Agenda betearen sindromea

Agenda betearen sindromea –

Argi geratu zaigu denoi iraila iritsi dela. Jada iragan urrunean geratu diren opor haiekin nostalgiko egongo dira batzuk. Erronka berriei aurre egiteko ilusioz beteta beste batzuk. Kafeinarekin erlazio toxikoa kudeatu nahian beste asko. Eta agenda berri bat erosten beste horrenbeste. Azken kolektibo horren parte naiz ni.

Urtero errepikatzen diren 3 fase. Lehena: agenda erostea. Momentuan 11 zeregin, 5 kezkatzeko arrazoi eta laneko 23 korreo eduki arren, ez dago agendaren erosketa baino gauza garrantzitsuagorik. Prioritatea duen zerbait da. Ezin duzu funtzionatu astelehena 13 dela erakusten dizun orri sorta gabe. Behin agenda erosita egin hasperen lasai. Bizitza erdia soluzionatu duzu. Kitto.

agenda

Bigarren fasea: egunak betetzea. Buruan jada agendan apuntatzeko pare bat gauza dauzkazu. Pendiente daude duela 2 egunetatik. Apuntatu dituzu, kitto. Ez zaizu ezer ahaztuko. Eta orain zer? Zerbait idatzi nahi duzu gainontzeko egunetan. Ostirala: lagunekin pote bat. Larunbata: bazkari bat? Igandea: Erniora. 3 plan egin dituzu ti ta batean. Asteburua beteta duzu dagoeneko. Pertsona okupatua zara bat batean. Interesgarria sentitzen zara. Eta astean zehar?

Irailak eta urtarrilak uste baino antza handiagoa dute. Urtarrilean egiten diren promesa eta erronken diseinu antzekoa egiten da irailean. Oso ohikoak dira “irailetik aurrera osasuntsu jango dut”, “kirola egiten hasiko naiz berriro”edo “spiningen emango dut izena” bezalako esaldiak.

Hortxe ba, boligrafoa hartu eta apuntatu: asteartea eta osteguna kirola. Baina oraindik hutsuneak dauzka zure asteak… asteazkenean zerbait egin beharko duzu… zinera! Ederki. Eta astelehena deskantsatzeko utziko duzu, zure osasun mentala baloretzen duzulako, noski. Noizbehinka deskantsatu behar da. Hori da. Ai… baina agian ona egingo du? Agian hondartzako azken egunak aprobetxatu beharko dira? Bai, erabakita.

Agenda erosi duzunetik ordubete igaro da. Ordubetean hurrengo aste guztia bete duzu. Ordubetean hurrengo asteko ordu guztietan zer egingo duzun erabaki duzu. Pozik zaude. Hirugarren fasea dator orduan: desfasea.

Dei bat jaso duzu, lagun batek kafetxo bat hartu nahi du zurekin, zure “agenda okupatuan” tartetxo bat egingo diozu enpresari “modernito” bat zarelako. (Jetsi zaitez). Benga, astelehenean. Beste dei bat, bilera bat jarri dizute astearte arratsaldean. Amonak sendagilearenera laguntzeko eskatu dizu, asteazkenean. Ostegunean pintxo potea dagoela ahaztu zaizu. Baina enpresari “modernitoak” bezala, iritsiko zara guztira. Pozik baitzaude estresatuta alde batetik bestera.

Igande goizean Erniora? Plana egin zenuen eta familiako baratzean laguntzeko. Asteazken amona eta zinemara? Plana egin zenuen eta kontzertu hartara joateko. Asteartean spining eta bilera? Plana egin zenuen eta pixukideekin erosketa egiteko. Azkenean onartu duzu. Ez zara iritsiko. PUM!

Ez duzu zure agenda berriaz ezer gehiago jakin nahi. Asteko zein egun den esaten dizun orri multzo batek sortutako presioak irabazi egin dizu. Eta bat batean, agenda erosi aurretik zenituen 11 zeregin, 5 kezkatzeko arrazoi eta 23 korreoen presentziaz jabetu zara. Dena gainera erori zaizu eta oraindik iraila da. Agenda madarikatua.

Ez da ezer gertatzen egunak zuriak edukitzeagatik, ez da ezer gertatzen asteburuak hutsik edukitzeagatik. Inprobisatzeko aukera existitzen da, irailan ere. Ez da ezer gertatzen, iraileko hirugarren astean jada objetu ahaztuen txokoan bukatuko luke berdin berdin agendak. Iraileko lehenengo astea urdinez, gainontzeko urtea zuriz, urtero bezala.

Tira, hau esanda Google Calendar betetzera noa.

Agenda betearen sindromea

ZUZEUko erredakzio kide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude