Asteazken madarikatu hartan. PART I. (Gezurretako gertakizunetan oinarritutako ipuina)

Auto-fikzioaren modak erdian harrapatu ninduen, eta ez soilik asteazkena zelako. Alde batetik fikziozko ipuin bat nerabilen buru barruan bueltaka, eta bestetik nire autoak udal biltegian jarraitzen zuen. Zeanuriko jaietatik bueltan gentozela Antonio poeta eta biok, alkoholemia kontrol batean harrapatu gintuzten. Antonio bere azken poema ontzen ari zen, kalimotxo katxiari zurrutada luze bezain poetikoak ematen zizkion bitartean. Poemaren hasierak hala zioen: Desde que la chupo por spid soy mucho mas felíz. Ez zen hasiera makala, ez horixe. Baina ertzainek ezer gutxi dakite poesiaz. Prosa nahiago dute. Prosa lehorra, apaingarririk gabekoa. Opuseko familietan seme-alabak nola, isunak hala heldu ziren, bata bestearen atzetik: Lehena alkoholemia tasa gainditzeagatik. Bigarrena aseguru barik gidatzeagatik. Hirugarrena eta azkena, ertzainak iraintzeagatik. Antoniok normaltasunaren poliziak nahiko anormalak zirela esan zien. Berriro diot: ertzainek ez dute poesia konprenitzen. Eta are gutxiago poesia kontzeptuala. Hosti pare bat ere emango zizkiguten, ETA-kideak izan bagina. Egun posible da ETA-kidea izatea norberak jakin gabe. Nire gaztaroko ametsetako bat izan da hori beti. Eta ez borroka armatuaren alde nengoelako, ez bait nuen horretan pentsatzeko astirik hartzen. Baina legez kanpoko bizitza horrek, zapaldutako herri baten aldeko burrukan, bazuen bere xarma. Duela gutxi erakundea Guardia Zibilaren kuartel batetik gidatzen zutela jakin nuen. Tomasek esan zidan, herriko mozkorrak. Auto fikzioari buruzko duda nigan ernaldu zen egun berean izan zen, asteazken madarikatu hartan.

Herriko tabernara joatea erabaki nuen, aholku bila. Herrian dagoen taberna bakarrera, ez ezker abertzalearena, dena esate aldera. Herria jeltzalea da. Mozkorra izateaz aparte, derradan bide batez, Tomas herriko gurua da. Duda metafisiko edo existentzial bat duen orok berarengana jotzen du. Kontutan hartu behar da herriko azkarrenak ez lukeela semaforo izateko balioko. Horregatik, Tomasek hamarkadak daramatza langabezian. Egun hartan, eta goizean goiz izateko, ohi baino hordituago aurkitu nuen. “Hijo de Puta” goxo batez agurtu ninduen. Muturreko bat ematen saiatu zen, baina oina galdu eta lurrera ziplo erori zen. Hagin batek bere aho barrutik salto egin eta kalerako bidea hartu zuen. Ate ondoan zegoen udaletxeko langileak atea ireki zion. Haginak hiru puntako kapela kendu eta eskerrak eman zizkion. Urruntzen ikusi genuen, galai, dotore, usteldutako hagin bat dela ahaztu duenaren ausardiaz. Tomasek ez zuen faltan botako. Bere haginekin zuen harremana nahiko gatazkatsua zen. Sesio bat edo beste komisarian bukatu izan zen. Beraz, hagin bat gehiago edo gutxiago, berari bost. Lau, hobe esanda. Lau hagin geratzen zitzaizkion. Tomasi lurretik jaikitzen lagundu nion. Zerion patxaran usaina atzera botatzeko modukoa zen. Bere edalontzia begiratu nuen. Hutsik zegoen. Zer nahi zuen galdetu nion. Tomas bere begi alperra esnatzeko ahaleginetan hasi zen. Ez zen erraza izan, langabezia saria jaso bitartean begi hark ez baitzuen inolako lanik hartzen. Lortu zuenean Tomasek sakon eta zuzen begiratu zidan. Erantzuteko beharrik gabe, bi patxaran eskatu nituen, bat alkoholik gabea. Mahai batean eseri eta barrua inarrosten zidan kontua aipatu nion: ipuin bat idatzi nahi nuen, baina ez nekien zehazki zer nolakoa, fikziozkoa edo auto-fikziozkoa. Horra nire dilema. Tomasek arnasa sakon hartu, eta ondoren puzkerra bota zuen. Ozena, bere aulkiaren oinarriak dardarazteko modukoa. Zain geratu nintzen, atezuan. Alferrik, mahai gainean lo geratu baitzen. Ardiak zenbatzeari ekin nion, bera itzartu bitartean. 1, 2, 3, 4, 5…konturatzerako ehun baino gehiago nituen zenbatuak. Nire buru barruan sortzen ari zen anabasa sekulakoa zen. Kaosa eragozte aldera ardiak artaldetan banatzea erabaki nuen. Lanari ekin nion, kolorearen arabera sailkatuz. Azkenerako hiru artalde ezberdin nituen, zein baino zein dotoreagoa: Zuriena, beltzena eta kafe-esne kolorekoena. Baina arazoak ez ziren hor bukatu. Artaldeetako baten buruak apartheida salatu zuen, kafesne kolorekoen kontrako bazterketa, hain zuzen ere. Salaketak giroa gaiztotu zuen. Beste bi taldeen erantzuna argia izan zen; beeeeeeeeeeeeeee!!!!!

Ardien marrakak Tomas iratzarri zuen. Begi langilea ireki eta alde batetik bestera paseatu zuen, ingurua zehaztasunez miatuz, urpekari bateko mira bailitzan. Ez zirudien bere alboan ardi bat izateaz sobera harritu zenik. Ni barrezka hasi nintzen. Irribarre garratza, limoi zaporekoa. Ardi batek artaldetik ihes egin behar, eta zeinek eta kafesne koloreko batek! Horrek arazoak ekarri behar zizkidan, ziur. Nik bahitu nuela edo antzeko pitokeri bat asmatuko zuten nire etsaiek.  Patuaren ironia krudela madarikatu nuen, baina zeregin hoberik ez nuelako, gehienbat. Normalean ez naiz patuaren ironia krudela madarikatzen duten horietakoa. Ironia maite dut, krudela denean ere. Ia beti. Patuaren nondik norakoez ezer gutxi esan dezaket. Ni galdera filosofikoetan galtzen nintzen bitartean Tomasen aurpegiko zimurrak Kepa Junkeraren abesti bat jotzen hasi ziren, gora eta behera, ezker-eskuin. Ate ondoan zegoen udaletxeko langilea dantza sueltoan hasi zen, Tomas bere begi alperra irekitzen saiatzen zen bitartean. Lortu zuenean nekea nabari zitzaion aurpegian. Kepa Junkeraren abestia jotzeari utzi zion. Nire gaiari lotuko zitzaiola imajinatu nuen.  Baina bai zera! Horren ordez, mundu guztiak mozkorti baten ahotan sekula santan entzun nahi ez duen galdera luzatu zigun: “badakizue zergatik hasi nintzen zurrutean?”. Denok soberan ezagutzen genuen kontua da; 16 urte zituela amarekin farmaziara joan eta honek “dulco-laxo” eskatu zuen, idorreria arintzeko sendagai bat. Tomasentzat kolpe gogorra izan zen bere ama-birjinak kaka egiten zuela jakiteak. Pentsatze hutsak beherakoa ematen zion. Bere uste guztiak komunetik behera amildu ziren. Gertakari hark nihilismo erradikalenera bultzatu zuen, eta ordutik hona, bere ama ataka hartan ez irudikatzeko modu bakarra patxaran bat bestearen atzetik edatea omen da. Ez da drogazale bati  entzun diodan aitzakiarik kaskarrena. Ezagutu nuen “ La casa de la pradera” bukatu zenean heroina hartzen hasi  zen tipo bat.  Pena arintze aldera edo. Drogazale profesionala bilakatu zen. Drogazale. Hitz polita. Ez “drogadicto” itsusi hori bezalakoa. Drogazale. Mendizale. Futbol zale. “ Ikusi drogazaleak, mendi eta zelaiak, mendi tontor gainera, igo behar dugu…”. Zinez hunkigarria. Euskararen handitasuna. Alta, Euskal Herriko drogazaleak oso esker txarrekoak dira. Azken datuen arabera, % 3ak soilik egiten du euskaraz. Begirunez izendatzen dituen euskara erabili beharrean  “yonki” edo “drogadicto”-tzat dituen gaztelania erabiltzen dute. Euskararen aldeko erakundeek badute hor zer eginik. Goiburu bat eta guzti asmatu dut, dohainik lagako diedana, gainera:

“Euskara eta metadona, dena ona”. “Atsedenik ez drogarik gabe”  edo “Pixka bat es mucho” koei gustatuko zaie, ziur.

JARRAITUKO DU…

Eñaut Barandiaran

MARTITZENA 13

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude