Ahaztu barik

Ahaztu barik

Gorka Urbizu sarri gogoratzen da Amaia Egañaz. Zaramako Roberto Mosok esana da egunero oroitzen dela Iosuz eta Juanmaz. Urte batzuk igaro dira Joseba Sarrionandiak Akordatzen lana argitaratu zuenetik. USB batean sartu ezin, eta liburu batean egin zuen Goizalde Landabasok bere Babeserako kopia. Alaitz eta Maiderrek Oroitzak kantua argitaratu zuten lehenengo diskoan. Lokalean saltoka jartzen ginen Lif taldearen Oroimenak kantuarekin. “El olvido está lleno de memoria” esan zigun Mario Benedettik. “La memoria está llena de olvidos” esan zigun Habeas Corpusek. Paco Etxeberria auzitegi medikua da herri honen memoria sendatzen ari den bakarrenetakoa. Jason Bournek ez du gogoan nor arraio den. “Ez dut oroitzen zure logelako afera hura egun argiz edo gauez izan ote zen, baina akorduan dut egun ederra izan zela”.

Ahaztu barikIngelesek “Remember, remember! The Fifth of November” atsotitza darabilte legebiltzarra suntsitzeko konplotak huts egin zuenetik. Memoria arazoak ditu boterean dagoen agintariak: Gasteizen “¡Vamos a tener que emplear las armas! Cambio. ­Gasead la iglesia” esan zuten haietaz akordatzen da, baina ez Bilboko kalezulo batean “entrar con todo” esan zuten horietaz. Kartak ahuspez jarri eta bikotea non dagoen asmatu, horixe da memory gisa ezagutzen den jokoa. Intxaurra memoriarentzat ona zela uste zuten antzina, barneko fruituari garunaren traza hartzen ziotelako.

Roland Barthesek norbere oroitzapenei oles egin eta esan omen zuen haurtzaroa dela existitzen den aberri bakarra. “¿Te acuerdas de Miguel?” galdetu zigun Potatok. Montgomery Burns ez da sekula Homer Simpsonen izenaz oroitzen. Pasaiako sarraskia ahanzturan gera ez dadin, Pasaiako badia izeneko dokumentala egingo dute.  Men in black filmean memoria ezabatzeko gailu bat ageri zen. “¿Es que ya no te acuerdas?, ¡Nos vimos en Berlín!” esan zigun Soziedad Alkoholikak, Israelgo boterearen aurka egindako kantuan. Amonaz, gobaraz, amaz eta alabaz gogoratu zen Maialen Lujanbio txapela jarri berri zuela. Bisitan joaten garen aldiro rappel dioten seinaleak agertzen zaizkigu errepidean. “Gogoratu Txingudi badian gertatu zena”, esan zigun Irungo Baldin Badak. Lantokiko fitxategi batean irakurria: “erosketa zerrenda eginda ez dugu ezer erostea ahazten, baina maiz erosketa zerrenda bera egitea ahaztu ohi dugu”.

Lapurdiko King Mafrundi reggae taldeak oroimen joko bat aipatu zuen Maria kirikitun kantuan. Donibane Garaziko Ikus metal taldeak Ahantzi zure ametsak kantua egin zuen Iparkor bildumarako. Memento filmaren funtsa memoria da: protagonistak etengabe du nor den jakiteko beharra. Gutxi akordatzen dira noizbait auzoko Bodeguilla ostatuaren aldamenean egon zen ikastola klandestinoaz. Urko kantariak “nor nintzen ni?” galdetu zion bere buruari; hortik zenbait urtetara kantua gogora ekarri du 2zio taldeak. Euskal Herriko mendirik garaienaz gogoratzen gara, baina zein da bigarrena? Iraganaren ispilua urratuz, Ura sutan diskoa kaleratu zuen EH Sukarrak. “Ta norbaitek oroituko ditu etorkizunean, ahanzturaren zingira honetan ito dituztenak”.

Marisol Bastidak, Mikel Laboaren alargunak, Memoriak lana argitaratu zuen zendutako senarraren gorabeherak kontatu eta bide batez barrenak askatzeko. “Gogoratzen al dun jaietan mozkortu ginenean?” aipua Ken Zazpik egin zigun ezagun, nahiz eta jatorrizko kantua Lugarrirena zen. “Recuerde: el precio de la vivienda nunca baja”. Oroimenak erretzen diskoa kaleratu zuen Leihotikan taldeak bere 18. urtemuga ospatzeko. Bernardo Atxagak Behi euskaldun baten memoriak zeintzuk ziren jakinarazi zigun. Alberto Barandiaranek Ez zaigu ahaztu liburua argitaratu zuen Argentinako diktaduran arakatzeko.

Bizitako esperientzien produktu logikoak baino ez gara. Eta horrela iristen gara etorkizunera, memoria ariketa bat eginda.

Ahaztu barik Ahaztu barik Ahaztu barik
ahaztura, memoria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude