Azken gauzatxo bat

Azken gauzatxo bat –

Pixkat (oso) berandu nator. Baina banator. Azken gauzatxo bat kontatu nahi dizut 2021ari buruz. Urte gorabeheratsua izan da bai. Neurri eta mugei nahi ez genien tokia eskaini behar izan diegu eta bla bla bla. Nire kasuan 2021ak barreak, erronkak eta deskubrimentuak ere ekarri dizkit. 

Deskubrimentu horietako bati eskainiko dizkiot gaurko lerroak. Guztia apirilean hasi zen. Tabernak 20.00etan itxi behar ziren garai horietan. Badakizue, denak kirolari bihurtu ginen aro hori… Donostiako Alde Zaharrean poteatzen egon ondoren, Trinitate plazara joaten ginen saskibaloian, futbolean edo frontoian jolastera. Berriro 15 urte genituela sentitzen genuen. Errealitatea beste bat da. Astetik astera, ohiko bihurtu zen inguruko gazte ezagunak muletekin ikustea, errenka edo eskua bendatuta. Ez gara ginenak, ez. Nik ere muletadun izaten amaitu nuen. Futbolean “katakrak” bat entzun eta ligamentu kruzatua opari. Plan eta eskemak puskatu zizkidan lesio horrek. Izan ere, iristear zen ilusio eta urduritasunez itxarondako proiektua: “Emakumeak errepidera”. 

grupeta
@cicloturistadss

Zer da hori? Esango didazu. Azalduko dizut. Errepide txirrindularitzako emakumeen komunitatea sendotzeko sortutako programa edo ekimen bat. Azken helburu bat zuen ekimenak: zikloturista egitea. Horretarako 3 hilabetetan zehar entrenamenduak eta beste antolatu zituzten. 

Gogotsu nengoen. Eta triste. Lagunarteko partida tonto horrek ekarritako lesio tontoarekin dena beltz ikusten baitnuen. Eta halako batean hortxe jaso nuen fisioaren “Maialen, honetarako hoberena, bizikletari kaña ematea dena ondo errekuperatzeko”. Sorpresoitz. Ze poza. 

Dagoeneko programako entrenamenduak hasita zeuden, 2-3 aste beranduago batu nintzen. Tolosako kiroldegian zen hitzordua. Iritsi eta lehen segunduan ia hunkitu egin nintzen. Zenbat jende, zenbat gurpil, zenbat irribarre, zenbat erreferente, zenbat ilusio eta zenbat konplizitate.

Lehen entrenamendu hartan, Azpirotzeko portura bidean jende mordoa ezagutu nuen. Denok aurretik bikotearekin, lehengusuarekin, osabarekin edo pare bat lagunekin irtetzeko joera genuen. Eta bat batean 25 emakumez osatutako grupeta horretan egoteak guztion aurpegiak motibazioz janzten zituen. 

Eta iritsi zen eguna. Uztailak 11, Zikloturista eguna. 131 kilometro 3-4 portu. Mailota, kulota eta urduritasunak soinean (urduri jarri naiz momentua gogoratzen, pentsa), irteerara gerturatu ginen, “mesedez, batera ibilbide osoan zehar, ados?” bezelako esaldien artean.

grupeta
@maialen.sorzabalbere

Entrenamenduak taldeka egiten genituen, lehen esan bezala 25 inguru elkartzen ginen sesio horietan. Kategoriaka entrenatzen baitzen. Zikloturistaren egunean ordea, 25 horiek beste 25ekin elkartu giren. 50 emakume inguru, grupeta baten parte, oihu eta txistu artean, elkarzaintzen, animatzen eta laguntzen. Uff…

Ordurarte konturatu ez arren, ordurarte ondoan edukitako horiekin saretzea lortu zuen ekimenak. 2021a arraroa izango zen aspektu askotan. Zoragarria izan da ere horrelako esperientzia eta deskubrimentuak ekartzeagatik. Ligamentu kruzatuarena ez zen beharrezkoa… 

Pixkat (oso) berandu nator. Baina etorri naiz.

 

 

 

Azken gauzatxo bat

ZUZEUko erredakzio kide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude