Anbolo eta biok

 anbololoroa1993.jpg

Neuk ere ezagutu dut Anbolo, argazkian ageri den loroa. Gure etxetik kalera, derrigorrez pasatu behar izaten nuen haren leihoaren paretik, ogi bila eta zernahitara, eta txistu artean ari zen bitartean esaten nion, “lorito feo”, “egunon, lorito”, edo “arratsaldeon, lorito”, segun eta nolakoa nuen umorea. Ia beti erantzuten zidan, “Bahua, Kaikua!”, eta nik —errima osatzearren—, “Ez heu bezainbestekua!”.

Guretzat, etxekoentzat, Egotoki elkartea beti izan da “Lorituanekua”. Abebe Bikila edo Mammo Wolde etorri arren bertan arrautza frijituak jatera, beti izan da halaxe guretzat. Gaur ere horrela deitzen diogu elkarte atletikoari. Loritoak ematen zion (eta dio), nortasuna bazkidetzari. Gainerakoek antxitxika egiten zuten alde, baina loritoa beti geratzen hantxe, leihotik txistuka, soziedadea bere kaiolaren osagarri gisa eraiki izan balute bezala.

Baina gezurra diot, ez zidan “Kaiku” deitzen, ez baitiot sekula entzun hitz bat bera ere euskaraz. Harrigarria niretzat, geure herriko gizonkoterik petoenak biltzen dituen elkarteko loritoak ez ikastea hitz bakar bat ere geure hizkuntzan (nik dakidala, behintzat).

Hori bai —eta egia da oraingoan—,  elurra ari zuen egun batean, izoztuta nindoan aldapan behera. Eta inork sinetsiko ez didan arren, kaiola barnetik esan zidan: “Hace frío, chaval!”.

Betiko  ohiturari jarraituz erantzun nion: “Hi bai bizi, estu bezain zabal”. Baina susmoa daukat ez zidala fitsik ulertu. Antza, euskalduntze kanpainek ez dute erraza bidea, ez eta hegaztien artean ere.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)