Beldur

Beldur-

Artikulu hau argitaratu orduko nire beldur bati aurre egiten saiatzen egongo naiz. Lehenago egin nezaken zerbait da. Beno edo hori esaten didate, nik ez dut tarte egoki eta efizienterik aurkitu horretarako. Kuadrilan batzuk aspaldi egin zioten aurre beldur honi. Beste batzuk nire aldean daude oraindik. Eta beste gutxi batzuk ez dute beldur honekin topo egin sekula.

Inflexio puntu bat izan daiteke. Alde batetik, beldur honekiko eraikitako aurreiritzia ezabatu eta “ez da horrenbesterako” batekin lasai arnas dezakedalako. Eta bestetik, elkarrizketa askotan integratuta sentitu naitekeelako. Teknizismo jakin batzuk ezagutuko ditudalako, esperientzia komun batzuk elkarbanatu ahal izango ditudalako eta gaiarekin txisteren bat egin ahalko dudalako.

Zin dagizut, beldur horri oraindik aurre egin ez dion horietako bat bazara, ez zaitudala kanpo utziko. Horrelako elkarrizketetan, integratzen lagunduko zaitudala. Eta behintzat, nire partetik ez duzula inolako presiorik jasoko beldur horri aurre egiteko.

beldurra

Badakit, nire inguruko lau bost pertsona pozik daudela nire erabakiarekin. Badakit lau bost pertsona horiek dena emango dutela ni helmugaraino bultzatzeko. Eta badakit, hori gertatzean benetako lasaitua hartuko dutela, bake sentsazio bat iritsiko zaiela. Eta haien bizitzan ez dutela ustekabeko “maydai” (ez dakit horrela idazten den) dei gehiago jasoko. Beno, nork daki…

Su artifizialak ari naiz jaurtitzen, baina hau hasiera besterik ez da. Oraindik prozesu luzea dut aurretik. Urduritasun, agobio, zalantza eta beldur sentimenduak izango dira nagusi datozen astetan. Satisfakzio, poz eta harrotasun sentimenduak ere agian, batek daki. Lerro hauek zeri buruzkoak diren jakitean esageratu egin dudala esango didazu. Eta nik arrazoi duzula. Noski esageratu dudala. “Intensita” nago gaur. Dena baino gai dramatiko edo larriago bati buruz idazten ari naizela pentsatu duzu ziur. Horregatik, nahikoa da, kontatuko dizut: gaur kotxeko lehen klase praktikoa dut. Urduri nago eta beldur naiz.

 

Beldur

ZUZEUko erredakzio kide

2 pentsamendu “Beldur”-ri buruz

  • sORZABALBERE
    *soro-zabal-an-behe-ara-en

    “SOLOZABAL BARRENEKOA”

    Gida-karnetaren froga aurrean beldur izanik, gogora ezan BARRENEKOA izan arren, SOLOZABALEKOA haizela.

  • A. Aranburu 2021-10-22 22:49

    Ufa! “Lerro hauek zeri buruzkoak diren jakitean esageratu egin dudala esango didazu”. “Intensita” ez, hiperboliko samar jaiki zinela ari nintzen pentsatzen, eta a zer zaplastekoa eman didazun.

    26 urte ditut, eta gidabaimena orain dela bi urte lortu nuen (kostata lortu ere, hirugarren saiakeran, bi porrot guztiz umilagarriren ostean. Ez nuen inondik ere halakorik espero). Hala ere, hilabete batzuk besterik ez daramazkit neure autoa gidatzen (beste aukerarik ez nuelako…).

    Ni ere beldur nintzen, urduri nintzen, eta lotsa nintzen. Oraindik ere, beldur pixka bat badut, urduritasun pixka bat (edo asko) sentitzen dut… Baina ez naiz (horrenbeste?) lotsatzen. Oso poliki bada ere, nahi baino askoz ere traketsagoa banaiz ere, ari naiz hobetzen.

    Ttaka, hemen nire aitorpentxoa. Ez dakit hiperbolikoki ala egiatan ari zaren, baina animo lehen kasuan, eta EGURRAAAAAAA bigarrenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude