400 urteko marrazoa

marrazoa

marrazoa
Argazkilaria: Paul Nicklen

Hori irakurri dut The Guardian egunkarian: badela, ba omen dela, itsasoko ur ilun eta sakonetan, atzera eta aurrera dabilen marrazo bat, eta ez da atzo goizekoa. 400 urte omen dauzka ornogabeak, emea da, eta Groenlandiakoa sortzez; pentsa, Danimarkak bere atzaparrak sartu baina lehenagokoa.

Lau mendez bizirik egon den izaki bat egoteak munduan zer pentsatu handia ematen du. Perspektiba kontua da, finean. Marrazoaren azalean jarri eta geure testuingurutik aztertzen dugu egoera. Nafarroako Erresuma azkenetan zegoela jaio zen; Axularren garaia ere bazen; Erreformaren eta Eliza Santuaren arteko guduak ezagutuko zituen; gure herrian bizitako hamaika matxinada, Matalasena edo gatzarena, esaterako; zenbait euskara entzun eta mintzatu ahalko zituen; Iraultza Frantziarra; ingelesak burdina lapurtzen; karlistada bat, eta hurrengoa; Lehen Mundu Gerra, Primo de Rivera, Errepublika, 36koa, II. Mundu Gerra; berpizkundea, barrokoa, erromantizismoa, surrealismoa eta mila arte korronte; EAJ, ANV, ETA; txistuarekin egiten ziren erromerietatik infernuko auspoa erabilita ospatzen ziren horietara, Ez Dok Amairura, punk musikara… Gaur arte.

Baina gauzak ez direla horrela. Marrazo bat da. 400 urte igaro ditu agerian, igerian, mugimendu ugarian, ehizaren egarrian, elikagaiaren ongarriaren xerka, odolaren usainean. Gainera, diotenez, marrazoek ez dute lo egiten, beraz lau mende daramatza esnai. Horrelako bitxikeriak entzuten ditugunean gizakiak betidanik egin duena egiten dugu, gure hilezkortasunarekin amestu; baina ez dakit ba.

Marrazo honen kasuak erakusten duena da animali guztiok bizirauteko daukagun sen ukaezina; eta gizakiok, gure Arrazoia eta kilo eta erdiko garuna dela medio, batzuetan, dena amaitu eta gure buruaz beste egiten duen animali bakarra garela.

marrazoa