Berrogeialdia arintzeko hiru ideia

Berrogeialdia arintzeko hiru ideia –

Datozen egunotan, zuretzako inoiz baino denbora gehiago izango duzu, zure burua ezagutzeko ere bai. Nartzisista edo mistikoa ez bazara, edonor beldurtzeko abiapuntua dirudi. Hauxe daukagu eta egoerara ohitu behar… Uriolan berrogeialdia arintzeko ideiak eskatu dizkigute eta pentsatu dut: zergatik ez konpartitu ZuZeuko lagunekin ere?

1) Errutina sortu, bereziki TOC apur bat baduzu (euskaraz NOK?)

Adituek diote eta etxetik lan egiten dutenek ere bai, beraz kasu egin behar. Garrantzitsua da kaleko arropa janztea, lanaldia eta aisialdia bereizten lagunduko digulako. Gainera, inork ikusten ez gaituenez, modelo eta konbinazio berriak probatzeko aukera dago (oharra: ez saiatu ilea zure kabuz mozten).

2) Ez tematu berrogeialdiaren amaierarekin alperrik ari zarelako

Berrogeialdiaren amaiera tarteka etorriko zaizu gogora, beraz, ez zaitez behar baino gehiago tematu, frustrazio-iturria bihur daitekeelako: utzi imajinazioa libre, adarretatik joan, errealitatetik aldendu, baina oinak lurrean (eta etxean) beti. Gaitza etorri zen moduan, joan egingo da eta etxean sartu ginen moduan, kalera irtengo gara berriz (oharra: egunean hamaika mezu apokaliptiko bidaltzeak ez du inor lasaitzen).

3) Entretenitu, denbora pilo bat izango duzu-eta

Aspaldian irakurri, ikusi, entzun edota egin nahi zenuena egiteko tartea izango duzu. Sukaldaritzan zera hori probatu nahi duzula, ba probatu. Webpoteoan Mahou barik, IPA bat edan nahi duzula, ba edan. Pasilloan txakur imajinarioa paseatu nahi duzula, ba denok gara apur bat xelebreak. Zure exa faltan duzula, ba gogoratu zergatik utzi zenuten (oharra: ez zaitu merezi!).

Amaitu aurretik, azken oharra: ikaratuta, galduta eta astuntxoa zarela uste baduzu, ez zaitez estutu, denok antzera gabiltzalako. Beraz, adeitsu izan, egoera gobernatzen saiatu eta eskuak ondo garbitu!

Berrogeialdia arintzeko hiru ideia

Berrogeialdia arintzeko hiru ideia

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.