Burua galdu baino lehenago

Burua galdu baino lehenago –

Nortasun agirian markatuta bi hamarkada besterik ez ditugun guztioi arraroa egiten zaigu zahartzaroaz hitz egitea, gure zimurrak oraindik informazio gutxi islatzen baitute,  bizitako istorioak oraindik berriegiak baitira.

Burua galdu baino lehenagoHala ere, askok eta askok tarteka bizi dugu zahardadea, bigarren pasarteko protagonista ezkutuak baikara, bigarren mailako kaltetuak. Gure senideen begien bitartez, hamarkada horiek gainditzeko prest gauden arren, ezinezkoa zaigu haien soinean jartzea, ezinezkoa zaigu urteen zama guztiz ulertzea. Horregatik burua galdu baino lehenago, honakoa esan nahiko nizuke amama.

Txikitatik heroitzat izan zaitut, gaztaroan eskola utzi behar izan zenuen arren, bazenekien erosketak egiteko garaian, matematikak ahalbidetzen zizkizun gaitasun guztiak erabiltzen, pesetaz peseta produktu bakoitza kalkulatzen, pesetaz peseta baserriko ekonomia maneiatzen. Familia tradizional batean jaio izan arren, bazenekien garaietara moldatu beharra zegoela eta hortaz, zure burua ahaldundu behar zenuela.

Nire amamaren inguruan galdetu izan didaten bakoitzean nik burdinazkoa zinela esan diet, garaiezina, indartsua eta hauskaitza. Baina badirudi, denborak burdina herdoiltzen duela, badirudi denbora pitzadurak sorrarazten dituela.

Gogorra da, senideen ahuldura sumatzea, hezurren nekezia, memoriaren galera, mugikortasunaren urritzea eta nola ez, humanitatearen desagerpena.

Ba al dago zure esentzia ahaztea baino zigor handiagorik?

Ba al dago bizipenak desegitea baino kondena txarragorik?

Amona ugari daude munduan, baliteke aste pare batzuetan horietako askok hitz hauek ahaztea, baliteke iloba askok berba hauekin identifikatzea eta baliteke ere esentzia galduko dugun horiek, gaur egun eskuizkribu honen esanahia ez ulertzea.

Denbora badoa eta gu harekin.

Burua galdu baino lehenago
adina, Burua galdu baino lehenago, denbora, heriotza, zahartzaroa
Mirari Ullibarri Ugariza

Hala Bediko zurrumurru askea

2 pentsamendu “Burua galdu baino lehenago”-ri buruz

  • “Ba al dago zure esentzia ahaztea baino zigor handiagorik?”

    Hori besterik ez da euskaldunok, gizarte bezala, geure esentziarekin egiten ari garena.

  • Ez aipatzearren (oraindik ondorio osoak iristeke daude) gaztaroan gorputza kaltegarri kimikoz (drogez) bete duten horiek epe ertain-luzera jasaten dituzten kalteak, iada seme-alabengan antzeman daitezkeenak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude