Breaking the wall

Breaking the wall

Breaking the wall

Ez zen erraza izan apartamentu txiki hura aurkitzea. Itziarrekin lau urte igaro eta moztu genuen moduan moztu ondoren, institutuan urte sabatikoa eskatu eta hiriz aldatzea erabaki nuen. Irakasteko ezer ez eta guztia ikasteko neukala iruditzen zitzaidan, izan ere. Denbora luzea gidatu gabe pasa eta autoko bolantea hartzen duena bezala aurkitzen nintzen. Galduta. Nire bizitzaren lema nire eskuetan neukan ostera, baina ez nekien nora jo, kalean bakarrik ibiltzen ere ahaztu zitzaidan. Eta, hala ere, istripu lazgarri batetik ustekabean bizirik ateratzen diren gizajo horien antzera, guztia atzean utzi eta berriro hutsetik hasi beharra nuela sentitzen nuen.

Karrera bukatu nuenetik, egin-ez egin buruan jiraka ibili zitzaidan tesi proiektuari heldu nion horregatik, garai bateko asmo eta ametsak nire eginda, orduan izan nintzen hura ere berreskuratzea izango nuela sinetsi nahirik. Aspaldi pilaturiko material eta oharrak bildu, ordenagailu mugikor bat erosi eta, arropa gutxi batzuk maletan sartuta, ikasketak burutu nituen hegoaldeko hiri zaharrera jo nuen bitan pentsatu gabe. Bizitza berri bat nire zain zegoen.

Bizitza hari inork ez zion ezer jakinarazi, ordea, eta ez zen nire bila etorri harrera egitera. Iritsi eta lehendabiziko egunak, izatez, etsigarriak izan ziren. Egun pare bat hotelean egin eta prezio ertaineko apartamentu duin bat alokatzea zen nire asmoa. Bisitatu nuen lehenengo etxebizitza agentzian bertan ohartu nintzen, baina, bost urte eskasetan ertaina adjektiboaren balioa ikaragarri puztu zela eta duina, berriz, erremedio gabe debaluatu. Unibertsitatetik gertu ikasle jendearentzako apartamentu merkeagoak izaten zituztela esan zidaten agentziakoek, baina, jakina, kurtsoaren une hartan beteta zeuden guztiak, eta hutsune bat sortuta ere, zaila ikusten omen zuten ni maizter sartu ahal izatea. Gazteek gazteak nahi izaten zituzten, noski. Baina, nire modukoentzat, ba omen zeuzkaten etxebizitza eder askoak prezio ezin hobeetan. Pagotxa hutsa.

Bide hori alde batera utzi eta unibertsitatera jo nuen. Kortxoetako afixak eta ikasle aldizkarietako eskaintzak bildu eta batera eta bestera deika hasi nintzen, galtzeko ezer ez eta irabazteko guztia duenaren kemenarekin. Ez alfer gaiztoan. Erantzun bera ematen zidaten denek. Dagoeneko beste norbait hartu dugu. Berandu zabiltza. Barkatu.

Breaking the wallla astebete pasa eta denbora galtzen ari nintzela erabat sinetsita nengoenean, ustekabeko bipareta batez zortea nire aldean suertatu zen bat-batean. Agentziakoek nire eskarietara egokitu zen apartamentu bat aurkitu omen zuten. Apartamentua baino estudioa zen gehiago, alde zaharreko etxe baten ganbara bitan zatitu eta obra eginda atera zuten buhardillatxoa. Bosgarrena, igogailurik gabe. Ikustera joan eta berehala gustatu zitzaidan ordea. Txukuna eta zuela gutxi berritua zen, goxotasuna eragiten zuen egurrezko sabai eroriarekin eta katedral aldera ematen zuten leiho birekin.

Laugarreneko familiak alokatzen zuen. Etxekoandrea emakume andaluziar atsegina zen eta haren senarra gizon burusoil handi bat, beti eztulka ari zena, inoiz sendatzen ez zaien katarro kroniko horietako baten jabe. Aurreko maizterrak bat-batean utzi zuela apartamentua eta nahi banuen berehala sar nintekeela esan zidan honek. Errenta aurretik ordaindu behar zen baina, gainontzeko etxebizitzetan eskatzen zutena jakinda, oso merke. Hantxe bertan eskura eman nion lehen hilabetekoa beraz, eta hotelera nire gauzen bila abiatu nintzen pozik. Topatu nuen nire txokoa azkenean.

