Adaburuen arteko lotsa

Adaburuen arteko lotsa –

Lepo gainean daukagun kilo eta erdiko garunak ematen digu arrazionalitatea, baina hein berean, baita irrazionalitatea ere. Esaterako, lotsa sentimendu irrazionala da; lotsa guztiak ez dira berdinak, pertsonaren, kulturaren, testuinguruaren eta beste hamaika faktoreren arabera aldatu daiteke eta. Baina garunik ez daukan izaki bizidun batek izan al dezake lotsarik? Zuhaitz batek lotsa izan al dezake?

Adaburuen arteko lotsaZuhaitzen arteko lotsa espezie batzuen artean ematen da soilik, eta kasu horietan, arbolen puntetako adarrak eta hostoak ez dira elkar ukitzen. arrailez banandutako errezel bat sortuz. Fenomeno hau, normalean, espezie berdineko zuhaitzen artean gertatzen da, ezberdinen artean ere eman daitekeen arren.

Bitxikeria hau azaldu ahalko lukeen arrazoi fisiologikoa ez dago garbi. Zientifiko ugarik 1920tik hona eztabaidatu omen dute gaia, eta hipotesi aniztasunak iradokitzen duena da espezie ezberdinek mekanismo ezberdinak dauzkate, hala moduzko eboluzio konbergente bat.

Hipotesi batek aditzera ematen du adaburuen arteko lotsa honen atzean dagoena kimatze natural eta elkarreragilea dela. Basoetako altuera handietan haizea indartsuagoa izan ohi da, eta horrek talkak eta urradurak eragiten ditu adarren artean, ikusten ditugun forma zoragarriak sortuz. Frogatuta dago artifizialki ez bazaie adarrei elkar jotzen uzten haizea dagoenean, hauek errezelaren hutsunea betetzen doazela emeki.

Beste hipotesi batek dio hazkuntza noduluek jasaten duten etengabeko urradura dela eta, une batetik aurrera adarrak ez direla gehiago hazten aldamenetara.

Hirugarren hipotesi baten arabera, zuhaitzen goialdeko espazioak harreman zuzena dauka inguruko landareek jasotzen duten argiarekin. Landareek argia fotorrezeptore batzuen bitartez jasotzen dute, eta inguruko landareen hurbiltasuna antzemateko gai dira “argi-gorria” deitzen zaion izpien bitartez, fitokromo fotorrezeptoreari esker. Horrek, argia hobekiago jaso eta aldamenekoarekin ez konpartitzeko, gorantz haztera eramaten ditu adarrak, albokoarekin nahastu beharrean. 

Kuriosoa da zuhaitzen arteko lotsaren kontu hau. Hipotesiak ezberdinak irakurriz, hirugarren hipotesiak sortu du argia nigan, eta bat-batean, Mikel Laboaren “Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak” etorri zaizkit gogora. Aldamenekoa gehiegi babesten badugu, estali, kontrolatu, ez du behar adina argirik xurgatuko, eta ahul geratuko da, txiki, ez-gauza, ez-zuhaitz.

Besteak ez mugatzera mugatuko bagina, giza harremanak errezel zoragarri bat lirateke, adaburuen arteko lotsa bezala.

Adaburuen arteko lotsa

Adaburuen arteko lotsa