Carnegie Institutuak ikertu du gaia modu objektibo eta zientifikoan. Batetik, kimiko atmosferikoak aritu dira lanean, zeruan sortzen diren kondentsazio estelak aztertzen; bestetik geokimikoak, atmosferako hautsak eta kutsadura neurtzen. Zientzialari talde honek errotik baztertzen du chemtrails delakoen teoria, gezurtatu egin dute goitik behera. Baina, noski, hala eta guztiz ere, askok ez dute sinetsiko; konspirazioan sinesten jarraitzen duenak aise pentsa baitezake: “ziur CIA, MI6 eta Mosad daudela ikerketa horren atzean”.

77 zientzilaritik 76k babestu dute chemtrailsak ukatzen dituen teorema. Espero dut babestu ez duen ardi beltz hori ondo egotea osasunez eta ez izatea bihotzekorik hurrengo hilabeteetan, edo istipurik, edo ez joatea ezer kontrako eztarrira… Bestela konspirazioa zabalduko da, zerutik botako balute bezala.

Chemtrails eta paranoiak