Bara Bara, Bere Bere

Beti gustatu izan zait kontsideratzea musika arloan zertxobait badakidala: talde onak eta txarrak bereizteko gai naizela, rock estiloko klasikoak mirets ditzakedala eta batez ere, ez naizela eramaten uzten 40 Principales edo Gaztea bezalako irratiek jartzen dituzten fundamenturik gabeko abestiengatik. Alegia, diskoteka guztietan jartzen dituzten horiengatik. Mais c’est la mode! Eta gizakiak garenez gero, azkenean inguruari jarraitzen diogu.

Ez naiz harro sentitzen, baina ez dut zertan lotsatu ezta[1], gertatzen zaidan zerbait da, eta kitto, ez dut inor engainatu behar: “Bara bara, bere bere” kanta gustatzen zait, ondo pasatzen dut entzuten ari naizen bitartean. Argi daukat esaldiek ez dutela zentzu handirik eta matxistatzat jo dezakegula abestiaren esanahi osoa,[2] baina zer egingo diogu! Nik ez ditut nire gustuak aukeratu, etengabe entzuteak baldintzatu egin nau.

Onerako zein txarrerako (gehiago txarrerako esango nuke), abesti mordoarekin gertatu ohi den fenomenoa da eta ez da zerbait berria. “Macarena”rekin hasiz, Spice Girls-en “Wannabe”tik pasaz, “Ai se eu te pego”ra iritsi garen arte. Nork ez du hiru abesti horietako bat bera ere abestu edo dantzatu noizbait? Onartu beharra dago gogoraerrazak direla, eta batzuetan deskonektatzen laguntzen dutela. Zentzugabetasunak dakarren motibazio hutsa da, bai.

Aipatu nahi dut hau euskal gizartean ere gertatzen dela, nik behintzat ez baitiet mamirik aurkitzen Ugaren “Hau da gaua”, Nahiadance-en “Nahia” edo izugarri atsegin dudan Gatiburen “Bang-bang txik-txiki” bezalako abestiei. Eta hirurak egin dira ezagunak, bakoitza bere garaian eta adin jakin bateko jendearen artean, noski, baina askok kantu gogaigarriak direla uste duten arren, hala pentsatzeko ere noizbait entzun behar izan dute. Eta gogora dezagun beti dugula irratia eta telebista itzali edota diskotekatik ateratzeko aukera.

Hala ere, aniztasunean murgildurik dagoen gizarte orotan gertatzen dena da, ez? Pertsona batek gustu anitzak izan ditzake, bakoitzarengan faktore askok eragiten dutelako. Hori bai, garrantzitsua iruditzen zait norbera bere buruarekin zintzoa izatea eta arrazoitzen saiatzea zergatik egiten dugun zerbait edo zergatik ez, batez ere, gero lotsatu behar ez izateko. Jakin behar dugu noiz entzun gauza bat eta noiz bestea, dena erabilgarri baita mundu honetan. Txakur berdea, ardi beltza edo gitarra urdina izan nahi dugun arren, inguruak duen melodia errezena jarraitzen dugu, sintonian egoteko orkestra osatzen duten beste guztiekin. Ironia apur batek bizitza biribil diezaguke.

 

[1] Espero dut honengatik inork ez uztea nirekin hitz egiteari! (Twitter-en jarraitzaileren bat galduko dudanaren beldur naiz…)

[2] Aitortzen dut ez nuela tutik ere ulertu Google-en “Bara bere traducción” sakatu nuen arte.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...