Bigarren sexua

Bigarren sexua –

Ugaria da oso, ikaragarri emankorra. Zenbat ideia dagoen zortziehun orrialde filosofiko-antropologiko-politikootan, bor-bor! Euskaraz ederki emanak. Noiz kontaera prosaikoa, noiz poetikoa. Irakurgai ederra jaiotarako. Hona lagin bat:

bigarren sexua“Mito guztien atzean, Subjektu bat dago bere esperantzak eta beldurrak zeru transzendente baterantz proiektatzen dituena”. Emakumeek, Subjektu gisa agertzen ez direnez, ez dute sortu beren proiektuak islatzeko moduko mito maskulinorik; ez dute beren-berena den erlijiorik, ez poesiarik: gizonen ametsen bitartez egiten dute amets. Gizonek fabrikaturiko jainkoak adoratzen dituzte. Gizasemeek, aldiz, gizonezko figura apartak asmatu dituzte beren burua goraipatzeko: Hercules, Prometeo, Pertzeval; heroi horien destinoan, emakumeak bigarren mailako toki bat besterik ez du. Dudarik gabe, badira gizonaren irudi estilizatu batzuk, emakumearekin dituen harremanetan ikusia den aldetik: aita, seduktorea, senarra, jeloskorra, seme prestua, seme gaiztoa; baina gizonek berek finkatuak dira irudi horiek, eta ez dute erdietsi mitoaren gradua; klixe batzuk baino ez dira. Emakumea, aldiz, gizonarekin duen harremanean definitua da, eta horretan bakarrik (…).

Zaila da beti mito bat deskribatzea; ez du onartzen ez harrapa dezaten eta ez muga dezaten; kontzientziei segika ibiltzen zaie, baina haien aurrean objektu finko bat izan gabe sekula.

Hain da sigi-sagatsua, hain kontraesanezkoa, hasieran sekula ez zaio antzematen orobatasuna: Dalila eta Judith, Aspazia eta Lukrezia, Pandora eta Ateneaemakumea Eva eta Ama Birjina da aldi berean. Idolo bat da, neskame bat, biziaren iturria, ilunpeko indar bat; egiaren isiltasun oinarrizkoa da, artifizioa, berriketa eta gezurra; sendatzailea eta sorgina da; gizonaren harrapakina da, haren galgarria, gizona ez den guztia eta gizonak eduki nahi duen guztia, haren ukazioa eta haren izateko arrazoia (…).

Emakumea lurra da, eta gizona, berriz, hazia; emakumea Ura da, eta gizona, berriz, Sua. Kreazioa askotan irudikatu izan da suaren eta uraren uztartze baten gisan; hezetasun beroak sorrarazten ditu izaki bizidunak, Eguzkia itsasoaren senarra da; Eguzkia eta sua jainko maskulinoak dira; Itsasoa, berriz, amaren sinbolorik unibertsalenetako bat. Inertea denez, urak izpi pindartsuen ekina pairatzen du, eta haiek ernaltzen dute. Nekazariak landuriko lurrak ere halaxe jasotzen ditu, geldi, bihiak ildoetan. Hala ere, ezinbestekoa da: hark elikatzen du hazia, hark ematen abegia eta mamia. Bigarren sexuaHorra hor gizonak zergatik segitu duen emankortasunaren jainkosak gurtzen baita Ama Handia tronutik kendu eta gero ere; Zibeleri zor dizkio uztak, behiak, joritasuna. Bizia bera zor dio. Sua goresten duen bezala goresten du ura. “Aintza itsasoari! Aintza haren olatu su sakratuz inguratuari! Aintza uhinari! Aintza suari! Aintza abentura bitxiari”, idatzi zuen Goethek Faustoren bigarren zatian. Ohore egiten dio Lurrari (…).

Bigarren sexuaGarai batzuetan, erromantizismo bitalista bat ere izan da. Bizia Espirituari gailentzea nahi zuena: halakoetan, lurraren, emakumearen emankortasun magikoa zoragarriagoa da gizonak prestaturiko operazioak baino; halakoetan, gizonak amets egiten du amaren ilunpean galduko dela ostera, han bere izatearen zinezko iturriak aurkitu nahian. Ama, hain zuzen, kosmosaren barrunbeetan sarturiko sustraia da, handik zukuak xurgatzen dituena; ur bizia ateratzen den iturria da, eta esne elikagarria ere bai, sorburu beroa, lurrezko eta urezko lohia, berritze-indarrez betea. Baina, gehienetan, gizona matxinatu egiten zaio bere kondizio haragizkoari; jainko tronugabetu gisa ikusten du bere burua: zeru argitsu ordenatutik amaren sabeleko kaos ilunera erori izana, horratx gizonaren madarikazioa. Emakumeak preso dauka lurraren lohian su hori, hats aktibo eta aratz hori, non gizonak bere burua aurkitu nahi baitu. Gizonak beharrezkoa izan nahi luke Ideia puru bat bezala, Bata bezala, Oro bezala, Espiritu absolutua bezala, eta preso dago gorputz mugatu batean, aukeratu ez dituen toki eta denbora batean, deitu ez dioten toki eta denbora batean, alferrikako, trabagarri, zentzugabe. Gizonaren izateari berari dagokio sufritzen duen haragizko kontingentzia, bere abandonamenduan, bere funsgabezia justifikaezinean. Kontingentzia horrek heriotzara ere kondenatzen du. Umetokian (hilobi bat bezain ezkutukoa eta itxia den umetoki horretan) sorturiko gelatina dardartiak hainbesteraino dakar gogora sarraskiaren likitsa, non gizona hotzikara batez apartatzen baita hartatik” (172-175 orr.).

