Atzo gertatu zitzaidanari buruz

Atzo gertatu zitzaidanari buruz –

Atzo gertatu zitzaidanari buruz hitz egin nahi dizut. Egia esan, lehenengo aldia da hemen idazten dudana, baina, atzoko gertakaria nonbait plazaratu behar dut eta ez naiz kazetarietaz fidatzen.

Aldez aurretik, jakinarazi nahi dizut ez dudala historian parte hartzen dutenen izenik aipatuko, badaezpada ere. Behin hori esanda, ez dut kontatu gabe jarraitzeko aitzakia gehiago.

Atzo gertatu zitzaidanari buruzEgunero igarotzen naiz Donostiako Prim kaletik lanerako bidean. Gustatzen zait bertatik igarotzea. Ez dago arrazoi berezirik horretarako. Besterik gabe, gustatzen zait. Kontua da, Prim kalean urteak itxita (eta itxuraz abandonatua) dagoen lokal bat dagoela. Egurrezko ateak dagoeneko erdoildutako kandadu eta katearekin itxita daude. Atzo ere lokal horren paretik igaro nintzen, baina, ez zegoen ez kate ez kandadurik bertan. Goizero bezala presaka nindoan eta ez nion jaramon askorik egin.

Ez dizut gezurrik esango, ez nintzen egun osoa lokal horretan pentsatzen aritu, baina, ezin dut ukatu nire pentsamenduek pare bat aldiz ate horrekin topo egin ez zutenik. Lanetik bueltan eta presarik gabe bertatik igarotzea erabaki nuen. Gauzak horrela, bost eta erdiak izango ziren gutxi gorabehera nire burua ate horren parean pausatu zenean. Goizean bezala, ateak itxia zirudien, baina ez zen katearen seinalerik ageri. Adrenalina puntu batekin atea bultzatu nuen eta ireki egin zen.

“Kaixo, atea irekia dago” esan ondoren sartu nintzen barrura. Ez naiz batere abenturazalea. Ez mota horretako abenturazalea behintzat. Baina, gidoilariaren kuriositateak irabazi zidan atzokoan. Lokala kanpotik bezain abandonatua zegoen. Egunkari zahar bat, garagardo lata pare bat, patata poltsa bat eta urteen poderioz pilatutako hautsa besterik ez zegoen bertan. Beno, hori, eta behera zeramaten eskailera batzuk.

Behin barruan egonda aurrera jarraizea erabaki nuen. Mobileko linterna piztu eta eskaileretan behera jaitsi nintzen. Korridore luze batera jaitsi nintzen. Hura zeharkatu, beste eskailera batzuk igo, irekitako ate bat igaro eta espazio zabal batean azaldu nintzen. Onartuko dizut ez nuela sinisten non nengoen. Milaka aldiz amestu dut Arte Ederrak antzokian antzeztea, baina, sekula ez nuen pentsatuko halako egoera batean egongo nintzenik.

Bat-batean, bi gizonen ahotsak entzun nituen. Goiko solairuetako batetik zetozen. Ez, ez nintzen igo. Ez naiz hain ausarta. Hala ere, ahotsa ezaguna egiten zitzaidala iruditu zitzaidan. Etxera iritsi arte ez nintzen konturatu ahots horren jabea altua dela eta perilla daramala. Bestearena oraindik ez dut identifikatu. Barrez ari ziren eta ez zitzaien asko ulertzen, baina, uste dut hurrengo esaldi hau esan zutela: “Agian orain zutik gauden lekuan hurrengoan etzanda egongo gara”. Barrez jarraitu zuten.

Berehala irten nintzen bertatik. Ez nuen arazotan sartu nahi. Gaur berriro lokalaren paretik igaro naiz eta beti bezala kandaduz itxita zegoen, baina, kartel berri bat zuen gainean. Zera jartzen zuen bertan: “ez sinistu irakurtzen duzun guztia”.

Agian gertakari txikia izan da, baina… ondo pasa dut idazten.

Atzo gertatu zitzaidanari buruz

Barrexerka Polainak jantzita