Biurrun eta gero

Biurrun eta gero

Garbiñe Biurrunen izena aireratu zenean Lehendakari gai izateko, Ahal Duguren baitan buruargiren bat behintzat bazegoela pentsatu nuen. Bikaina iruditu zitzaidan epaile andrea lan horretarako hautatu izana eta pentsatzen hasita nengoen EAJk eta Bilduk aski lan edukiko zutela aukera horri aurre egiten.

Ez naiz orain Biurrun andrearen loriapenak egiten hasiko, baina Ahal Duguk zerrendetan inor ezagunik ez edukitzetik, ganorazko hautagai bat edukitzera eman zuen saltoa aukera horrekin eta ene iritzirako ez nolanahikoa, gainera.

Biurrun eta geroEz zegoen jakiterik, baina Biurrunek baietz erantzungo zuela uste zutenetakoa izan nintzen. Bistakoa da errealitatea eraldatzea gogoko duela tolosarrak, horretan saiatzen dela alde batera eta bestera, eta gutxitan agertuko zitzaion aukera handiagorik horretarako Lehenedakari gai izanda baino.

Ezetz erantzun zuen, ordea, eta jabetu nintzen uste baino argiago dela Biurrun, bizitza bera duela maiteago korapilotan ibili baino. Hala ulertu nuen nik, bederen.

Eta jarri nintzen pentsatzen nor besterik aukera zezakeen Ahal Duguk hark utzitako zuloa betetzeko, esaten baitzuten bazirela aukerako pertsona gehiago ere. Euren afiliatu zerrendetan ez daudenak, gainera.

Berriro diot, Biurrunen baliokiderik nik ez nuen beste askorik ikusten, iruditzen baitzitzaidan, hauteskundeetan lehena ez geratuta ere, euskal gizarteak, modu batean edo bestean, onartzeko moduko hautagaia zela: mediatikoa, aurrerakoia, euskalduna, emakumea…

Foto finishera Otegi eta Urkullu zaldien parean iristeko moduko behorra gerta zitekeen Biurrun, eta hori horrela gertatuko balitz, iruditzen zitzaidan bera zela hiruretatik kontsentsu handiena jasoko zukeen hautagaia. Erran nahi baita, Biurrunek adiskidantzak biltzeko aukerak zituela baita berak ordezkatzen ez zituen aukera politikoetako asketan ere.

Aitor dut Ahal Dugurentzat ez zitzaidala haren pisuko beste izenik bururatzen. Deformazioz, idazle izenak etortzen zitzaizkidan burura, batez ere, baina berehala uxatzen zituen haiek denak ene adimenak, seguru asko idazle bat baino izaki dorpeagorik ez baita aurkitzen ahal munduan administrazioaren gobernatzeko.

Eta horrela, Iñigo Lamarkaren ezetza zabaldu da berrikitan. Ostera ere harritu naute Ahal Dugukoek, ez baitzen Lamarkaren izenik nire irudimenean behin ere agertu.

Menpean ezin harturik nabil Ahal Dugukoek sortzen didaten kitzikapena. Abilak dira, oso abilak, ixilpekoetan. Ikusten ditut ekaitz-bilera horietakoetan murgildurik Lehendakarigai izateko moduko izenak botatzen eta, diooosss!, ez dakit zer emango nukeen baztertxo batetik egotearren begira eta entzuten.

Ostera ere niri neuri ez zait izen-abizen askorik bururatzen: ezkertiarra, ezaguna, kontsentsua eragiteko modukoa, elebiduna… Ez dago erraza. Berriro ere idazleren bat, gehienez ere. Segur zuri etortzen zaizula lan horretarako pertsonaren baten izena burura, niri ezinezkoa baitzait inor irudikatzea, nolaz eta arrainek ezin duten pentsatu ere egin arboletan gereziak sortzen direla.

Biurrun eta gero
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

7 pentsamendu “Biurrun eta gero”-ri buruz

  • Nahiz ta nire iruzkinak hemen balio ez izan anomimoki idazten dudalako, nire ustetan PODEMOS bozkatzen duen jendea Pablo Iglesias bozkatzen du, berdin du angurri bat aurkezten bada ere, boz berberak izango dituzte.

  • Hasier, ez zaitzan ustekabean harrapa: gaur jakin dut, Ahal Duguko buruzagi batek esanda, Ahal Duguren zerrendan badagoela, Biurrunen eta Lamarcaren ondoren, zuk aipatzen dituzun ezaugarriok -ezkertiarra, ezaguna, kontsentsua eragiteko modukoa, elebiduna- goitik behera betetzen dituen idazle bat: zu zeu, Hasier Etxeberria. Ez zaitzan ustekabean harrapa :-)))

  • Hasier Etxeberria

    PNVkoa naizela esan izan didate, troskista ere bai, iruzkin hauetan bertan “ezker abertzalearen pelotillero ofiziala” naizela ere bai, Espainiako poliziaren esku beltza, ETAkoa…. hainbeste kargu! Askotxo niretzat, egia esan. Hala ere, aipatzen duzuen hau berria da, Podemoseko nintzenik ez neukan sekula entzuna. Tximeleta bailitzan, orratzarekin zulatu eta bilduman sartuko dut, beraz. Eskerrik asko.

  • Galdera bat 2016-06-07 12:24

    Neri beste bat otutzen zait, Iosu Ion Imaz-en itzulera politikagintzara!

  • Pozten nau Biurrunek ezetz esatea Ahal Duguri. Politiko bezala alderdiaren esanetara makutu beharko lukeelakoan nago eta tertuliakide gisa aritzen den askatasunarekin ezin izango luke jardun nere ustez. “Yo Klaudio” programak balio handi bat galduko luke. Bere independentzia asko baloratzen dut. Egurra eman behar duenean edarki ematen daki eta arrazoia eman behar duenean ere etzaio alderdi zehat baten argumentario estuari lotzen.
    Gainera, animalia politikoa izaten jarraituko du, politikoak ez daude-ta legebiltzarrean bakarrik, zorionez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude