Asteburu bat Putakume Galantok-en

musika fiscal

Asteburu bat Putakume Galantok-en

Larunbat gauez. Putakume Galantok-en jaiak ospatzen ari dira. Errusiar kutsuko izenak besterik iradokitzen duen arren, Putakume Galantok ez da Ingusetia edo Gaztela Mantxako paraje galdu bat. Aitzitik, Bizkaiko kostaldean kokatzen den herrixka xarmant bezain zoragarriaren izena da. Herri euskalduna, super, hiper, mega- euskalduna. Euskaldunetan euskaldunetarikoa. Euskalduntasun lehiaketa batean parte hartuko lukeena, halakorik balego. Eta irabazteko aukera askorekin, gainera.

Eguzkiak aspaldi ospa egin duen arren, bero sapak bertan darrai, triki-poteoan. Eta ez da bakarra. Txosnak, tabernak eta txokoak jendez mukuru daude. Egun osoa hondartzan eman ondoren, nekeak bat-batean  erasan digu, eta, asko eztabaidatu ondoren,  parranda beste baterako uztea deliberatu dugu: bi boto alde, Laurarena eta biona, 0 kontra. Taberna zikin batean mokadutxoa afaldu ondoren etxerantz abiatu gara. Etxeko atarian gazte koadrila batekin egin dugu topo. Elkar ezagutzen ari direla begitandu zait: Gaztetxoak diren arren, 14-16 urteren bueltan ibiliko dira,  jende jantzia dela ezin ukatu, ondo hezitakoa,  aurkezpen protokolarioekin nahikoa ez eta  elkarren artean nortasun agiriak trukatzen ari bait dira, kale-argien abaroan. Hurbiltzen ikusi gaituztenean izutu eta derrepentean txartel guztiak gorde dituzte. Lotsatiak dira, nonbait. Eta isilak. Eskaileretan gora abiatu garen arte ez dute aurkezpenekin jarraitu. Protokolo gehiegi, hain gaztetxoak izateko, esan dit Laurak. Irribarre egin dut. Protokolo kontuetan batek daki.

Etxera sartu orduko  lo egitea zaila izango dela konturatu gara. Inguruko txosna zein tabernetako musikaren durundiak paretak kolpatzen ditu, eta gure lo gelaren erdian Rihanna, J. Lo, Katy Perry etabarren kakofoniak  nahasten dira, zurrunbilo etengabean . Hala ere, saiatzea erabaki dugu. Alperrik. Badirudi ohea plazan bertan dagoela: Izareei kalimotxo usaina darie, eta momentu batetik bestera norbaitek ohe gainera salto egin eta goitik behera txiza egingo digunaren irudipena daukat. Hala ere, horrek ez nau kezkatzen. Azken finean, herriko jaiak dira. Urtean behin, aste bakarra. Gazteak gara, eta ulertzen dugu. Musikarena beste egur bateko ezpala da.  Bijilia Madonnarekin hasi, eta gauak aurrera egin ahala La Oreja De van Gogh, David Guetta, El Canto del Loco, David Bisbal eta David Bustamante entzuteko parada izan dugu, besteak beste. Terrorismo musikalaren zantzu guztiak hartu dizkiot nik horri. Arestian esan dudan legez, herri euskalduna da. Eta euskeraz jarri duten abesti bakarra Su ta Gar-en ” Jo Ta Ke” izan da.

Goizeko lauak aldera, baina, sustoaren sustoaz ohetik salto egin eta lurraren kontra bekoz beko osti galanta hartu dut, Georgie Dann-en “El veranito”-ren lehen bertsoak entzutearekin batera. “Me voy contento / pues viajo con descuento / pagando en varios meses / no sea que me estrese (…) Me dirijo a la costa a comerme una langosta (…) El veranito / el veranito / cómo me gusta veranear / El veranito / el veranito / me voy con Viajes El Corte Inglés”. Arrastaka, zorabiatuta, leihora hurbildu naiz, eta hormaren kontra eskuak bermatu ondoren zutitzea lortu dut: Behera begiratu, eta  dantzan ari den jendez lepo ikusi dut plaza. “Putakume galantok!”. Nazkatuta, amore ematea erabaki dut. Total, nori inporta zaio. Arineketan jantzi eta plazara jaitsi naiz. Ez naiz “El veranito” dantzatzeko garaiz iritsi, baina tira, hurrengoa Melendiren azkena izan da, eta gaitz erdi.

Orduan, festa giroan murgilduta,  errebelazio bat izan dut:  Euskal musikak aurrera egingo badu, Georgie Dann bat behar du. ETB 1-ek Salvame bat behar duen modu berean. Herriak Belen Esteban bat desio duen hein berean. Garrasika eskatzen ari gara. Ez duzue entzuten?

Asteburu bat Putakume Galantok-en
jaiak, Kultura, musika
Eñaut Barandiaran

MARTITZENA 13

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude