Burusoilen matxinada

Burusoilen matxinada –

Kontatu didate Euskal Herrian
Karrantza eta Ezkiula arteko karrika kantoietan,
Negu gorrian, gizon batek gauero
konfidantzako lagunei xuxurlan
aitortzen diela aterbea bilatzen duela
bere soilgunearentzat.

Burusoilen matxinada

Turkiarekiko pasio itzela bizi dute askok. Geroz eta gizon gehiago dira hegazkina hartu eta Turkiara joaten direnak ilea txertatzera. Aldamenetatik kendu eta buru erdian jartzen dizute ilea bertan, prezio erakargarrian, ziur, eta lehen “bai, laugarrenean bizi den burusoil hori” zena, Mufasaren moduko melenarekin itzuli daiteke, sabanako errege bilakatuta.

“Baloreak” eta “babaloreak” nahasten dituen testuinguru batean ez da erraza hautuen marra subjektiboak marrazten saiatzea. Hots, zergatik mantendu harreman ekonomiko normala mundua txikitzen ari diren AEBekin, edo herria zapaldu eta basoak erretzen dituen Brasilekin, edo armagintzaren gailurrean dagoen Alemaniarekin… eta Turkiarekin ez. Non, eta neurri handi batean burusoil bati orrazi bat saltzean (edota sinpleago esanda behar ez ditugun gauza eta zerbitzu gehiegi saltzean) oinarritzen den eredu ekonomikoan.

Pertsonala politikoa dela defenditzen badugu, paraleloan doazen bi eremu ezberdindu beharko genituzke: batetik, komunitate bateko kide gisa, antolatu eta eragiteko daukagun gaitasuna; eta bestetik, norberaren hautuen esku dagoena.

Kurduak sarraskitzen dituen armada, errefuxiatuak trukerako txanpon gisa erabiltzen dituen potentzia, estatu burujabe bat erasotu duen inperioa, barne oposizioa kupida gabe zigortzen duen gobernua… hori da Turkia. Beste kausa batzuetan boikot deialdia babestuz gero, agian uko egiteko modukoa da bidai otomandar hori…

Ilearen erotika lisoaren gainetik, Sanson eta Dalilaren mitoen kizkurrak saihestuta, eta adatsekiko nostalgia buruzuria errotik ebakita, lagun kaskasoil maitea, benetan diotsut: (Turkian) ilea txertatuta baino askoz ere sexyago zaude zauden bezala.

Burusoilen matxinada

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

3 pentsamendu “Burusoilen matxinada”-ri buruz

  • euskaldun bat 2020-03-03 14:26

    Orain dela gutxi jakin nuen Brasilera hortz inplanteak egitera taldean joaten direnak: inplante beharra dutenak elkartu eta Brasilera taldean joaten dira prezio hobea lortzeko. Abantaila: Brasilera bidaia eta turismoa + inplantea, merkeagoa omen da bertako dentista batena joatea baino. Eta nik esaten diot neure buruari: kutrea behar du izan pertsonak ahoko arazo bat (zerbait txarra badago horixe da bat) konpontzera Brasilera joatelo. Ezagutzen ditut hara joan diren asko eta badakit asko ezker abertzalekoak direla. Baina gero erretola entzun beharra dago: turismo masiboari ez, komertzio txikiaren babesa, kutsadurari stop, klima aldaketare eta eredu kapitalistaren kontra… Nonbait hemengo dentista kapitalista liberal kabroi baten moduan ikusten dute. Burusoilak batzuk, besteak ez, baina denei ere buruan torloju askok huts egin die. Ni hemengo dentistarena joaten naiz eta euskaraz hitz egiten dut berarekin eta hango langile guztiekin. Edozein arazo gertatuz gero, hurrengo egunean berehala begiratzen didate. Hori bai luxua!

  • Mundiala euskaldun bat! Gora zu! Turkiako burusoilekin eta Brasilgo dentistekin nola lotu duzun ezker abertzalea. Zoragarria! Benetan zure iruzkina irakurtzen hasita ez nuela halako bueltarik espero! Hori gidoilaria galdu zuena Goenkalek! Orain, utzi dentistak, eta joan zaitez psikiatra batengana, duzun obsesio hori ea leuntzen dizun…

  • euskaldun bat 2020-03-03 18:03

    Ba Ote, lotura bistakoa da: gaur egungo eredu kapitalista basatia. Bi adibide hauek horixe sinbolizatzen dute, edo ez? Eta horrelako bidaietan ezker abertzaleko jendea ikusiz gero… gauzek ez dute koadratzen, edo?! EAJko kapitalista anker bat ikusiz gero, ez du atentzioa ematen baina ezker abertzaleko bat… Zuen kontraesanek min ematen dutela, baietz? Hala da, bai. Eta EasyJet eta horrelakoetan hegan egiten ikusteak ere bai. Zenbat kontraesan! Elizak baino gehiago.