Bigarren sexua  Bigarren sexua

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

8 pentsamendu “Bigarren sexua”-ri buruz

  • A ze poza eman didan Patziku Perurenaren agerpenak paraje hauetan! Giro itogarri honek kontrapisuak behar ditu

  • Bada, jarrai ezazu Patziku Perurenaren beraren gomendioa: “Ni hemen iraizeko nere huskeria batzuk azaltzen saiatu naiz. Zuk zeureak izanen dituzu. Zeure insilioak. Inork ez baitaki non bukatzen den testua.”, hau da, Sarrionaindiaren “Airea ez da debalde”-ko liburuko atalei zeure insilioak eransten. Integrazio hierarkikoaren (105.or) atalean, besteak beste, honela dio Sarrionaindiak: “<> deitzen zena, zimarroiena-eta, ez zen beltzen arazoa baizik eta zuri arrazistena. <> ez da sekula izan, sufragistekin hasi eta egunok arte, gizarte egitura patriarkalena baino. Eta <> ere Espainian nagusi diren egitura eta kontzeptuena da batez ere” (107or.).

  • honela dio Sarrionaindiak: “Beltzen arazoa” deitzen zena, zimarroiena-eta, ez zen beltzen arazoa baizik eta zuri arrazistena. “Emakume arazoa” ez da sekula izan, sufragistekin hasi eta egunok arte, gizarte egitura patriarkalena baino. Eta “euskal arazoa” ere Espainian nagusi diren egitura eta kontzeptuena da batez ere.

  • Zure komentario hauek irakurrita, esango nuke binomio hauek parekatzen dituzula

    zimarroiak vs. zuri esplotatzaileak
    emakumeak vs gizarte patriarkala
    euskal kultura vs. espainiar egitura nagusia

    Posible da halakorik egitea? Uste duzu S Beavoir-en testu askatzaile hau euskararen aldeko borrokan aportazio bat izan leitekela? Parekatu daitezke, zure ustez, emakumeen berdintasuna eta euskararen geroa??
    Badakit halako korronteak dabiltzala egun, feminismoa + euskararen biziraupena. Zalantza asko ditut nik gai horren inguruan.

    Patxi, benetan uste duzu bi gauzak parekatu daitezkeela? Biak jomuga berean jarri? Eskertuko nuke zure iritzia, Patxi

  • Kaixo, Rober. Hasteko, horko komentario horiek ez dira nireak, Sarrionaindiak azken saiakera-liburuan adieraziak baizik: nik aldatu baino ez ditut egin.
    Zure galderari dagokionez, nirekin bat etorriko zara Fernandoren egia honetan: euskaltzaleok zenbat eta gehiago hobe. Euskaltzale feministak (badaude; eta feminista erdaltzaleak); sindikalista euskaltzaleak, marxista euskaltzaleak, euskaltzale eskuindarrak…emakume batzuk bi zapalkuntza sentitzen dituzte: euskalduna eta emakume izatearena. Euskaltzaleen multzotik baztertu egin behar ditugu feministak direlako? Ez gaude inor baztertzeko, ezta? Konplizitate-sareak jostea hobe.
    Bestalde, Bigarren sexua deritzan liburua euskaraz irakurtzea ona da dudarik gabe. Askotan erosoago egiten zaigu erdaraz irakurtzea…Jakina, iradoki nahi badidazu, euskararekin berarekin edo euskaldunon patu eta etorkizunarekin ez duela zerikusirik liburu horrek; ba, horrela planteatuta ez, noski!

  • Amonamantangorri 2019-12-22 18:16

    Jakina da zer gertatzen den, batzutan, borondate onez, ia musutruk argitaratzen diren euskal itzulpenekin… Kasu honetan testu-zati hau ederra iruditu zait, azalean eta mamian.

  • Patxi, zergatik “askotan erosoago egiten zaigu erdaraz irakurtzea”? Dagoeneko asko irakurriak gaude euskaraz, ezta? Ez dakit orduan zergatik zaigun erosoago erdara.

  • Bai, asko irakurriak euskaraz, eta gehiago irakurriak erdaraz Garrett -nire adinekoak behintzat, salbuespenen bat salbuespen-, eta erdarak normalizatuago, baina kontu hauek ez dute garrantzirik; garrantzia duena da beste aukera bat daukagula euskaraz irakurtzeko euskaldunok, eta liburu hori erdaraz irakurtzeak dituen zailtasun edo erraztasun berdintsuak dituela euskaraz irakurtzeak ere.