Bere herrikideei

Bere herrikideei –

Bere herrikideeiAsteburu honetan Luis Cernuda berriz irakurtzen aritu naiz –digresio ttiki bat: haren poemak falta dira oraindik Munduko Poesia Kaieretan; horra irakurle gisarat hemendik botatzen dudan eskaera–. Asteburuan, diot, Cernudaren poemak irakurtzen aritu naiz, adibidez bere herrikideei eskainitakoa, honela hasten dena: “Ez nauzue maite, badakit, eta traba egiten dizuela / idazten dudan orok. Traba egin? Sumindu egiten zaituzte”; eta agian gaztetan ere gustuko egilea nuelako eta tesia idatzi bitarteko atsedenaldietan haren poemetara jotzen nuelako etorri zait burura doktoretza prestatzen ari nintzeneko tenorea.

Garai hartan –hogeigarren mendeaz ari naiz–, astero-astero Nafarroako historia aztergai zuen libururen baten kritika egiten zuen Victor Manuel Arbeloak Diario de Navarran. Gogoan dut lagunekin behin baino gehiagotan broma egin nuela Arbeloak nire tesiari kritika positiboa eginen balio, protesta egin beharko nukeela, eta adierazi dudarik gabe gaizki ulertua zuela. Txantxetan erraten nuen, argi geldi bedi, gazte nintzen hark ez baitzuen kritikarik espero.

Eta hala izan zen, bete egin zen nik espero nuena. Ez nuen Arbeloaren kritikarik jaso, ezta, egia aitortzeko, bertze inorena ere –best sellerrak idaztea ez da sekulan nire indargunea izan–. Baina Luis Cernuda berriz irakurtzen ari naizen honetan, zera bururatu zait: zenbaitetan ingurukoen isiltasuna gauzak ongi egiten ari garelako seinalerik argiena da.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko otsailaren 21ekoa]

Bere herrikideei

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.