Argazki baten lilura

Hartu arnasa!

Ari gara Abenduko lehen egunetan argitaratuko dugun PAPEREKO ZUZEU milagarrenez gainbegiratzen. Saiatu eta saiatu, badakigu, hala ere, argitaratutakoan, milioi bat kontu geratuko zaizkigula zintzilik, ikusten asmatu gabeko lekuetan agertuko zaizkigula akatsak eta amorruz esango diogula elkarri: “baina nola ez dugu oharkabeko kakazahar hori orain arte ikusi?”.

Geldirik ez egotearen ajeak dira horiek. Alan Pauls idazle argentinarrak esan zigun behin, pitzaduretatik sortzen direla loreak, perfekzioa ez dela sekula emankorra izaten. Jon Sarasuak ere berrikitan du esana: “Hanka bat lokatzetan sartuta ez daukana, ez da interesgarria”…

Gu ados gaude biekin, pitzadura eta lokatza kontuetan, oso adituak baikara, beste ezertan ez bezala.

Eta huntaz eta hartaz, iritsi zaigu unea zuzeu.com gunearentzat berarentzat iragarki bat egitekoa, PAPEREKOAREN orrialde batean argitaratzeko.

Eta  bidali diegu testu txukun bat Urtzi grafistari eta Jasone kudeatzaileari, eta bidali diegu argazki ero bat…

Eta galdetu digute zer arraiotan gabiltzan halako gauzak bidaltzen ibiltzeko. Ea zergatik gustatzen zaigun argazkian ikusten den irudi hori.


Ez dugu asmatu ahal izan  erantzun logikorik eta horregatik jo dugu gaztelaniaz “disparar por elevación” deitzen den teknika merke horretara. Esan dugu:

  • Argazkia harrigarria da eta irakurlearen arreta bereganatuko du (cc-by-sa Jens Finke).
  • Argazkia surrealista da (eta surrealimoa da XX. mendean utzi digun arte-korronterik garrantzizkoena, Koldo Izagirreri entzun izan diogun bezala).
  • Argazkia lotuta dago zuzeu.com albistariaren horizontaltasuna kontzeptuarekin (edo horrexen ukazioarekin).
  • Argazkiak erreferentzia zuzen bezain absurdua egiten dio promoziorako hartu dugun leloari: “hartu arnasa!“.
  • Argazkia…

Eta Urtzi grafistak, eta Jasone kudeatzaileak egin dute lan zoragarri bat, argazkitik abiatuta. Nahi genuena baino areago, irudikatzeko gai ez garena lortu dute eurek biek, proposatu diegun argazki ero eta hankazgoratutik abiatuta.

Gaurko ikasgaia atera dugu geuk bidenabar, eta pozik gaude: gauza batzuetarako ez dago ezer hoberik, zertan gabiltzan geuk baino askoz hobeto dakitenen kidetza baino.

(Hori bai, egin duten lan aparta ikusi ahal izateko, Abenduko lehen egunen esperoan beharko duzu geratu, PAPEREKO ZUZEU argitaratzen dugun artean. Konprenituko duzu ez garela blog txiki honetan hasiko alferrik gaztainak erretzen haiek egindako lana orain agerian jarriz. Konprenitzen?).

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude