Carpe Diem? Zer erremedio…

Carpe Diem? Zer erremedio…

Banoala konturatu naiz; banoala aurrera, dena aldatuz doala, eta noan heinean, atzean geratzen naizela… amildegira iritsi bitarteko itxarongela batean. Orainak bahitu banindu legez dut ikusten ene burua. Garai batekoa, iragana, orain arrunt. Datorrena aldiz, etorkizuna, arrotz. Ni bitartean bide bazterrak miazkatzen. Agudo igarotzen da denbora, aldaketen jarraipena, eta bizitzan, usteak erdia ustela duela ikastera iristen zara. Beste ezertara ez.
Ikastolara bidean nostalgiaz begiratzen ninduten baserritarrak, eta haien aitzurrak farola bihurtu dira, baratzeak eraikuntza, bidexkak galtzada, eta ni… ni hiritar… ni hiritar lerdoa bilakatu naiz. Zuhaitzak igotzeaz zarpaildutako eskuak leunduta, begiak lehor eta azala hotz. Arrotz. Gizarte honen hondar huts bezala sentiarazten nau inguruak, gizarte honen arrasto, gorotz. Hor, lurrean, geratzen den simaur zati bat guztiari adio esanaz, lehortzen… norbaitek baztertu bitartean, edo soilik desagertu artean…
Carpe diem? Ba zer erremedio… ez dut beste aukerarik. Itxarongelako aldizkariak irakurri beharko ditut, dentistarenean egin ohi dudan bezala, eta amaitutakoan gurutzegramei ekingo diet, eta ondoren… bada, ondoren aldizkariak berrirakurriko ditut… eta horman dagoen argazkiari begiratu, eta jesarri izkinako aulkian eta berriz altxatu… eta ondoren aeroplanoak egingo ditut aldizkarien orriak tolestuta… ea zeinek ematen duen itzulipurdi gehien… eta berriz jesarri, eta hormari so geratu… eta lurrera botatako paperezko aeroplanoak jaso eta mahaian utzi… eta pentsatu… eta arrazoitu… eta agian berriz saiatuko naiz aldizkariak irakurtzen… agian…
Banoala konturatu naiz; banoala aurrera, dena aldatuz doala, eta noan heinean, atzean geratzen naizela… amildegira iritsi bitarteko itxarongela batean.

Carpe Diem? Zer erremedio…

Ekaitza bainuontzi batean