Azken perediküa

Azken perediküa –

Eteten ari naiz euskal komunikabideetan ditudan maiztasun jakineko kolaborazioak. Hiru hamarkada luze daramat paperean, irratian nahiz telebistan iritzia ematen, beti ere herrigintzari aukerak bilatu nahian, liskar hutsetik harago. Ez da lehen etena, noizbehinka egin izan ditut aldi batekoak; baina oraingo hau izan daiteke eten betirakoa.

Azken perediküa
Ar: Eusko Ikaskuntza

Badut arrazoi zuzen bat. Ordezkaritza instituzional berri bat hartu dut aurtengo udan, eta halakoetan nire araua da alor publikoan ahots pertsonala isiltzea, ordezkatuei zor diedan errespetuz. Baina, zeharkako eragin batzuk ere nabari ditut, iraupen mugatua duen konpromiso hori baino luzeagoak.

80ko hamarkada amaieran iritzi-emaile hasi nintzenean jende gutxi zegoen euskaraz horretan jarduteko; gaitasuna eta ausardia, biak behar ziren eta artean ez zeuden sobrante. Aldiz, egunotan irakurri dut bagarela 15.000 txiolari aktibo euskaraz, eta urtean 2,5 milioi txio argitaratzen ditugula. Badago hor iritzia emateko gogoa!

“Niretzat iritzi-emaile lanean zati handiena ez da izan idaztea edo esatea, baizik eta irakurtzea edo ikus-entzutea, iritzi propioa sortzeko”

Aukera egonda, komunikabideek profitatu egin dute erruz handitzeko iritzi tarteak, bereziki tertuliak. Eta irudipena daukat ugaritasunarekin nolabaiteko hutsaltzea ere etorri dela: azkarrago esan behar da dena, eskatzen da solaskidea zirikatzea eta ikuskizuna elikatzea, audientzia helburu. Hala ere, iritzi pieza bikainak eta tertulia aberats asko aurki daiteke euskarazko komunikabideetan. Gero eta zailagoa da, niretzat behintzat, ekarpen esanguratsuak egitea.

Bestalde, adina ere pilatzen ari zait. Wikipediaren arabera sartua nago ‘zahar gazteak’ multzoan eta, poliki bada ere, apalagotzen ari zait egunerokoa zelatatzeko neukan grina. Niretzat iritzi-emaile lanean zati handiena ez da izan idaztea edo esatea, baizik eta irakurtzea edo ikus-entzutea, iritzi propioa sortzeko. Urteetan izan naiz albistegien menpeko, eta boladatan nekez hasten nuen eguna egunkari pare bat orrazteke. Orain libreago nabil, neurri handian sare sozialei esker, baina grina ez da lehengoa eta gaiak pasatu egiten zaizkit, asko axola gabe. Aspertu samar ere banago agenda komunikatibo derrigorrezko batekin ibili beharraz, amorrua ematen dit ikusteak nola eramaten gaituzten gai batetik bestera nahieran, komeni dena monotema bihurtuz komeni ez dena ezkutatzeko. Ahal dudan heinean nik erabaki nahi dut zerk kezkatuko nauen eta zerk poztuko.

Honenbestez banoa predikarien pulpitutik, seguruenik betirako. Urteotan gaizki esanak barkatu. Aio.

ARGIAko azken zutabea

Azken perediküa

Euskalgilea eta herrigilea, jubilatua baina ez erretiratua.