Arropak armairuan eskegi eta tesirako materiala eta ordenagailua leiho aldameneko mahaian antolatu nituen, argitsua eta lanerako egokia iruditu zitzaidan lekuan. Gau hartan bertan idazteari ekiteko gogotsu, etxepe bertan zegoen janari denda txikira jaitsi nintzen erdi kantari, erabat etxean sentitzeko hozkailua bete eta afaria prestatzea baino ez baitzitzaidan geratzen. Garbituta eta poltsan sartuta saltzen zituzten barazkiak dendan, eta umore onaren eraginez apetari men egin eta ohi baino gehiago erosi nuen. Kardoak urdaiazpikoarekin eta Cordovineko gorria afalduko nituen. Eskaileretan gora zamatuta itzultzean hainbeste erosteaz apur bat damutu nintzen hala ere, eta aurreko maizterrak apartamentu hura horrexegatik utziko zuela segur aski otu zitzaidan. Tokia, esan nion neure buruari graziatxoa eginez, primerakoa zen, baina bosgarrenean.

Burutapen hori gau hartan bertan aldatu zitzaidan, ordea. Igogailu gabeziaz landa, bestelakoa baitzen etxebizitza haren bekatu nagusia: hormak paperezkoak zituen. Dena entzuten zen. Beheko jabearen eztula. Hirugarrengo nerabearen akordeoi saioak. Haren aitak isiltzeko aginduz egiten zion errieta. Bizilagun gehienek ikusten zuten iluntzeko reality showa. Eta, batez ere, horien guztien gainetik, alboko ganbarako bikotearen txortaldiak.

Justu nire logelaren parean zuten eurena, antza, eta izarape berean bageunde bezain garbi entzun nitzakeen haien mugimendu guztiak. Ohartuak izango ziren, jakina, etxe hartako sonoritate mugen ahulaz, baina intimitate ezak ez zituen inolaz kezkatzen itxura batean. Alderantziz. Jaietarako pregoiaren pare aldarrikatzen zuen mutilak txortan egiteko grina, bikotekideari baino auzokide guztiei zuzenduko balitzaie bezala. Neskaren irri, hasperen eta gozamenezko zantzoak ere bereziki ozenak zirela iruditzen zitzaidan. Propio eginak. Bere kitzikapena aditzeak atsegina areagotuko balio lez. Ez zen isiltzen larrutan ari ziren bitartean, bere fantasiak elikatzen ei zituzten gordinkeriak esaten zizkion arnasestuka sumatzen zen mutilari eta, bukaera aldera, huts egin gabe, sartu, sartu ipurtzuloraino, oihukatzen zuen beti.

Kontu horrek guztiak, izugarrizko traba egiten zidan hasieran, jakina. Nire bizilagunen maiztasuna erregularra bezain sinesgaitza baitzen gainera. Gauero-gauero. Goizean goiz lanera joan aurretik ere bai sarri asko. Hasperenak, hormaren aurkako kolpeak eta sartu, sartu ipurtzuloraino. Han ez zegoen tesiari helduko zion kristaurik.

Hortaz gain, belarri barrutik atera ezinik nenbilen ganbera-musika hark Itziarren irudiak ekartzen zizkidan gogora ezinbestean. Haren titi txiki eta irmoak. Bere zango luzeen liraintasuna. Zamalkatzen ninduenean jartzen zitzaion keinu basati hura. Gaixotzen ari nintzen. Egoera hura ezingo nuela jasan iruditzen zitzaidan tarteka.

Apurka-apurka eta ia oharkabean, aztoramena morbo bihurtzen hasi zen, ordea. Batez ere, alboko neska ezagutu nuenetik. Dendatik erosketa batzuk igo eta etxera sartzen ari nintzela, kalera bidean irten zen bera. Ez dakit nolakoa imajinatzen nuen, baina horrelakoa ez behintzat. Ilea labur eta ikatzaren pareko zuen, irribarrearen goxoa eta begi handi haien berde kolorea nabarmenago uzten zizkiona. Kamiseta gorri lisoa bular oparoek tontortzen zuten eta, gizena izan gabe, galtza bakeroak ere ederki betetzen zituen alde guztietatik. Benetako emakume bat, zalantza gabe.

