Argia piztuta, itzaletan

George Harrison gaztetan

Lehen pentsatzen nuen pertsona ospetsuenak hala zirela benetan hoberenak zirelako. Bai, berebiziko akatsa zen. Argi dago celebrity-ekin supermerkatuan erosten ditugun produktuekin bezala gertatzen dela: kontsumitzen duguna ez da beti hoberena, marketing, publizitate eta diru-laguntza gehien izan duena baizik. Horregatik dugu gustuko, horregatik aukeratzen dugu hori, horregatik miresten dugu. Pertsonek ere marka sortzen dute.

Hau da, nire aburuz eta apaltasun osoz, The Beatles taldearekin gertatzen dena. Txikitatik naiz munduan zehar ezin ezagunagoa den talde ingelesaren zale amorratua (frikia izatera arte), baina pixka bat kostatu zait konturatzea zer nolako irudia dagoen John, Paul eta konpainiaz. Bai, John eta Paul, eta Ringo agian, horiek baitira askorentzat The Beatles-ak. Baina ez al ziren laukotea? Eta zein da azkenekoa? Bai, gitarrista, biboteduna, morenoa, ile luzexka zuena. George Harrison, edo hori.

Mundu guztia da gauza Yesterday, Let it be, Lucy in the sky with diamonds edo She loves you abestiak kantatzeko edo playback-a egiteko, behintzat. Jakina, guztiak John Lennon eta Paul McCartney izugarrienak, taldeko bihotza ziren haiek. Edonork daki nola hil zen Lennon, edonork daki McCartney-ren emazte ohiak hanka galdu zuela, edonork daki Ringo Starr Marge Simpson-en idoloa dela. Euren marka propioa komertzializatu zuten. George-ez, ordea, ezer gutxi daki jendeak.

Ez dakite magikoak diruditen Here comes the sun eta Something kantuak berak konposatu eta abestu zituela. Ez dakite The Beatles hinduismora hurbildu zenean berari esker izan zela. Ez dakite Rolling Stone aldizkariak historiako hamaikagarren gitarristarik hoberena izendatu zuela. Ez dakite taldea banandu zenetik ia-ia 1990ra arte musika egiten jarraitu zuela. Ez dakite 2001ean minbiziak eraman zuela. The Beatles Jesus baino ezagunagoa izango zen, baina benetan zen hala, ala taldearen erdiak besterik ez zuen eragina izan Historian?

Argia piztuta zegoen eta George-k itzaletan geratzea erabaki zuen ala jendeak ez zituen begiak ireki? Disfrutatu:

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...