Anjel Lertxundi: “Kazetaritza ez da idazleen hilobia”

Lanbide hau eta literaturaren arteko mugez aritu da idazle oriotarra Leioako unibertsitatean

Muga-mugako kontuez aritzea beti gustatu izan zait, “cuestiones fronterizas” asignaturarekin txundituta geratu nintzenetik”. Halaxe, gaztetako kontuekin, hasi zuen hitzaldia Anjel Lertxundik. Eta noski horrela definitu zituen literatura eta kazetaritza, muga-mugako kontu bezala. Bere burua kazetari gisa aritzen den idazle gisa definitu zuen liburutegiko aretoan elkartu ginen ikasleon zein irakasleon aurrean. Eta hasi bezain laster agerian utzi zituen, ofizio honek dituen hamaika definizio eta ikuspuntuak.

Esan zuen nola García Marquez-en arabera kazetaritza poesia bezain literatura zela, eta beste batzuen arabera aldiz literaturaren heriotza. Bera garbi utzi nahi izan zuen kazetaritza ez zela “idazlearen hilobia”. Bi diziplinen arteko mugetan mugitzen jakin ezkero, elkarren aberasgarri direla eta elkar elikatzen direla esan zuen. Hala ere kontuz ibili behar dela, kazetariek topikoetan erortzeko duten ohitura baztertu behar dela gaineratu zuen. Etikadun kazetariak, printzipiodunak, aldarrikatu zituen: “Deontologiadun kazetariak geroz eta beharrezkoagoak dira”.

Liburuen eragina

Liburu ugarik kazetaritzan izan duten papera defendatzen du idazleak eta bere iritzitan literaturaren historia ikastea beharrezkoa da kazetaritza ikasteko. Lertxundik dioenez, literaturak errealitate erreala definitzen du eta errealitatea izan daitekeena kontatu. Defoe-ren Diario del año dela peste edo Aingeru Epaltzaren Rock & Roll eleberriak ipini zizkigun adibide gisa. “Uler daiteke nobela beltza kazetaritzarik gabe?”.

Garai azkarrak, kazetaritza azkarra
Teknologiak idazteko eta irakurtzeko moldeak aldatu ditu Anjel lertxundiren aburuz. “Idazten gauden bitartean diskurtsoa eraikitzen dugu”, eta hori bere garaietan idazmakinarekin pentsaezina zela argitu zigun. Bere garaian lehenagotik planifikatu gabe idazten hasi ezkero, orria akats bat egin orduko zakarrontzira bota behar zuen: “Garbi eduki behar zen zer idatzi, hasi aurretik”. Irakurketari dagokionez , sareak kazeta irakurketa selektibo bat garatzea ahalbidetu duela esan zuen. “Irakurleak bere periodiko propioa osatuko du interneten”, oriotarraren aburuz, “eta irakurlea subjetu aktibo bilakatuko da”.

Ekaitza bainuontzi batean