Almendra

Almendra –

Nerea IbarzabalekBizkaiko Hitzan.

Nerabezaroa hasten da almendra olioa dutxara iristen den momentuan, abisatu gabe. Amak ninjen bizkortasunez erreparatu die haztear dauden zure bular, sabel, izter eta ipurdiei, eta zas!, gauetik goizera pote bat gehiago duzu xaboien familian geroz eta garrantzi handiagoa ematen diozun- zure intimitate momentuari begira.

“Dutxatu ondoren eman gorputzean, ez da ezer kostatzen”, esaten dizu, baina, azpitituluak aktibatuz gero, irakur daiteke “hartu aurrea datorrenari, laster zure gorputzarekin duzun harremana aldatu egingo da, eta ez zaizu komeni gorrotatzeko beste arrazoi bat izatea”. Gerora etorriko diren aldaketa guztien lehenengo abisua da, lurrikara handiaren lehenengo dardara.

AlmendraEta ez dakit azkenean egunero ematen zenuen olioa ala ez, baina kontua da estriak atera zitzaizkizula berdin-berdin, eta, espero bezala, horiek gorrotatzen ikasi zenuen biziki, ziur asko urte horietan gertatutako transformazio guztien sinbolotzat hartu zenituelako arrautza kraskatu-berri baten itxura ematen zizuten arrakala zuri edo gorrixkak. Gerora bai, hasi zinen kremak ematen azalean, baina ezin izan zenituen arrasto haiek sekula guztiz ezabatu; hortik datorkizu traumatxoa.

Aldaketa asko bizi izan dituzu ordutik, azalberritzeak. Estria gehiago izango dituzu agian azalean, zimurrak kopetan, erredurak. Badakizu zerbait bizitzaz, aldatu zara etxez, herriz, bikotez, lanez, karreraz, eskolaz, lagunez agian, eta oraindik ere ze paniko ematen dizuten aldatzen diren gauzek! Balego almendra olio edangarririk, bizitza osoan zehar goizetan trago bat eman eta zure barruak ere aldaketetarako prestatzeko! Buruko eta bihotzeko estriak saihestuko genituzke hala.

Baina, ez dagoenez, sarritan zeure azal zaharrari helduta bizi nahi izaten duzu, azal berriak aski epelduko ote zaituen ez dakizulako, ez dakizulako ze izaki aterako den arrautza kraskatzerakoan. Horregatik aztoratzen zara hainbeste aurreikusi ezin dituzun aldaketa txikien aurrean, Ermuko autopistako irteera itxita dagoela ikustean, adibidez, eta Eibartik joan behar duzunean ustekabean.

Kontua da, sarri ukatzen duzun arren, arrakalekin edo leunki, baina aldaketa guztietara egokitzeko diseinatuta zaudela, eta zeuk espero baino bizkorrago ohitzen zarela gainera, batzuetan iraingarriki bizkor. Beharbada zure amaren hitzen azpitituluak beste hizkuntza batean aktibatuta, bizitza osorako gomendio bat irakurriko zenuke, esaterako: “Izan zaitez malgua, prestatu aldaketetarako, baina egin ezazu beti mimoz eta ur epeletan!”.

Almendra
aldaketak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude