Bushen planak

george_bush.jpg

Lagun iparramerikar bat dut, Pekinen bizi dena, ultraliberala bera, beste nire lagun anarkista baten antzekoena. Lagun amerikar horrek askotan esan izan dit ez dela Segurtasun Sozial sistemarik behar, medikuaren beharretan denak, ordain dezala eta kito. Ez eta bestelako babeseko zerbitzu publikorik ere: ez langabeziaren aurkakorik, ez hezkuntza sistema publikorik… merkatu hutsa dela jainko bakar, horrela behar duela horrek. Zentzu horretan irizten dio, zergak ez direla egon behar, ez dituela inork bildu behar, eta dena utzi behar dela merkatuaren arabera, subsidioaren politikak alfer koadrila galanta baizik ez baitaki sortzen. Europako ereduak, irrigarriak iruditzen zaizkio berari: alde batetik zerga aitorpena urtero eta, gainera, erosgai eta zebitzuen gaineko BEZ hori. Gauza bera esan izan dit Estatuaren paperari buruz, bere ustez, estaturik onena, existitzen ez dena da. Horregatik diot lagun anarkistaren antza duela, izan ere, bi pentsamoldeek eskatzen baitute gauza bera: estatuaren desagerpena. Hori bai, batek ezkerreko bidea egiten duen bezala, besteak eskuinetik eginda. Biak zirkuluaren puntu berera iristeko.

Horregatik ez da harritzekoa Estatu Batuetako kongresistek ezetza ematea Bushen planari. Ultraliberalentzat ezinezkoa da halako gauza bat onartzea. Sozialismo modukoa litzateke orain estatua eskua sartzen ikustea, eta esan ere esan du halako zerbait kongresista batek baino gehiagok. Zer egin, orduan? Ba, hortzak estutu eta aurrera segitu, zernahi pentsamendu liberala aldatzen hasi baino lehen. Akabo mundua, bestela!

Edo itzuli enpiriko-filosofikoa egin, nire lagunak bezala: hurbiletik egokitu zaio bere lagun baten osasuna goitik behera etortzea. Bere lagun hori, gizon prestua zen, yuppi horietako aberaskotea, leuzemia edo antzeko gaitz batek harrapatu duenean. Bere zaintzarako gastatu ditu diru guztiak, saldu du autoa, saldu du etxea eta saldu ditu burtsan zituen guztiak, galdu du lana… Kontua ez da hor amaitzen, ordea, gurasoek eta anaia-arrebek hartu behar izan baitute, azkenean, fardela, eta hauetako asko geratu dira, era berean, txurrindurik. Gurasoek ere, esaterako, saldu egin behar izan dute euren etxea eta alogeran hartu apartamentu bat… Nire lagunarenganaino zabaldu da orain babes ezaren zirkulua, ezin, ba laguna, zaindu gabetan hiltzen utzi.

Lehengo batean esan zidan telefonoz, “Konatxe,  litekeena duk nik arrazoi osoa ez izatea eta hik ere izatea apur bat: estatuek baditek zer egina”. Erran nahi baita, otsoari hortzak ikusitakoan sartzen zaiola bati kakalarria.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)