Adeitsu aurkeztu zidan bere burua. Beraiek ere errentan zeudela, laugarreneko gizonak unibertsitateko irakaslea nintzela kontatua ziola eta bazuela ni ezagutzeko gogoa esan zidan irribarretsu. Aldameneko logelan dilindan imajinatzen nituen bular gozo haiei gehiegi ez begiratzen saiatuz, ez nintzela unibertsitateko irakasle, institutukoa soilik azaldu eta ni ere pozten nintzela azkenean aurrez aurre ezagutzeaz erantzun nion. Ustekabean ihesi zidan aurrez aurre hura entzun zuenean, irribarrea pixka bat luzatu edo okertu zitzaiola iruditu zitzaidan, baina ziur jakiteko betarik izan aurretik, barkatzeko baina presa zuela eta beste batean lasaiago hitz egingo genuela esanaz agurtu zen. Arratsalde osoan ezin izan nuen eskaileretan behera zihoazen bakero haien irudia burutik ezabatu.

Eta gutxiago, afal ostean gauero legez, hormaren beste aldean zirri eta zurrupaden jolasa hasi zenean. Nire gogoa ordenagailuko pantailan iltzatzen saiatu arren, ondoko neskaren hasperen bakoitzak aspaldian lo iraun zuen nire grinaren sua apur bat gehiago hauspotzen zuen. Apunteak berrirakurtzeko ahaleginean tematzen nintzen, baina alferrik zen, ezin nuen esaldi soil bat bukatu. Ezagutu berri nuen bizilagun beltzaranaren irudia baino ez nuen begi aurrean. Zakila gogor-gogor neukan, galtzak lehertu beharrez. Nire erreparoak behingoz gaindituz, praketa ireki eta alboko gelatik iristen zitzaidan erritmora jotzen hasi nintzen kanpaia. Bularretakoa askatu eta bi titi eder haiek esku artean oratzen ikusten nuen nire burua. Iletsua eta zabala imajinatzen nuen bere alu gozoa zurrupatzen. Kurba arriskutsuz jositako gorputz hura goitik behera milika. Lepoa, titiburuak, sabela, izterren barrualdea. Eta, bukaeran, bi eskuez ipurmasailak ondo heldu, bere gainean jarri eta sartu, sartu ipurtzuloraino.

Hain zuzen ere, aldameneko gelatik agindu hura entzuteaz bat lehertu nintzen ni ere, luze, epel, oparo. Nire bizitza sentimentala lokaztu zuten arazoen ondorioz, denbora zen halakorik egiten ez nuela eta, ohi denez, normalean baino gehiago gozatu nuen. Hainbeste, non oharkabean niri ere atsegin marruak ihes egin baitzidan. Kolpera, isilik geratu nintzen. Kabenzotz. Mugimendurik txikiena ere egiteko beldurrez, adi eta mutu iraun nuen minutu pare batez, artega, nire zoritxarreko marruari buruzko hitz baten zain. Ez nuen inolako komentariorik aditu ordea, eta azkenerako lasaitu egin nintzen. Jardunaren beroan, ez zuten bestelako soinurik entzun ere egingo, zalantza gabe. Alferrik kezkatu nintzen.

Oker nenbilen ordea. Entzun zuten. Neskak bai gutxienez. Hala iruditu zitzaidan niri behintzat, hurrengo goizean eskaileretan gurutzatu ginenean. Bere begirada ezberdina zen. Jolastia. Maleziaz betea. Irudipenak zirela esaten nion nire buruari, urduritasunak eta funtsik gabeko kulpa sentimenduak ez ziren gauzak ikustarazten zizkidatela. Ez zela posible nire marrua entzun izana.

Baina egia ala asmatua izan, berdin zion jada. Nahasmen hark guztiak, barruan sortu zitzaidan sua amatatu ordez indar berriz bizitu zuen, izan ere. Nire kontzientziak jarrera hura lizuna eta okerra zela esaten zidan arren -edo horrexegatik, beharbada- alboko bizilagun gaztearen sexu jardunak eragiten zidan kitzikapena gero eta handiagoa zen. Gozamenaz txilioka entzuten nuen bakoitzeko zakila sutan ipintzen zitzaidan, eta hormaren beste aldetik, bere eskua irudikatzen nuen nire hankartekoa gora eta behera astintzen. Kontu handia izaten nuen lehendabiziko aldiko hutsegitea ez berritzen hala ere eta, azken unean, ezpainei hozka egiten nien isilpeko orgasmoan. Ziur nengoen, dena den, marrurik gabe ere berak nire presentzia igartzen zuela. Eta indar bikoitzez gozatzen irudikatzen nuen, aldameneko gelan beragatik norbait kanpaia jotzen ari zela jakinda, bi gizonekin larrutan batera ariko balitz bezala.

