Aldebikotasun hutsaz

Aldebikotasun hutsaz –

Zer esana eman zuen Oriol Junquerasek “Ara” egunkarian idatzi zuen “Mirant al futur” artikuluak. Bertan, oinarri independentista zabaltzearen inguruko gogoeta bat egiten du.

Aldebikotasun hutsaz
Arg: Agencia Catalana de Noticias

Laburbilduz, aldebikotasunak, aldebakartasunak ez bezala, oinarria zabaltzeko balio omen du. Ondorioz, aldebakartasuna baztertuz aldebikotasun hutsaren alde egin behar omen du independentismoak. Kartzelan dagoenari zor zaion errespetutik abiatuta, artikulu horretako gogoeta nagusia okerra dela argudiatzen saiatuko naiz irekita uzten ditudan zazpi hausnarketen bidez:

1. Aldebikotasun hutsak politikaren elitizazioa dakar. Aldebakartasuna lehenesteak, berriz, politikaren horizontaltasuna indartzen du. Aldebikotasunak alderdien arteko bilera ilunetan jartzen du balizko prozesu independentista baten fokua. Egin, politikariek egingo dute. Herritarrei, berriz, fedea edukitzea eta, eskatzen zaienean, botoa ematea dagokie, soilik. Aldebakartasunak, berriz, politikaren deselitizazioa dakar; argia alderdien bulego opakuetatik herritarrez beteriko plazetara eramaten baitu. Aldebikotasun hutsean jendartea objektua da. Aldebakartasuna lehenetsiz aldebikotasunari muzin egiten ez dion ikuspegian, berriz, jendartea subjektua da. Eta hori, independentismoa den mugimendu askatzailearen aktibaziorako eta oinarria zabaltzeko ezinbesteko baldintza da.

2. Goiko ideiatik tiraka, politika ulertzeko modu bat jartzen du agerian aldebikotasun hutsak: politikaren kosmobisio partidista. Politika ulertzeko modu honek gehiengoak beti alderdien arabera neurtzen direla uste du. Berdin du eutanasiaren aldeko gehiengoa izan, etxebizitza eskubidearen aldekoa, lan baldintza duinen aldekoa edo independentziaren aldekoa izan. Edozein subjektu politiko alderdi politikoetara makurtzen du. Kosmobisio horrek alderdien muga zurrunak jartzen dizkie hazi nahi duten subjektu politikoei. Alderdiak dira politikaren neurria eta ondorioz, muga. Ikuskera honetatik aldentzen hastean zabaltzen da askapenerako aukera eta oinarria.

3. Independentismoa identitate esentzialista moduan hartzeko joera dago aldebikotasun hutsak indartzen duen politikaren kosmobisio partidistan. Ideia hau hobeto azaltzeko, Espainiak urte luzez erabili duen argudio bati helduko diogu: Espainia demokrazia bat denez, Espainiako legeak demokratak dira. Gurean ere argudiaketa mota bera agertzen hasi da azkenaldian: X alderdi «indepea» denez, egiten duen edozer independentziaren aldekoa da (Europako funtsak, Espainiako aurrekontuak). Esentzialismora garamatzan atzekoz aurrerako argudiaketa honek, independentismoa edozer justifikatzera daramanez, ahuldu egiten du.

4. Oriolen gutunetik ondorioztatzen den beste ideia bat da aldebikotasuna inklusiboa eta aldebakartasuna baztertzailea dela. Ideia horrek, erreala ez izateaz gain, unionismoaren marko diskurtsiboa irensten duenez, independentismoari kalte egiten diola uste dut. Kataluniaren kasuan argi ikus daitekeen moduan, Urriaren 1eko aldebakartasunak guztion eskubideen aldeko eskaria egiten zuen. Sanchezen aldebikotasunak, berriz, unionismoaren pribilegioak babestea du xede. Oinarri demokratikoa eta, beraz, inklusiboa, aldebakartasunak zabaltzen du askapen prozesuetan.

5. Oriolek, artikuluan, aldebakarreko bidea aparte utzi eta Eskoziako ereduaren alde egin behar dela dio. Kontu honetan, baina, bada aipatzen ez duen ñabardura garrantzitsu bat; Erresuma Batuko Gobernuak, 2014an egin zuen moduan, berriro erreferendum bat onartzea oso probabletzat ikusten du bertako jendarteak. Aldebikotasun hutsa, hortaz, bide sinesgarria da Eskozian. Espainiako Gobernuaren kasuan, berriz, jendarte osoak daki ez duela onartuko; ez da bide sinesgarria. Sinesgarritasuna funtsezko kontua da, jendartearen aktibazioaz eta oinarriaren zabaltzeaz ari bagara. Estatu espainiarraren aurrean aldebikotasun hutsaren alde egiteak sinesgarritasuna kentzen dio independentziaren proiektuari eta, beraz, indargabetu egiten du.

6. Historiak Kataluniakoa eta Euskal Herrikoa bezalako kasuetan aldebakartasuna baztertzea ez dela egokiena diosku. Independentzia nahiaren inguruan egiten diren inkestak eta aldebakarreko momentu gorenak kontrajarriz gero, argi ikus daiteke aldebakarreko momentu goren horietan egin duela gora independentismoak. Jendartean orduan ikusten baita independentziaren aukera posible.

7. Junquerasek dioenaren kontra, aldebikotasuna eta aldebakartasuna, biak, dira beharrezkoak askapen prozesu batean. Aldebakartasuna jendartean indar posizioa eta legitimitatea eskuratzeko bidea da. Aldebikotasunak, berriz, jada lortu duzun horri zigilua jartzen dio. Finkatu egiten du. Aldebakartasunetik lortu ez dena ez da aldebikotasunetik lortuko. Horregatik, aldebikotasun hutsak ez du inoiz gehiengorik sortuko. Hori, edozein negoziaketa prozesutan sartu aurretik kontuan eduki beharreko oinarrizko araua da.

Egin ditudan hausnarketa hauetatik ondoriozta daiteke aldebikotasun hutsak, politika zaharraren jite guztiak bere egiten dituenez, ez duela higatzen burujabetzak ukatzen dizkigutenen indar posizioa. Eta indarrean dauden markoak onartzera garamatzanez, ez diola tarterik uzten edozein askapen mugimenduk derrigorrezkoa duen marko berriak sortzeko imajinazio politikoari.

Aldebikotasun hutsak independentismo gris batera garamatza, euskal errepublika lortzeko inongo gaitasunik gabekora.

Aldebikotasun hutsaz Aldebikotasun hutsaz Aldebikotasun hutsaz

4 pentsamendu “Aldebikotasun hutsaz”-ri buruz

  • Bai jauna!

  • Oso gogoeta interesgarria.

  • Oriol Junquerasek Ekainaren zazpian ” Etorkizunari begirada” idatzian , indultua jaso baino 15 egun lehenago.

    “Estatu bihurtzeko ezinbestekoa da Katalunian gehiengo zabala eraikitzea, baina zilegitasuna ere lortu behar dugu nonahi. Jokoa barruan eta kanpoan jokatzen da. Horregatik, ez diogu inoiz elkarrizketari edo negoziazioari uko egingo. Inozoa litzateke estatuarekin elkarrizketa politikoak berehala emaitza ukigarriak emango dituela sinestea, baina hori gabe egin dezakegula sinestea arduragabekeria oso garestia litzateke. Kritikatzen eta iseka egiten den neurrian, gobernuen arteko elkarrizketa eta negoziazio mahaiak arrakasta du berez, gatazkaren balizko konponbiderako espazioa irekitzen duelako”

    Bikaina . Arnas luzekoa.

    “Eta gaur egun, beti defendatu dugun moduan, Eskoziako bidea dela sinesten jarraitzen dugu. Itunaren eta akordioaren bidea, adostutako erreferendumaren bidea. Berme gehiago eta berehala nazioarteko aintzatespena sortzen dituen aukera da. Badakigulako beste bide batzuk ez direla bideragarriak eta desiragarriak, hain zuzen ere, lortu nahi den helburutik urruntzen gaituzten neurrian.”

    Katalanek egin dutena azken 11 urteetan lortu nahi den helburutik urrundu egin ditu? Ez dut uste baina saiakera honek berea eman duela uste dut .Eta Oriol Junqueras pentsamendu eta konbikzio berdinetan dabilela uste dut.

    Agortu du bere tenpusa eta emaitza.Nik uste dut gainera Euskal Herriaren ziklo agorpenak piztu zuela neurri erabakior batean ,2008 crash finantzieroaren ondorioekin batera,”proces”a.

    Beraz orain denbora berri luze berri bat ireki dela iragarri daiteke. Hamarkadak? Nork daki? Post pandemiatik mad maxera? edo eta mundu demokratiko, arrazoizko eta humanistago bateara?

    Eta Euskal Herrian . Ba antzeko parezido . Partida barruan eta kanpoan jokatzen da .

    Eta ez da amaitu inolaz ere , baina antza hartzen diot beste egoera “iraultzaile demokratikoa” sortzeko hamarkada batzuk pasa ahalko direla .

    Edo ez . Oso eroa baita munduko shokeko kapitalismo hau ,bere deribada guztiekin…

    etsi gabe lagunak.

    idazten duenean adierazpen horretan badagoela testualitate bat . Hau da testuaz adierazten duena eta badagoela beste bat testuan adierazten ez duena baina nere ustetan. Saiatu degun bidea eta geneukan atxikipenarekin ez da bideragarria egitasmo independentista beraz denbora bat(ziuraski luzea izango dena) behar dugu atxekipen gehiago lortzeko.

    Gero , gerokoak.Uste dut hausnarketa-prospekzio egokia dela eta ez duela baztertzen etorkizuneko aldebakarreko iniziatiba besteren egoera edo eta formak adierazi badaitezke ere.

    Baina denbora hori ere hamarkadak izan daitezke…ere bai.

    Eta gure kasuan. Ba antzeko parezido .Konexio eta sinergia gehiago behar ditugu Katalanekin, galiziarrekin, kanariarrekin, espainiar demokratekin, kanariarrekin, egipziarrekin,kanakiarrekin., mundu osoko herrieki.Eraikuntza nazional eta sozialean etsi gabe.

  • Josu naberann 2021-08-09 23:27

    EGOERA IRAULTZAILE DEMOKRATIKOAZ,

    Halako egoeraren erbiak ezustesn egiten du jauzi. Nik uste ez dela denbora kontua. Gehiago dela GUNE KONKRETU BATEN AUKERA AUSAZ/KAUSAZKO ERA BEREAN.

    nik uste dut oraintxe berton dugula aukera aproposena. Egungo BIDEGURUTZE HONETAN krisi eta kontraesan guztiak egin dute bat.

    Iraultzarako pausua emateko unean gauden. Lehen pausoa, noski platerera joaten ematen digutenarekin KRITIKO IZATEA eta argi ibiltzea. Lehenik eta behin, katuari probatzrko ematea. Hobe auzoko katarrari.