Berri emaile edo beste zerbait

Berri emaile edo beste zerbait –

Jakin badakit ez dela gai samurra eta agian bakarren batek ez dituela pozik irakurriko nik lerro hauetan esandakoak. Ez nuke inor mindu nahi, jakinik ez dela erraza izango, hastera noa.

Berri emaile edo beste zerbait

Kazetarien profesionaltasuna goraipatu edo nabarmentzen dugunean -nire ustez askotan- bere zeregin nagusia, benetako erantzukizun soziala, baztertzeko arriskuan jartzen gara. Beste erara esanda; erredakzio barruan teknikoki ongi landutako mezua prestatzeko gai bai, baina gizartean izan lezakeen ondorioez  arduratzen ez den kazetaria ez ote dugun goraipatzen. Hori nire kezka.

Pluraltasuna eta objetibotasun zintzoa behin baino gehiagotan aipatu eta entzun arren, egia, benetako eguneroko  egia, beste bat da. Kapitalistek, enpresa multinazional erraldoiek, edo erakunde politikoek, beraiek sortu -edo bultzatutako- egunkari eta hedabideei inpartzialtasuna eskatzen dieten arren, ozenki gainera, eta egunkariek kapitalisten laguntza lortzearren, euren independentzia aldarrikatzen duten, argi dago, egunkari independenteak baina ez inpartzialak behar dituela kapitalismoak.

Prentsak berez ez du sortzen -edo ez luke behar- baina islatu bai, hori baita bere zeregin nagusia. Baina nahiz informazio uholdeak gureganatu, jasotzen dugun errealitate hori, erreala da, zergatik?

Denboraren poderioz, ustezko errealitate horrek, iritzi,  baita giza heziketan zati handi bat betetzen duen errealitate hori, zer da? Hori guztia sortzen duen “labea” norena da, nondik dator?

Emaitza benetan tristea da, denborarekin gure gustu, ohitura eta nahiak aldatzen dizkigute eta aldaketak, ondo, barneraino gureganatzen ditugunean, dena erraza da, baina ez guretzat.

Horrela, nagusi den ideologiaren eraikuntzaren oinarriak oro har barneraturik daudenean, botereak, “benetako botereak”, libertatea onar dezake, lasai.

Baina naiz eta orain artekoa egia izan, helburua ez da dena zalantzan jartzea, noski, baina aurrez aurre ditugunak ukaezinak dira. Lehen nioen heziketa maltzurraren emaitzak tristeak direla eta horrela dira, ez dago zalantzarik.

Adibide asko daude eta agian mingarrienetako bat hau. Gaur egun ezin dugu esan Euskal Herrian euskal hiztun asko garenik, eta honi gehitzen badiogu,  asko eta asko, erdi edo erabat analfabetoak garela, -honek irakurlegoa murrizten duenarekin- nola onar dezakegu, adierazpen askatasunean bizi garela, nola?

Beste adibide bat, hau ere nazka ematen duena. Urte luzeetan aireportu eta tren geltoki nagusietan, gobernu espainiarrak zintzilikatu ditu euskaldun askoren argazkiak, hori bere aukera, baina ez nirea. Nolako adierazpen askatasunean bizi gara, norberaren lagun eta etsai aukeratzeko eskubidea bermatzen ez badu? Aukeratzeko askatasuna non dago, norentzat da?

Hauek eta beste hainbeste gabezia demokratiko larri bezain garrantzitsuak manipulatu edota estaltzen duen prentsa zertarako dago? Norentzat lan egiten du?  Egun, AEBak eta Errusiak, Ukrainan jokoan duten “partidaren” berriak non eta nork idazten ditu? Informazio munduan ia dena dago mugatua. Herri aberatsetatik merkantzia bezala saldutako informazioaren kontsumitzaile petoak gara.

Desinformazio, arma-tresna erasokorra da, ez dago zalantzarik. Zenbat eta zabalduagoa izan, orduan eta desinformazio tresna “hobea”  bilakatzen dira hedabideak.

Notizia, gertakizuna, bere jatorrizko sustraietatik aldentzen bada, hausnarketarako dituen osagai guztiak gordetzen badira, errealitatea moldatu, manipulatu egiten da.

Gehiago sakonduz; berriak bere testuingurutik ateratzeak dituen ondorio beltzak eguneroko jarrera dela esan beharra dago.

Demagun gaur ekonomiak maila guztietan daraman bide hauskorra dela eta, kazetaria erredakzioan sartu orduko, bere mahai gainean, enpresari ezagun talde batek, enpresa berriak sortzeko ekimen berri ematen duen dokumentua aurkitzen duela. Hori datorren bezala kaleratzen du eta irakurleek, beste tresnarik  ez duenez -nahiz ekimena diru publikoaz horniturik izan- positiboki baloratzen du. Eta nola ez, enpresariek goraipatu.

Hemen bizi garenok, aspaldidanik dakigu gauzak ez direla bakarrik etortzen, beti dutela arrastoa, eta horretarako Astigarragan sortutako sailburua entzutea aski.

Zoritxarrez irakurleek  berehala ahantzi dituzte gaurko egoera larriaren errudun nagusiak nortzuk diren, eta jakina, berria ez da soilik saltzen, gehigarria asko ditu; lanpostuak sortuko dira, langabezia gutxituko da, eta abar luzea.

Azkenean, garatzen duen mezua betikoa da. Kapitalak enplegua sortzen du, beraz kapitala ona da. Gehiago, kapitalarentzat ona dena herriarentzat ona da.

Informazio mailan, jabetzaren konzentrazioari aurre egiteak tresna zail eta bereziak behar ditu, ia ezinezkoa da. Dena dago lotuta. Euskal Herrian, hemendik kanpo ere bai, hainbat hedabideren egitasmoak egin du porrot, zergatik? Legezko -beraiek inposatutako legea- subentzioak, ongi sailkatuak izan arren, ez dira beti betetzen. Publizitatea enpresek erabakitzen dute non ez eta non bai. Publizitate instituzionalak  ere baztertzen ditu, ahal duten neurrian, kritikoak bezala sailkatuak izan diren hedabideak. Denetarik ezagutu dugu, dena ukatu eta itxi beharrean batzuk eta burua altxatu bakarrik ez, bizi eta aberastu ere bai besteak.

Euskal Herrian bizi dugun esperientziatik abiatuta, hedabideen zeregin nagusia -salbuespen bakarren batzuk onarturik- ez da informazioa. Aurrez aurreko  politiko guztietan bezala, desinformazioa legitimoa dela onartu beharrean gaude. Aurkariari aurre egiteko balio duenez, etsaien eta beraientzat lan egiten dutenen jarrera, ez da harritzekoa.

Amaiera emanez, bertatik bertara, bizitutako eginkizun berezi bat nahi nuke ekarri. Duela urte batzuk, Madrilen, eta Estatuan -beharbada- gehien  irakurle dituen egunkariaren  “presidente” berria izendatzeko bilkura nagusian,  izendatu berriak zioen: Gu independenteak gara, bai egia da,  baina neutralak ez, hori ez.

Beraz, objektiboa eta inpartziala izate etiko hori, hemen, beste hainbat lurraldetan bezala, ezinezkoa da.

 


 

“Ez gara neutralak” – Gorka Bereziartuari elkarrizketa

Berri emaile edo beste zerbait Berri emaile edo beste zerbait Berri emaile edo beste zerbait Berri emaile edo beste zerbait 

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

Zer duzu buruan “Berri emaile edo beste zerbait”-ri buruz

  • Ba nik, memoria daukadanetik EuskalHerriko kaleetan euskaldun askoren erretratuak ikusi izan ditut. Horiek jartzearena batzuen aukera izan da baina ez nirea! Hiltzaile batzuen argazkiak…hori normalada. Eta horrek bai nazka ematen zuela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude