Gure gazteak

Gazteak by Gazteaukera

Asko hitz egin da edadean aurrera joan arren gurasoen etxetik alde egiten ez duten gazteen inguruan. Zerbait gaizki egin omen dugu gure belaunaldikoek hori gertatzeko. Desegokia izan da seme-alabei emandako heziketa; nahi izan duten guztia errazegi lortu dute haur eta nerabe garaian; bizimodu erosoegia izan dute; ez dute ikasi bizitza aurrera ateratzeko borrokatu behar dela; guk bai, guk ahalegin asko eta lan gogorrak egin behar izan genituen gaur daukaguna lortzeko; baina haiek erraztasun horretan hezi ditugu eta hara hemen emaitza.

Ez dut esango horrelakorik ez dagoenik. Ez dut ukatuko hainbat gazte oparotasunean bizi direla, euren familietan murrizketak gero eta nabarmenagoak diren bitartean. Eta bada kezkatzekoa.

Baina, horren ondoan, gero eta gehiago ikusten ari garen beste joera bat zabaltzen ari da. Baliabide gutxirekin euren bizi proiektua egiten hasi diren gazteena, hain zuzen. Gurasoenean zeukatena baino askoz gutxiagorekin jarri dira bizitzen. Zenbait kasutan prestakuntza akademiko ona —goi mailakoa batzuetan— izanda ere, euren ikasketa mailari dagokien baino egoera ekonomiko dezente apalagoan bizitzea aukeratu dute. Lan merkatuan aurkitzen duten esplotazio egoerei ezetz esan eta gurpilean sartu gabe, beste era batera jardungo dutela erabaki dute. Eta sistemaren ertzean jarri dira. Eta neurrigabeko kontsumoari uko egin diote. Eta duela urte batzuk botako zutenekin bizitzera animatu dira. Taldean, edo bikotean, edo bakarrik. Epe luzerako planik egin gabe. Aurreikusitako etorkizuna ondorengo hilabete gutxi batzuetara mugatuz.

Kasu bakanak direla pentsa dezakegu, ez baita hori erakusten masa-hedabideetan. Baina holako gero eta gehiago ikusten ditut nik eta hasi naiz pentsatzen ez ote diren izango gizarte justuago baterako atea irekiko digutenak. Zerbait ongi egingo genuen gure belaunaldikook?

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz