barra bat, mesedez

Ogi imajinarioa saltzen zuten okindegian sartu zen gorbata trajeduna. Mostradorera hurbildu eta ezkutuan 500 euroko billete bat erakutsi zioan saltzaileari, bertan ez zegoen jendeak ez ikusteko edo. Saltzaileak keinu baten bidez “ongi da, goazen” esan zion eta atzeko Gela Misteriotsura joan ziren. Bertan, bitrina baten barnean BENETAKO (letra larriz) ogi barra bat zegoen. Koskorra falta zuen, aspaldiko jabe baten tentazioaren erruz. Tentazioak dira errudunak, ez jabeak.

“Mende bat duela uste da, baina egoera onean kontserbatzen da. Hori bai, txikle motakoa da eta eurite batzuen ondorioz pixka bat busti zen. Lehortze-tratamendu sakon bat jasan du. Halere, prezioa oso tentagarria du.”

“Gama altuagoko zerbait baduzu? Txekeak egin ditzaket.”

“Barkatu, jauna, baina une honetan ezin dizkizut gauza preziatuagoak erakutsi. Horretarako aurrez abisatu beharko zenuke eta sartzeko 100 euro ordaindu, interesa duzula erakusteko eta hori. Segurtasun sistemak oso garestiak dira.”

Trajeak gorbata lasaitu zuen. Gero, une batez pentsatzen ari zenaren itxura egin zuen.

“Ongi da, hauxe eramango dut, emaztea zain dut eta.”

Ekaitza bainuontzi batean