Blog hau berpiztu nahi nuke

(cc-by-sa: kevindoodley)

Ez dira gauzak aldatu: beti lez, “dana lanbrotute ikustot“, gainean jarri dudan argazki erogarrian bezala, baina gehiegi eskatzea ez bada, Blog Day den honetan,  urtebete baino gehiago itxita eta hilda egon den bazter hau jarri nahi nuke berriro sutan. Eta sua ez bada, ukan dezala bederen arnasa eta berotasun apur bat ostera ere.

Zergatik? Argi ez dakit, baina esango nuke asko zor diodala ALUA MUNDUARI, eta itxi nuenetik ezin izan dudala gainetik kendu halako zurtasun zantzu bat.

Zuzeu sortzen ibili izanak eta nire idatziak han argitaratu izanak ez nau erabat asetu. Jarraituko dut han idazten, baina hau utzi gabe. Izan ere Zuzeu plaza handiegia bilakatu da kontutxo batzuetarako. Esate baterako, irakurtzen ditudan liburuez hemen eraman izan dudan kontabilitate mutua gordetzeko, edo “erokeria bazterrekoak” egiteko.

Zuzeu komunikabide bilakatua dabil, zorionez, baina idazlan guztiak ez dira zur bereko ezpal izaten, ez dute denek gauza guztietarako balio izaten. Eta idaztea gustatzen zaigunoi, denetik idaztea gustatzen zaigu sarri. Niri bai, bederen.

Kantariak ibiltzen dira gure oso antzera: badituzte kantuak ahoz goran egiteko,  badituzte kantuak belarrira xuxurlatzeko eta areago, badituzte abestiak bakardadean baleude bezala kantatzen dituztenak.

Asmoa dut, hemen ikasitakoak han erabiltzeko eta, han ikasitakoak hemen. Esate baterako, oraintxetik hasita, hemen argitaratzen den guztia CC-BY-SA lizentziapekoa izango da, baten batek ezertarako erabili nahi baleza. Hori han ikasitakoa da, baiki.

Ez dakit noiz eta ez dakit zenbat idatziko dudan. Horrek ez nau batere kezkatzen.

Kontua, Zuzeu bezalako albistari zabal/iriki baten eta Facebook/Twitter bezalako tresnen artean, tarte bat badela bistakoa da eta probestu egin nahi dut espazio hori, gogoak  jotzen didan bakoitzean bertan pausatzeko.

Ikusiko dugu ekinak zer dakarren, ostera ere, hatzetako minaz gain. Mementuz, behintzat, ALUA MUNDUAK errauts izaterai utzi dio, eta hegaldatzen ari da jada, laino guztien artetik, sasi guztien gainetik.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

8 pentsamendu “Blog hau berpiztu nahi nuke”-ri buruz