Aldarrikapena, gainbehera?

Aldarrikapena, gainbehera? –

Irudipena dut, egungo gizartean, krisi sakon eta luze batetik atera ezinik gabiltzala, eta ez naiz ari krisi ekonomikoaz soilik. Balio material eta materialistetatik harago doan kontua da, dudarik gabe. Gizartearen balioez ari naiz, gizakiarenez.

Aldarrikapen sozial edo soziopolitikoak, baita kulturalak ere, gainbehera bide datoz aspaldion. Irudipena dut inor gutxi mugitzen dela besteren kontuen alde, inor gutxi dagoela prest bere denbora apur bat, eta are gutxiago dirua bada, inoren edota ezeren alde emateko. Niri bost! bihurtu da norbanakoaren bizi-filosofia; jendarterik ez, norbera nagusi.

Aldarrikapena, gainbehera?Lehengoan, independentziaren aldeko kontzentrazio txiki bat ikusi nuen, herri txiki batean, asmo handi bat helburu: Euskal Herriaren independentzia. Bertan kontzentratuak zirenak ez ziren 30etik gora izango, milaka gutxi batzuetako biztanle kopurua duen herrixkan. Ziur nago herri horretan, independentziaren alde edo kontra bozkatzeko aukera emango balitz, askoz gehiago liratekeela aldekoak kontzentrazioan ikusitakoak baino. Baina horiek guztiak ez ziren bertaratu, ez zuten argazkian irten nahi izan, antza. Neu ere ez nintzen kontzentrazioan izan, eta izan, banaiz independentziaren aldeko, baina herrixka horretatik pasatu baino ez nintzen egin, beste norabaiteko bidean, eta ez nintzen bat-batean geldituko parte hartzeko.

Gaur ere ez naiz Bilboko kaleetan izango, eta badakit milaka asko elkartuko direla pentsio duinen aldeko manifestazioan, minutu gutxiren buruan. Bilbon nago, etxean, eta ezer gutxi kostatuko litzaidake zertxobait apaindu eta manifara jaistea, baina nekatuta nago, gogaitu samar, bizitza oso bat aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzeak zeharo nekatu bainau dagoeneko. Bihar ere ez naiz Larrabetzura joango IN-DE-PEN-DEN-TZIA aldarrikatzera, oihukatzera, lagun eta ezagun asko bertan izango direla jakin arren.

Krisi sakon eta luze batetik atera ezinik gabiltza, ala neu nabil? Gizartearen balioak galdu dira, ala neuk galdu ditut neureak? Aldarrikapena gainbehera dator, ala ni neu? Ez dakit, bada.

Nekea, nagia, ezina, dena da bat nigan.

Aldarrikapena, gainbehera?

B E S T E N I A

3 pentsamendu “Aldarrikapena, gainbehera?”-ri buruz

  • Gizartea dago krisi sakon batean murgilduta. Borroka armatuaren amaiera, eta sozlaldemokraten botere hartzea dira horren erantzule. Herria txintxo txintxo egonda, uste zuten zerbait lor zitekeela. Porrot hutsa izan da…
    Lehen batzuk hainbeste ematen zutenez, guk geure buruari ematea ere behartzen genion. Gaur egun ia inor gutxi dago prest, eta prest dagoena kriminalizazio eta bazterketaren aurrean aurkitzen da… Eskerrik asko Otegi

  • Posmodernismo deitutako aro honen ajeak. Ez omen dago egirik, dena subjektiboa omen da. Gure arbasoen bizitzen pilare guztiak pikutara bidaltzen ari dira edozein aitzakiarekin: familia, aberria… Baita baloreak ere: diziplina, lana, sakrifizioa… “Zaharkituak”, “heteropatriarkalak” omen. Dena gure ustezko lider politikoen oniritziarekin (Otegi: “ni ez naiz abertzalea, ni independentista naiz”).

    Bizitzako pilare eta balorerik gabe norbanakoa ahula da telebista eta internetetik jasotzen dituen mezuen aurrean, eta horrek dakar geroz eta gizarte indibidualistagoa, bakartiagoa eta hedonistagoa izatea. Eragina gizarteko eremu guztietan ikus daiteke. Parte hartze eskasa mobilizazioetan, natalitate tasa negargarria, euskararen gainbehera, drogen kontsumo izugarria… dena lotuta dago, eta ez dirudi epe motzean gauzak onerako aldatuko direnik. Ea espabilatzen garen

    • euskaldun bat 2018-03-19 13:07

      Ezin da hobeto azaldu. Modako hitz gaur egun: deseraiki. Dirudienez lehengo ezer ez dago ondo, ezer: hezkuntza sistema deseraiki behar da, familia deseraiki behar da… Gauzak ezin dira hankazgora jarri egun batetik bestera eta jendea segurtasun eske dabil, ez du ulertzen hau guztia eta hortik dator estatu ezberdinetan hauteskundeetan izan diren emaitzak.