Bada… Arzalluz ez nuen maite

Bada… Arzalluz ez nuen maite –

Bada... Arzalluz ez nuen maite

Saretatik dabiltzan hamaika txiste horietako batean bi agure hizketan ageri dira. Horrela dio batak besteari: “hilda zinela uste nuen, zutaz gaur oso ondo mintzatu baitzaizkit”. Txistean bezala, gure inguruan ohikoa da pertsona bat hildakoan laudorioak nagusitzea. Batek daki zergatik izango ote den, baina susmoa dut tradizio katolikotik datorren jokabidea dela. Sinesmen katolikoen arabera, hil aurretik damutu eginez gero, jaungoikoak egindako guztia barkatzen du eta bere altzoan egoteko saria ematen dizu eternitate osorako. Ez da oso sari erakargarria, berriz, bizimodua horren latza zen garaietan, agian, jainko bizardun (edo lumadun, uso forma ere hartzeko ohitura baitzuen) baten besotan egotea liluragarria izango zen.

Jokabide horri eutsiz edo, hainbat jendek bere azkeneko urteetan bere bizitzaren zehar egindako barrabaskeriak konpondu nahi izaten ditu. Pertsonai publikoen kasuetan, joera hori areagotu egiten da, batik bat botere handia izan duten pertsonengan. Erdi Aroko errege sadiko askok bere azkeneko urteak monasterio zoragarrietan ematen zituzten, transnazionaletako buru batzuek ere bereak eta bi egindakoan, filantropo bilakatzen dira, ilea urdintzen hasten zaienetik; eta gure politikari batzuek ere euren biografiaren azkeneko lerroetan, bertso gozoagoak idatzi nahi ohi dituzte.

Arestian aipatutako portaera hau ondo baino hobeto ikusi ahal izan dugu Xabier Arzalluz buruzagi jeltzalea hiltzerakoan. Egiari zor, neu ere pagano bezain ateoa izanagatik ere, “dolu” egunak igarotzen utzi ditut artikulu honi ekin aurretik, edonoren senitartekoen mina errespetatzea gizakion arteko elkartasunaren adierazgarrietakoa delakoan.

Haatik, aste batzuk igarotakoan, eta laudorio zaparrada jasan egiteko aterkia hautsi zaidalarik, Azkoitiko politikariari buruzko nire iritzia eman nahi nuke, nire inguru hurbilean bere eskutik eginiko hainbat erabakik eragin itzela izan zutelako. Izan ere, nire inguruan ez ezik, milaka eta milaka pertsonen inguruan ere, eragin zuzena ukan zuen jesuitaohiatrn jardunak. Itzal handiko pertsona, eta ziuraski horregatik, zuzena izan da esatea “estatu-GIZONA” izan zela; “estatu-gizona” hitzak askotan dardarka jartzen banau ere.

Azkeneko urteetan Arzalluzek irudikatu nahi izan zuen norabide aldaketak, -eskutan aterkiari eutsiz, “Eusko Gudariak” abesten hasi zenetik-, ezin ditu ezabatu guztiahalduna zen urteetan egindakoak. Pertsona batek egindakoa ezin da neurtu bere biografiaren azkeneko lerroak idazten zuriketa egin nahi izaten duenean, gutxiago pertsona boteretsuen biografia. Beraien jardunaren mamia, euren “lorezko urteetan” neurtu behar da, sasoi betean zeudelarik, eta etorkizun posible batzuk egingarri zirenean. Hori dela eta, entzun ditugun laudorioetatik, behingoagatik -, eta espero dezagun azkeneko izatea- bere oinordekoa den Andoni Ortuzar jaunarekin bat egiten dut. “Egungo PNV, Arzalluzi zor diogu”.

Xabier Espainiako Parlamentuan diputatua zelarik, Espainiako konstituzioaren alde bozkatu nahi izan zuen, EEBren aginduaren aurka. Geroan, PNVren buruzagia izango zenak, Mercedes Milari egindako elkarrizketa batean, Errepublika baino, Espainian errege bat egotea nahiago zuela aitortu zion.

Hego Euskal Herriak erreferendumean NATOri ezetz esan zion egunean, Arazlluzek “BAI” bozka zion eta ondo gogoratzen naiz. “SI” ala “NO” bozkatzeko aukera besterik ez zegoen, eta San Ignaziozaleak eskuz, “BAI” idatzi zuen. Esan gabe doa bere bozka ez zela baliogabe gisa zenbatu, ordurako PSOEren aliatua baitzen, eta Gonzalez jaunaren antzera, NATOren aldeko jarraitzaile sutsua zen, eta bide batez, soldaduskaren aurka ari ginen intsumisoen aurkaria.

Lemoizen egin nahi zuten zentral nuklearraren aldekoa ere bazen burukidea. Bere ohiko kabrioleta dialektikoen bidez, independentistoi “azajale” izatea leporatzen zigun bitartean; Lemoizkoa, burujabetzarako tresna gisa justifikatu nahi izan zuen. Geroago Iberdrolarekiko -eta oro har energia arloko multinazionalekiko- menpekotasuna eta morrontzaren hasiera izan zen urte horietan PNVko buruak hartu zuen jarraibidea.

Donostiar euskaltzaleokin ere badu kitatu gabeko zor handi bat Azkoitiko semeak. Berari esker, Odon Elorza 20 urtez pairatu genuen. Elorza alkate izatera iritsi zen Arzalluzek pertsonalki horrela erabaki zuelako, Odonek ez zituen-eta hauteskundeak irabazi. EAk eta EEk bigarren aldiz irabazi zituzten hauteskundeak Gipuzkoako hiriburuan, Xabierrek ezin izan zuen hori barkatu, ordea. Geroztik, Donostia, non berpizkunde euskaltzale geldiezina nagusitzen ari zen; Odon, Ernesto Gasco eta enparauen neurrira eraldatu eta herdoildu zen, egun dugun Parke Tematiko Noriadun izatera iritsi arte.

Nafarroako jeltzale historikoek ere jasan zuten apaizohiaren aginte-makilaren astindu bortitza. Arzalluz buruzagi zorrotza eta autoritarioa baitzen etxekoekin; otzana, aldiz, boteretsuekin. Nafarroako EAJ osoa birrindu zuen, alderdiaren zatiketaren txinparta pizten ari zela jakinda ere. EEBko presidenteari traba egiten zion Nafarroa Garaiak. Une horretatik aurrera, Ipar Euskal Herria eta Nafarroa Garaia PNVren plangintzetatik at geratu ziren, PNVren hegemonia bermatzeko eta Xabierren buruzagitza ukaezina gotortzeko Euskal Herria zatitzea beharrezkoa baitzen. Harrezkero, Euskal Herria ezabatu zuten; Euzkadi-Euskadi-Basque Country delakoa nagusitu, eta duela gutxi Erkorekak epaitu duen moduan: “Kanbo ez dago Euskadin” esan arte.

.

Gure “Printzea”

Aditu batzuek diotenaren arabera, Maquiavelok “Printzea” liburua idazterakoan zenbait pertsonai historikotan aurkitu zuen iturri, besteak beste, Aragoiko Fernando katolikoa izan omen zen horietako bat. Ziur naiz, Maquiavelo XX.mendeko Euskal Herrian jaio izan balitz, Xabier Arzalluzengan aurkituko zuela inspirazio. Jeltzaleburuak ez zeukan muga etiko handirik helburu politikoak lortze aldera, “batzuek zuhaitza astindu; eta bestok intxaurrak jasotzen ditugu” esanez, garbi adierazi zuen.

Makiavelokeriatan maisu, Euskal Herriko mendebaldeko hiru herrialdeen politikaren gidaria izan zen urtetan. PNVren izaera aldatu zuen, kasta politikoaren aje guztiak barneratuz, sekretukeria hedatuz, trikimailuak erabiliz, lagunkeria zabalduz, bezero-sareak ehunduz, azpiegitura faraonikoak biderkatuz… dena, bere mesederako, “Estatu-Gizonek” ezin ditutze-eta gehienetan euren interesak eta euren nahiak herritarren beharretatik bereiztu.