Tesiarekin, zer esanik ez, ez nintzen sobera aurreratzen ari, baina nire energia eta adimen oro bereganatzen zituen fantasia hark eraldatzen eta biziberritzen ari ninduela sentitzen nuen. Zer arraio. Amets egiteko eta jolasteko gai nintzen oraindik. Zergatik men egin errealitatearen mugei. Gaztea nintzen oraindik.

Amets larruko irudipenak, gainera, haragitu egin ziren berehala. Eta nola haragitu gero. Ezagutu nuenetik bi aste eskas paseak ziren eta, ordura arte, eskaileretan baino ez genuen topo egin. Egun hartan, baina, etxepeko dendan egokitu ginen. Fruta postuaren aldean zegoen, sagarrak aukeratzeko makurtuta, eta arnasa sakon hartu behar izan nuen bere gainera jauzi ez egiteko. Zango eder borobilak bistaren gozagarri uzten zizkion galtza motzak zeramatzan, eta goitik tirazko kamiseta, grabitate indarrari esker, denda hartako fruta gozoenen heldutasuna nabarmentzen zuena.

Ustekabean begirada altxa eta nire begiak bere soinean nituela harrapatu ninduen. Gorritu eta bista lurrera eramango nukeen nik normalean, baina nahi gabe martxan ipini nuen fantasia hark lotsagabetu egin ninduen, oraindik ulertzen ez nuen eran aldatu. Begiak, bere bularretara zuzendu nituen, nabarmen, aurpegira gero, eta irribarre egin nion.

Irri oker batez begiratzen zidan berak ere. Jolasa gustatzen zitzaion. Banekien. Nire aurrera etorri, bira eman, eta alboan zeuden frutak aztertzen ariko balitz bezala, makurtu egin zen. Ipurdiarekin nire hankartekoa laztantzeko adina, hain justu ere. Une batez horrela iraun zuen, zakila nola gogortzen zitzaidan sumatzeko beste, seguruena. Gero, dendariarengana zuzendu eta bananak eskatu zituen. Bananak, ohartarazi zion dendariak, berde samarrak eta gogorrak daude oraindik, labean egiteko nahi al dituzu. Bai, hain zuzen ere, erantzun zion irribarre batez, labean sartzeko dira.

Haren hitzek sukartuta eta erostera joan nintzena jada ahantzita, meloi bat eskatu nuen nik segidan. Bigunena eta urtsuena aukeratu nuen nik, eginegia zegoelako edo saldu ezintzat zuten horietakoa, eta dendariari arraroa iruditu zitzaion arren, ez zidan ezertxo esan.

Batera irten ginen dendatik. Bata bestearen atzetik. Hitzik egin gabe. Halaxe igo genituen baita etxera arteko eskailerak, eta galtza motz haien edertasuna miretsiz, azken pisuan bizi izanaz poztu nintzen. Norbere atera iritsi ginenean, arnasestuka nengoen ni, eta bera irribarretsu. Begi bat kliskatu, atea zabaldu eta orain arte esanaz agurtu zitzaidan. Presaka sartu nintzen nire apartamentura. Poltsatik atera eta, labanaz, meloiari zuloa egin eta apur bat hustu nuen. Bera dagoeneko antsika entzuten nuen ormaren beste aldean. Aurki, nire hasperenak batu zitzaizkien bereei. Sentsazio bitxia bezain kitzikagarria zen -meloia sastakatzearena. Bizilaguna ere bere buruari atsegin ematen entzun nezakeen, banana izter artean barneratuz eta titiburuak atximurka. Bere txilioak nire belarri ondoan entzuten nituen. Sutan nengoen. Doi-doi eutsi nion azken unean, beste aldetik sartu, sartu ipurtzuloraino agindu zidan arte. Bere marruei elkartu nintzen orduan eta oihu eztiz batera korritu ginen.
Orduan entzun nuen bestea, beste hots erdi-estali hura. Gozamen oihu bat, behetik zetorrena. Laugarrenetik. Sekula sendatzen ez diren eztul kroniko batek lagunduta.

XABIER ETXEBERRIA

Breaking the wall

Ekaitza bainuontzi batean