Benetako boterearen zutabe

Benetako boterearen zutabe –

Aspaldian, badira eguneroko “paper-prentsa” erosi eta irakurtzeko ohiturak galtzen  doazela diotenak. Nola ez, mahai gainean egunkaria kafearekin zikinduz gosaltzeko ohiturak pikutara joan direla,  diotenak ere baditugu, baina ez dakit egia osoa ote dan. Behar bada, denbora  aski ez eta gehienak aste buruetan bakarrik dugu ohitura hori mantentzeko aukera. Dena dela, denbora kontua baino, prentsaren  “atzerakada”, edukietan dagoelakoan  nago ni.

Benetako boterearen zutabe

Aurrerago adibide gehiago argituko ditut, bainan azken aste hauetan -nire ustez- nabarmena izanda,  PP eta bere presidente ohiari   buruz argitara emandako “notiziak”, zer gertatzen ari dan prentsarekin ulertzeko nahiko arrasto  eta keinu eskaini gaituzte.

Mariano Rajoy eta bere laudoriozko “ondare” erraldoi bezain bikaina besterik ez dugu irakurri zoko guztietan. Baina ez da hori bere benetako ibilbide eta lorpena,  eta ez dugu mezu horri aurre egin beharko lukeen historia inondik ikusi. Egia, benetako egia beste bat baita.

Mariano Rajoy 2004  urtean izendatu zuten PPko presidente eta geroztik,  14   urte egin ditu espainiar eskuinaren buru. Orduan ia 11 milioi bozka jaso zituen PPek, eta orain 14 urte igaro ondotik 5 milioi ditu, bada zerbait. Duela hamalau urte PPko egitura indartsuaren jabe ziren, orain ez hainbeste. Sei milioi bozka galdu eta ustelkeria erraldoia garatu, hori Mariano Rajoyren emaitzarik ikusgarriena.

Ideologia mailan  erabat zatitua dago PP eta Catalunyan eta Hego Euskal Herrian sekula baino ahulago. Gaur egun, Madrilen entzuten dutena “hemen” oihartzun piska bat ematea baino, ez dute beste eginkizunik. Politikoki desagertuta daude.

Nire ustez, paper-prentsaren eritasun honek ba ditu hainbat iturri, ez da bakarra. Horregatik laster batean helduko diot, eta kazetariekin hasiko nahiz.

Kazetariren profesionaltasuna goraipatu edo nabarmentzen dugunean -nire ustez askotan- bere zeregin nagusia, benetako erantzukizun soziala, baztertzeko arriskuan jartzen gara. Beste erara esanda, erredakzio barruan teknika ongi landutako mezua prestatzeko  gai bai, baina gizartean  izan zezakeen  ondorioez arduratzen ez den kazetaria ez ote dugun goraipatzen. Hori nire kezka.

Pluraltasuna eta objektibotasun zintzoa behin baino gehiagotan aipatu eta entzun arren, egia, benetako eguneroko egia, beste bat da. Kapitalistek, enpresa multinazional erraldoiek, edo erakunde politikoek, beraiek sortu edo bultzatutako egunkari eta hedabideei inpartzialtasuna eskatzen dieten arren, -ozenki gainera- eta egunkariek kapitalisten laguntza lortze arren,  euren independentzia  aldarrikatzen, argi dago egunkari independenteak baina ez inpartzialak behar dituela kapitalismoak.

Prentsak berez ez du sortzen -edo ez luke behar- baina islatu bai, hori baita bere zeregin nagusia. Baina nahiz informazio uholdeak gureganatu, jasotzen dugun errealitate hori, erreala da, zergatik?

Denboraren poderioz, ustezko errealitate horrek, iritzi, baita giza heziketan  zati  handi bat betetzen duen errealitate hori, zer da? Hori guztia sortzen duen labearen jabea nor da, nondik dator?

Emaitza benetan tristea da, denborarekin gure gustu, ohitura eta nahiak aldatzen dizkigute eta aldaketak, ondo, barneraino gureganatzen ditugunean, dena dute erraza, baina guk ez. Horrela, nagusi den ideologiaren eraikuntzaren oinarriak oro har barneraturik daudenean , botereak, – benetako botereak- libertatea onar dezake, lasai.

Helburua ez da dena zalantzan jartzea, noski, baina aurrez aurre ditugunak ukaezinak dira. Lehen nioen heziketa maltzurraren emaitzak tristeak direla eta horrela dira, ez dago zalantzarik.

Adibide asko daude eta agian mingarrienetako bat hau: gaur egun ezin dugu esan Euskal Herrian euskal hiztun asko garenik, eta honi gehitzen badiogu, gehienak  erdi edo erabat analfabetoak garela, -honek irakurlegoa murrizten duela jakinik-  nola onar dezakegu, adierazpen askatasunean bizi garela? Nola?

Beste adibide bat, hau ere nazka ematen duena. Gobernu espainiarrak zintzilikatzen ahal ditu euskaldun askoren argazkiak, nahi duen tokian eta nahi duen denboraz, hori bere aukera da, baina ez nirea. Nolako adierazpen askatasunean bizi gara, norberaren lagun eta etsai aukeratzeko eskubidea bermatzen ez badu? Aukeratzeko askatasuna  non  dago, norentzat da?

Hauek eta beste hainbeste gabezia demokratiko larri bezain garrantzitsuak manipulatu edota estaltzen duen prentsa zertarako dago? Norentzat egiten du lan?

Informazio munduan ia dena dago mugatua. Herri aberatsetatik merkantzia bezala saldutako informazioaren kontsumitzaile petoak gara.

Desinformazio, arma-tresna erasokorra da, ez dago zalantzarik. Zenbat eta zabalduago izan, orduan eta arriskutsuago bilakatzen dira hedabideak.

Notizia, gertakizuna, bere jatorrizko sustraietatik aldentzen bada, hausnarketarako dituen osagai guztiak gordetzen badira, errealitatea moldatu, manipulatu egiten da.

Gehiago sakonduz; berriak bere testuingurutik ateratzeak dituen ondorio beltzak, eguneroko jarrera dela esan beharra dago.

Demagun gaur ekonomiak maila guztietan daraman arriskua eta egonkortasun eza dela eta, kazetaria erredakzioan sartu orduko, bere mahai gainean, enpresari ezagun talde batek enpresa berriak sortzeko proiektuaren berri ematen duen dokumentua aurkitzen duela. Hori datorren bezala kaleratzen du eta irakurleek, beste tresnarik ez duenez -nahiz ekimena diru publikoaz horniturik izan- bikain  baloratzen du.

Hemen bizi garenok, aspaldidanik dakigu gauzak ez direla bakarrik etortzen, beti dutela arrastoa, eta horretarako, duela urte batzuk Ibarretxe jaunak esandakoari helduko diot: “Euskal enpresarioak, gure herriaren heroiak zarete”.

Badakit, irakurleek berehala igarri dituzte gaurko egoera larriaren errudun nagusiak nortzuk diren, eta jakina, berria ez da soilik saltzen, gehigarri asko ditu; lanpostuak sortuko dira, langabezia gutxituko da, AHT derrigorrezkoa,  eta abar luzea.

Azkenean, garatzen duen mezua betikoa da: Kapitalak enplegua sortzen du, beraz kapitala ona da. Gehiago, kapitalarentzat ona dena herriarentzat ona da.

Informazio mailan, jabetzaren kontzentrazioari aurre egiteak tresna zail eta bereziak behar ditu, ia ezinezkoa da. Dena dago lotuta.

Euskal herrian  bizi dugun esperientziatik abiatuta, hedabideen “zeregin nagusia” – salbuespen bakarren  batzuk onarturik- ez da informazioa. Aurrez aurreko gogorra ematen den lurralde guztietan bezala, desinformazioa  legitimoa  dela onartu beharrean gaude.

Aurkariari aurre egiteko baliagarria denez, etsaien eta beraientzat lan egiten dutenen jarrera -Euskal Herria koloniatzat dutenez- ez da harritzekoa.

Beraz, objektiboa  eta inpartziala izate etiko hori, hemen, beste hainbat lurraldetan bezala, ezinezkoa da.

Egoera tamalgarri hau aldatzeko, denok dakigu zer dugun beharrezko; azken berrogei urte hauetan, Euskal Herrian “inork”  ezagutu  ez duen  botere politikoa, et hori “oraindik” ez dago gure esku.

Benetako boterearen zutabe
Benetako boterearen zutabe
Benetako boterearen zutabe
Benetako boterearen zutabe

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.