Xabier Arzalluzen “burdinezko agintaldiaren” urteetan bidaide eta aliatu fidela aurkitu zuen: PSOE. Azkoitiarrak ez zituen “belarrimotzak” maite, baina askoz gutxiago ezkertiarrak. Ezkertiar euskalduna izatea herejiaren gailurrean kokatzen zuen. Horregatik, Felipe Gonzalezen eskutik, PSOEk marxista izateari utzi zionetik, “hezurbeltz” RH+ izatea barkatu zien. Laguntza eskaini eta eskatu zien, Ezkerreko Abertzaletasunaren korronte guztiei su-etenik gabeko gerra iraunkorra egiteko. Aliantza horri zor dizkiogu Ardanzaren gobernuak, Ertzaintzaren militarizazioa, gazteleraren normalizazioa…

Gerra ostean Ajuariagerrak Agirre mendean hartzeko asmatu zuen “bizefalia”, Arzalluzek doktrina bihurtu zuen. EBBko presidenteak ez zuen hauteskundeetan parte hartzen, ez zen aurkezten, ezta zinegotzi xumeena izateko hauteskundeetara ere. Ez zuen arriskua bere gain hartzen. Barne egituraren erabateko kontrolari esker, behin betiko presidentek gisa jokatzen zuen “real politik” eta antzezpena ederki bereizten. Antzezpenak mendiko botak jantzita egiten zituen Alderdi eta Aberri Egunetan, “real politik” moketak eta alfonbrak laztantzen Errege, Iberdrola, Repsol eta Gonzalez zein Aznarren bulegoetan.

Bizefalia antzezpena zen, PNVren bi izpirituena antzelana zen. Josu Jon Imaz eta Joseba Egibar ildoak, Arzalluzek berak sortutako amua zen. Arzalluzek agintea hartu zuen unetik, PNV independentista desagertu zen behin betiko, Ibarretxek berak larrutik ordaindu zuen ikasgai hori.

Bai, Bistan da, Arzalluz itzal handiko pertsona izan zen. Aldiz, orain bada garaia itzal luze horrek estali zuen tokietan argiak pizteko, politika egiteko beste modu batzuk jorratzeko, politikaria izateko modu batzuk behin betiko baztertzeko, Arzalluzek egindako sarraskia konpontzen hasteko, Euskal Herri osorako ekimen askatzaile eta eraldatzaile bati ekiteko, Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko, jatorri guztietako euskalherritarrekin. Aitortzeko beharra neukan, Arzalluz ez da “nitarra”; Arzalluz ez nuen maite.

Bada… Arzalluz ez nuen maite

Donostiarra Pasaiaratua.

16 pentsamendu “Bada… Arzalluz ez nuen maite”-ri buruz

  • Azken portu 2019-05-18 20:59

    Lasai Patxi, Xabier zenak ere, ez zintuzkeen maiterik izango.

  • Peru Gabiriko 2019-05-18 21:07

    Eeeh, Patxi
    Kontuz lagun, ez gero nire Xabier maitea artikulu batekin lorrindu, e?

  • Erresistentzia 2019-05-18 21:44

    Ez da gauza ederra hil berri denari buruz hala epaitzea… baina egia da, pertsonak beren ekintzen arabera, hitzen arabera izan ordez, epaitzea legezkoa denez, ez dakit zendu denaren bertute horiek non dauden.

  • Nazkante hau abertzale sutsu gisa oroitua izango da, gainera, pax hispanaren bermatzaile handienetakoa eta kolaborazionista sutsua izan zen arren. Utikan

  • Ez dakit ba, nik ulertzen dut badela Arzalluz (“z”-z) gogoko ez zuen jende asko, eta nik ere ez nuen berarekin %100ean bat egiten, baina esan ditizun gauza asko espainiar komunikabideek zabaldutako (eta ez dakit, agian baten bat ezker abertzalearen egunkariwk ere bere garaian) gezurretan edo erdi-egietan oinarritu zara. Bide batez, Erkorekak “Kanbo ez da Euskadi” esan zuenean Kanbo administratiboki ez zegoela Eusko Jaurlaritzaren menpe esan zuen (gustatu ala ez, egia), bideoan ondo ikusi zen moduan, baina segi esan ez zuena bere ahotan jartzen.

  • Gailur, paragrafo batzuetan egon datekeen interpretazio politikoa subjetiboa izanda ere, paragrafo gehienetan dagoen informazioa zeharo obejtiboa da: Donostian egindako; NATOren erreferendumeko, Mercedes Milari esandako (bideoa eta guzti dago); PSOEekin aliantza estrategikoa (Indarrean dagoen aliantza, alegia) Nafarroa Garaian egindakoa; Ortuzarrek esandakoa, Lemoizekiko jarrera, Intxaurren aipamena, “azak jateko”ri buruzkoa

  • Xaharrekin biozberak gara, geron buruarekin hasita. Gaizki eginak lausotzen zaizkigu, askotan atzentzen. Eta xahar bizi eta bihurriek grazi egiten digute. Horietakoa genuen Arzallus.
    Eskerrik asko Patxi memoria freskatzeagatik, nik behintzat ahaztuak nietuen salatu dituzun hainbat kontu.
    Barkatu bai, baina atzendu ez

  • Hara zer irakurri diodan Julen Madariagari Arzallusi buruz:

    “Lizarra-Garazi zen unea [1998an]. Ulertzen dut zein amorru bizia sortu zitzaion [Xabier] Arzalluzi. Lizarra-Garaziko kontu hartan inor busti bazen, EAJ izan zen; gu baino gehiago busti zen. Orduan denen artean erabaki behar zen ETAk armak uztea edo ez. Baina ETAk, berak bakarrik erabakita, inori deus esan gabe, egin zuena egin zuen [su-etena hautsi, 1999an]. Kolpe izugarria izan zen”.

    https://www.berria.eus/albisteak/92945/harro-nago-eta-sortu-genuelako-beharrezkoa-zelako.htm

    Nik uste dut okasio horretan gure Xabier-ek, bakea lortu nahirik eta ustezko abertzaleen batasuna, modu xalo batean jokatu zuela. Ez zen izango seguru berriki atxilotutako Josu Urrutikoetxea bezain azeria.

  • Kaixo Bentazar. “egiari zor” liburua arretaz irakurri, nuen eta baita gustatu ere, eta izenburuari helduz “egiari zor”: Lizarra-Garaziren hastapenean Xabier Arzallusek zintzo jokatu zuela garbi dut

  • Bentazar, agian,ezagutuko duzu gai horren inguruan idatzi nuen artikulu. Hona pasarte bat: “Balizko negoziazio-mahai batean ETAk Euskal Herria ordezka zezakeela aldarrikatzea militarismoa zen; Lizarra-Garaziren garaietan ETAk beste eragileen aurrean ezker abertzalea ordezkatzeko eskubidea zuela defenditzea militarismoa zen; 2.000. urtean borroka armatura itzultzeko alde bakarreko erabakia militarista izan zen. Mugarri batzuk pasatutakoan, ETAk negoziazio politiko batean kide izateko aukera guztiak galdu zituen eta bukaera posible bakarra aldebakarreko su-etena iraunkorra izan zen.”: https://www.argia.eus/albistea/etaren-amaiera-begirada-bat-antimilitarismotik

  • Ene Patxi, ezker abertzalea multzo bat da eta Lizarra-Garazin bai Batasunak eta bai Arnaldo Otegik bat egin zuten ETAren proposamenarekin, alegia, euskal sei herrialdeetan galdeketa-botazio bat eratu behar zela, suetena iraun al izateko. Argi dut ezker abertzaleak halako baldintzak jarri zizkiola EAJ-EAri borroka politiko-militarrarekin jarraitzeko asmoz (bidebatez kale-borroka aktibistak zientoka ari ziren ETAn sartzen eta horiek izango ziren ordutik aurrerako militante gehienak). Ezker abertzaleak uste zuen Mayor Orejak hartuko zuela Lehendakaritza eta EAJ botere gabeko bat askosaz errezago manejatu zukeela. Otegismoaren ikuspegi estrategiko distiratsua.

  • egia borobilak!

  • Patxirenak alegia

  • Ekologiari buruzko ETBko saioan argi eta garbi esaten da: Harrisburg, Txernobil eta Fukusimaren ondoren arraziona genuela Lemoizen arriskua salatzen genuenean: EAJk Arzallus jaunaren ahotik esaten zigun Lemoiz gabe azak jatera kondenatuta izango ginela. Gauza bera gaur egun Erruskailua, AHT eta antzeko egitasmoekin: beti sasi aurrerapenaren alde kosta hala kosta. Zurien artean, AEJ txapeldun.

  • Hori Joxe, garai hartako eztabaida eta auzia , egun AHT eta erraustegien inguruan islatzen da. Lehengo lepotik burua. Hauteskunde ondorengo negoziazioek ere argi adierazten digute egungo PNV, sasoi betean zegoen Arzallusi zor diogula.