Botoak edo bonbak

Botoak edo bonbak –

Botoak edo bonbak

Duela zenbait urte bota zuen hiru hitzeko esaldi gogoangarria Alfredo Perez Rubalcabak, eta statu quo osoa lerratu zitzaion: ezin da politika egin biolentzia erabiltzen bada aldi berean. Biolentziaren monopolioa estatuak dauka, eta gai honetan ez da oso gustukoa merkatu librea.

ETA erakundeak duela sei urte utzi zituen armak. Zergatik? Ezker Abertzalearen oinarriak, sakon eta luze eztabaidatu ondoren, hala eskatu ziolako. Zergatik? Ezker Abertzaleko militanteen gehiengoak nabaritzen zuelako borroka armatua ez zela estrategia eraginkorra. Zergatik? Herritarren gehiengoak borroka politiko hutsa eskatzen zuelako, tartean ezker abertzaleko jendeak. Zergatik? Herritarren gehiengo absolutuak bere helburu politikoak bide baketsuetatik erdietsi nahi zituelako. Dituelako.

Kataluniak horretan dihardu, baina ez diote uzten. Bagenekien. Gogor ari da estatua. Ezin du egurra emateaz gain ezer egin, ez baitauka inongo eskaintza politikorik. Azken kolpea: kataluniar gobernu erdia espetxera doa. Ez da azken ukabilkada, etorriko dira handiagoak, eta baxuagoak.

Kezkatzen nauena hau da: Kataluniak ez badu aurrera egiten, zer? Esan zitzaigun biolentziarik gabe edozer gauzaz hitz egin zitekeela, eta noski, gezurra zen. Estatuak iraultza demokratiko hau modu biolentoan zapaldu eta gelditzen badu, zer geratuko zaigu?

Orain da karrikara jauzi egiteko tenorea. Orain. Desobedientziaz, herri borrokaz, kuraiaz egin behar diogu aurre estatuari ahalik eta fonte gehienetan. Iraultza baketsu eta demokratiko hau garaile atera behar da.

Botoak edo bonbak esan ziguten. Kataluniak ez badu irabazten, oso mezu arriskutsua ailegatuko zaie belaunaldi berriei eta ez hain berriei: botoek ez dutela balio, eta biolentziak bai.

Horregatik, merezi du gaur, bihar eta etzi kalean izatea, Bilbon edo norberari tokatzen zaion tokian; gure patua dirudien bezain beltza izan ez dadin.

Botoak edo bonbak
Botoak edo bonbak, estrategia, Katalunia

4 pentsamendu “Botoak edo bonbak”-ri buruz

  • “botoek ez dutela balio, eta biolentziak bai” Bingo! Boterea zertan oinarritzen den azaldu duzu labur-labur. Gaur egun elite politiko-ekonomikoei aurka egiten dion edozein proiektu indarra erabiltzera kondenatua dago bere helburuak erdietsi nahi baditu. Hau ez da mezu arriskutsua, ez da iritzia, errealitate gordina da. Ongi etorri ba errealitatera

  • euskaldun bat 2017-11-03 22:32

    Hau guztia Castillaren konkistarekin hasi zen. Castillari hori egiteko zilegitasuna eman ziona Eliza izan zen. Geroztik nahi duzuen guztia esan eta egin dezakezue baina morrontzan jarraituko dugu. Inork ez dugu hautatu Castillaren menpeko izatea, hala esaten badigute ere.

  • Ez dakit Kataluniak irabaziko duen ala ez… baina argi geratu da irabazten badu ez dela botoei esker izango

  • Irabazi duela ez dago zalantzarik. Hiru miloi azpitik lurraldeak kontrolatuak eta indar okupataileak bunkerizatuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude